Getxoko Kultur Etxeak martxan jarri du Ramiro Pinilla 7. Eleberri Laburren Lehiaketa, idazle ospetsuaren memoria mantendu eta literatura-sorkuntza bultzatzea helburu dituen ekimena, hain zuzen ere. Horregaz batera, Txiki Baskardo Haur Kontakizunen 7. Lehiaketan izena emateko epa ere hasiko da, DBHko 1. mailako ikasle getxotarren artean sorkuntza literarioa bultzatzeko sustatzeko asmoz.
Lehiaketan parte ahal izango dute egoitza Espainiako Estatuan dutenek, edozein dela ere haien nazionalitatea. Euskaraz zein gaztelaniazko lanak aurkeztu ahal izango dira eta horien luzera 80 eta 120 orrialde artekoa izango da. Testuak jasotzeko epea 2024ko otsailaren 20an amaituko da. Abuztuaren bigarren hamabostaldian epaimahaiak bere erabakia jakinaraziko du eta sariak irailaren lehenengo hamabostaldian emango dira.
Bi sari emango dituzte lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lanentzat, horietako bakoitza 6.300 eurokoa. Halaber, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere jasoko dute irabazleek; azkenengo edizioan, ez zuten euskarazko saririk eman, "jasotako lanek ez zutelako gutxieneko kalitatea betetzen", azaldu dute arduradunek.
Ekimenaren bitartez, Pinillesca taldeak eta Getxoko Udalak aurreko beste proiektu batzuetan hasitako elkarlanagaz jarraitzen dute. Lehiaketaz baliatuta, egilea getxoztarra omendu gura dute, eta baita bere lana ere. Izan ere, bere liburuak sari ugari eta garrantzitsuak lortu dituzte, esaterako Nadal saria, Euskadi Literatura-saria gaztelaniaz eta Narratibaren Sari Nazionala.
Txiki Baskardo lehiaketa
Eleberri laburren lehiaketaz gain, Txiki Baskardo Haur Kontakizunen 7. Lehiaketa abian jarri dute, DBHko 1. mailako ikasleen artean literatura sorkuntza sustatzeko asmoz. Aurreko urteetan bezala, parte hartzeko bi modalitate egongo dira: ikastetxeen bitartez eta deialdi irekian. Kasu bietan finalean parte hartuko duten hautagaiak aukeratuko dituzte. Sari bat izango da hizkuntza bakoitzeko eta irabazleek tableta elektroniko bat jasoko dute. Halaber, finalistei diploma bana emango zaie eta baita Getxoko edozein liburu-dendatan liburuak erosteko 50 euroko txeke bat ere. Deialdi irekian parte hartzeko epea 2024ko otsailaren 20an bukatuko da kasu honetan ere.