Ikastetxe bateko D ereduko 19 familien hizkuntza-politiken inguruko tesia defendatu zuen Garciak joan den martxoan. "Laburbilduz, tesian gurasoen hizkuntza-politikak aztertu ditut: zein estrategia darabilten, zeintzuk diren beraien usteak eta aurrera daramatzaten estrategiak, besteak beste".
Azpimarratu duenez, familia horien artean desberdintasun asko egon arren, seme-alabak euskaraz egin dezaten ahalegintzen diren guraso askoren artean puntu amankomun bat aurkitu du: frustrazioa. Dioenez, "hainbat gurasok uste dute umeak eskolara D eredura eramanda eta beraiek ere etxean euskaraz eginda seme-alabek ere euskaraz egingo dutela, baina aitortu dute ez dela horrela, aurreikuspenak ez direla betetzen".
Bere ustez, umeen hizkuntza-sozializazioan eragina duten faktoreak hainbat dira, gaur gaurkoz hizkuntza ez baita bakarrik gurasoetatik seme-alabetara zuzenean transmititzen. "Onartu behar dugu kontrol falta dagoela hainbat eremutan, ez dela gauza matematikoa eta hainbat faktoreren arabera aldatzen dela", azaldu du Garciak. Halaber, azpimarratu du gurasoen eta umeen nekeak eta frustrazioak kontrako eragin nabarmena dutela prozesuan eta lortzen den emaitza ez dela bilatzen dena: "Helburuak ezin daitezke indarrez lortu, eta saiatu behar gara umeak euskarara erakartzen, haien interesekoak diren ekintzak sustatuz, asertibitatearekin jokatzen, eta ez inposatzen. Zenbat eta estrategia gehiago izan orduan eta aukera gehiago izango ditugu gure helburuak lortzeko".
Urriaren 18an, Muxikebarrin emango duen berbaldian, gai horren inguruan gurasoakaz hartu-emana izaten saiatu gura duela aurreratu du, ezer inposatu gabe beraien kezkak jaso eta aholkuak emateko. "Helburuetako bat da zailtasunen kontzientzia hartzea eta dauden tresnak gure alde erabiltzen ikastea. Adibidez, pantailak baliabide onak izan daitezke, beraien interesekoak diren euskarazko edukiak baliatzen baditugu".
Haurren Aurrean Helduok Heldu
Urriaren 19tik 29ra:
- Hitzaldia: Umeek euskara gehiago erabiltzeko helduon rola eta ipuin kontalaria.
- Aurkezpena Jon Plazaola eta Itsaso Payaren eskutik; esketxak, musika, fotomatoia…
- Pantailak Euskaraz hitzaldia gurasoentzat eta gamer gela.
- Ahalduntze eskolak...
- Egitaraua osorik:
- www.getxoztarrak.eus