Walking football

Walking Lions FC: "Uneotan walking football-a ezaguna ez den arren, suspertzen dagoen kirola da"

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 11a, 11:30

Gurean oso ezaguna ez izan arren, munduan gehien suspertzen ari den kiroletariko bat da walking football-a. Bizkaian, horri hauspoa eman zion lehenengo klubetakoa izan zen Athletic, bere Fundazioaren bitartez. Dozenaka lagun bertan aritu ziren hainbat urtez, lagunartean jokoan eta futbolaren modalitate berezi hau ezagutzen; handik gutxira, baina, gaztaroko oroitzapenetara bueltatu eta lehiakortasunari bide eman guran, hainbat kidek talde propioa sortu zuten, Getxon, Walking Lions FC izenekoa.

Alfonso Arrola taldeko idazkariak, Luis Marquez presidenteak eta Gonzalo Montero presidenteordeak gogoratzen dutenez, 2020an sortu zuten taldea eta, ordutik, askotariko partiduak jokatu dute, Estatu mailan zein nazioartean, baita erakunde ofizialek babestutako Euskal Selekzioan ere.

Noiz eta zer dela eta sortu zen Walking Lions FC taldea Getxon?

2020ko ekainaren 6an sortu genuen; une horretan izena-eman genuen taldea Eusko Jaurlaritzako kirol kluben erregistroan, eta handik urtebetera hasi ginen jokatzen, pandemia zela-eta dena geldirik zegoelako.

© WALKING LIONS FC

Taldeko jokalari gehienak Athletic Fundaziotik zatozte, ezta?

Bai, bertan ezagutu genuen walking football-a. Fundazioaren helburua soziala da, futbolaren modalitate honetan jokatzekoa, baina ez modu lehiakorrean, alegia. Hala ere, bertan geunden hainbat kidek lehiatu nahi genuen, eta leku ezberdinetara jokatzera joan baita ere. Aukera hori proposatu genion Fundazioari, baina ez zuten onartu. Hala, talde propioa sortzea erabaki genuen, eta ez ziguten arazorik jarri; are, beharrezkoa ikusten zutenean gurekin kolaboratzeko aukera jarri ziguten mahai-gainean.

Une horretatik aurrera, jokatzeari ekin genion Estatuko hainbat puntutan, baita nazioartean ere.

Hasierako partidu horietan Athletic-eko ekipamenduagaz jokatu zenuten…

Bai; 2021ean, lehenengo partidua Athletic Club moduan jokatu genuen, Albuferan (Portugal) izandako Eurokopan, baita irabazi ere +60 urtetik gorako taldeagaz, baina estruktura Walking Lions taldekoa zen. Hala ere, handik gutxira, Torroxen (Malaga) izandako Iberian Cup txapelketan Walking Lions moduan aritu ginen, gure jantziekin. Athletic Club gisa jokatu dugun azkenengo aldia 2022an izan zen, urte horretako Eurokopan. Handik aurrera, askotariko partiduak jokatu ditugu Estatu mailan eta nazioartean.

© WALKING LIONS FC

Zelakoa da zuen finantzazioa?

Bidaiei dagokienez, jokalariek euren kabuz ordaintzen dituzte joan-etorriak eta alojamenduak. Hala ere, klubaren gastu estrukturalei dagokienez, gehienetan, taldeak berak ordaintzen ditu, hala nola ateak eta ekipamenduak.

Ateei dagokienez, aipatu beharra dago walking football-erako Euskadin dauden bakarrak ditugula guk; ohikoak baino txikiagoak dira, eta futbol modalitate honetara egokituta daude, neurrira eginda. Orokorrean, Estatuko gainontzeko lekuetan futbol 7ko ateak erabiltzen dituzte.

Getxo Kirolak erakundearen babesa duzue, gainera…

Bai, oinarrizkoa da hori guretzat. Horri esker erabili ahal ditugu Bolue 3 futbol-zelaiko instalazioak, eta txapelketak antolatzerakoan ere laguntza eta babes osoa izan dugu. Hori dela eta, gure jantzietan Getxo Kirolak-en logoa dugu.

Zenbat jokalarik osatzen duzue Walking Lions FC taldea?

Guztira, 22 jokalari gara, bi taldetan banatuta, +50 eta +60, adinaren arabera. Lehenengoan, 10 kide daude, eta 12 bigarrenean, hori dela eta, bi jokalari fitxatzeko lanean gaude 50 urtetik gorako taldea indartzeko.

Martitzen eta eguenetan entrenatzen duzue Bolue 3 futbol-zelaian, eta, jokalariez gainera, Severo Gonzalez Lekue epailearen laguntza duzue. Zein da bere papera Walking Lions FC taldean?

Izugarrizkoa; berari esker jokoaren ordena mantentzea lortzen dugu, baita teknikoki hobetu ere. Gure kasuan, gaur egun, hiru ukitzera jokatzen dugu, hau da, jokalariek ezin dute baloia bere izan hiru ukitze baino gehiagoan eta, horri esker, joko arina lortzen dugu. Hala ere, leku edo txapelketaren arabera hori aldatuz doa, eta, orokorrean, jokoa librea izan ohi da. Hartara, epaile bat izatea garrantzitsua da dena kontrolpean izateko. Izan ere, modalitate honetan ohiko futbolean baino arau gehiago dago, hala nola sarrerak ezin direla atzetik ezta alboetatik egin, ezin da baloia buruaren gainetik altxatu…

Epaileak partidua gidatzen du, baina, entrenatzailerik baduzue?

Bai, Luis Marquezek entrenatzaile-karneta du eta Gonzalo Monterok ibilbide luzea du zeregin horretan. Hala, batek +50ko taldeaz arduratzen da, eta bestea +60koaz. Hala ere, hainbatetan kanpotik ekarri behar izan ditugu entrenatzaileak, hala nola Getxon maiatzean egin genuen txapelketara; kasu horretan, Athletic Fundaziotik etorri zitzaizkigun. Euskal Selekzioarekin aritu izan garenean ere Athleticek utzitako entrenatzaileekin jokatu izan dugu.

"FIWFAk antolatutako Munduko Kopan parte hartu zuen Basque Country - Euskal Herria taldea ez zela ofiziala izan, hori ez zelako Euskal Selekzioa, eta ez du inolako erlaziorik izan aurretik Euskal Selekzioak berak izandako emaitzekin eta ibilbidearekin, eta mota horretako ekintzak ofizialtasunari bakarrik kalte egiten diotela deitoratu nahi dugu"

Urriaren 19an Alacanteko Formentera FC taldearen kontrako lagunarteko partidua jokatuko duzue. Zelan antolatzen dituzue hitzorduok?

Estatu eta Europa mailan talde ezaguna izanda, uneoro heltzen ari zaizkigu gonbidapenak hona edo hara joateko txapelketetan aritzera, eta horietako asko baztertu behar izaten ditugu denbora faltagatik eta gastuak handiak direlako. Hurrengo asteko partiduari dagokionez, haien kontra aritu ginen aurretik han, Seguran (Alacant), eta bueltan hemen beste partidu bat jokatzeko proposamena egin ziguten, Bilbo eta inguruak ezagutu nahi zituztela-eta. Izan ere, kirola izateaz gainera, walking football-ak izaera sozial indartsua du; oso garrantzitsua da partiduen hirugarren denbora. Getxon egin genuen kluben txapelketara gonbidatu genituen, baina taldea garaiz osatu ezin izan zutenez, ezin izan ziren etorri. Erlazio hona dugu haiekin, eta horregatik erabaki dugu partidu hau antolatzea.

Hala ere, nazioarteko txapelketak antolatzea konplexuagoak dira, hilabeteetako lana dago horren atzean, baina gu kanpora joatea jokatzera ez da hain nekeza, kar kar.

Partiduok antolatu edo erregularizatzen dituen erakunde edo federazio ofizialik ba al dago?

Hau, momentuz, ez da errekonozimendu ofizialik duen kirol bat eta, ondorioz, topa ditzakegun erakunde eta federazio guztiak ez dira ofizialak, hau da, norbanakoek sortutakoak dira ekimenak antolatzeko. Adibidez, joan den abuztuan Ingalaterran izandako Munduko Kopa antolatu zuen FIWFA –Federation of International Walking Football Associations­– federazio bat da, baina bere txapelketak sustatzen dituen IWFF –International Walking Football Federation– ere topa dezakegu; zehazki, azken hau bere Munduko Kopa antolatuko du datorren urtean.

Horren ondorioz, Ingalaterran, adibidez, guk dakigula, hiru selekzio nazional daude, eta gurera etorrita, Euskal Selekzioak 16 partidu jokatu ditu, erakunde ofizialek babestuta, +50 eta +60 taldeekin. Esango genuke selekzio hori izan dela bakarra munduan babes ofiziala izan duena. Hala, esan beharra dugu abuztuan FIWFAk antolatutako Munduko Kopan parte hartu zuen Basque Country - Euskal Herria “selekzioa” edo taldea ez zela ofiziala izan, hori ez zelako Euskal Selekzioa, eta ez du inolako erlaziorik izan aurretik Euskal Selekzioak berak izandako emaitzekin eta ibilbidearekin, eta mota horretako ekintzak ofizialtasunari bakarrik kalte egiten diotela deitoratu nahi dugu.

© WALKING LIONS FC

2022an, berbarako, Walking Lions FC taldeko hainbat jokalarik Euskal Selekzioagaz aritu ziren Basque Country International Cup txapelketan, Faduran oraingoan ere, ezta?

Bai, ia jokalari gehienak gure taldekoak ziren. Izan ere, inguruotan bestelako talderik ez badago nondik osatuko da Euskal Selekzioa?

Ekainean Getxo International Walking Football Cup txapelketa antolatu zenuten Faduran. Zelakoa izan zen esperientzia?

Izugarria. Esango genuke Espainiako Estatu mailan antolatu den walking football-eko nazioarteko ekimenik handiena izan zela. Bertan aritu ginen Euskadi, Frantzia, Italia, Portugal eta Espainiako talde bana, streaming bidez eman genituen partiduak, eta harrera oso ona izan zen; dagoeneko bigarren edizio bat antolatzeko gonbidapena egin digute. Hori ezinezkoa izango zen Getxo Kirolak-en eta lortu genituen babesleen laguntzari esker. Gure taldea txapeldunordea gelditu zen, eta Udala badirudi oso pozik gelditu dela. Helburua da hurrengo edizioan zerbait handiagoa egitea, baina pasatu barik.

Faltan botatzen duzue liga bat izatea inguruotan gehiago jokatu ahal izateko?

Bai, liga bat osatzeko talde gehiago izatea positiboa litzateke, gertuago jokatu ahal izango genukeelako, jarraikortasun handiagoarekin eta gastuak murriztuta. Hala ere, zoritxarrez, momentuz ez dugu ikusi talde gehiagorik inguruotan. Badirudi uneotan iniziatibak hasi direla hainbat lekutan ildo horretan, hala nola SD Plentzian.

Zelan ikusten duzue walking football-aren etorkizuna?

Suspertzen ari den kirola da, eta nahiz eta honetaz berba egiten dizuten lehenengo aldian erakargarria iruditu ez arren, behin probatuta harrapatzen zaitu. Beti esaten dugu probatu beharrekoa dela, ezagutzeko. Gainera, kutsu soziala garrantzitsua duenez, 25-30 urtera bueltatzea bezala da.

Kontaktua dugu talde eta federazio askorekin, eta mugimendu handia dago. Ziur gaude hemendik bi urtera edo gauzak asko aldatuko direla eta ofizialki errekonozimendua izango duela. Horri esker, guztiz arautuko da eta iniziatiba partikularrak desegingo dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun