Hilabete barru ospatuko dituzue Algortako Hezetasunako jaiak, eta horiek antolatzeko kolaboratzaile-sarea handitu gura duzue. Zer egoera bizi du gaur egun jai-batzordeak?
Gaur egun, 6 kidez osatutako dago jai-batzordea, eta hainbat laguntzaile ditugu jaietako egunetan dena aurrera eraman ahal izateko. Halere, jaiek gero eta ekintza gehiago dituzte eta horietako askok guk antolatzen ditugu, kanpoko enpresarik gabe. Hori dela eta, laguntzaile gehiagoren bila gabiltza.
Sare horren eginkizuna zein izango litzateke?
Jaiegunetan egingo diren ekintza ezberdinetan laguntzea. Adibidez: umeentzako jolasak eta tailerrak, txorizo-jana, txokolate-edana, herri-bazkaria, azoka, …
Zelan doaz antolaketa-lanak?
Gutxi gora behera dena dago jada antolatuta. Orain, azken orduko lanak eta detaileak geratzen zaizkigu.
Noiz izango duzue egitaraua prest?
Egitaraua badago prest!
Zerbait aurreratzerik duzue?
Aurten kontzertu interesagarriak izango ditugu. Alde batetik, bertoko taldeak, Nazka, Arene 6, Bidean erromeria eta La Mara y Jose de Arte; eta beste alde batetik, euskal talde mitiko bat: Urtz.
Horretaz aparte, aurtengo herri-bazkariak sagardotegi menua izango du, kupelak barne; gainera, umeentzako menua eta menu begetarianoa ere egongo da. Txartelak salgai egongo dira Mabe eta Gurea tabernetan, azaroaren 3ra arte.
Eta azkenik, domeka goizeko azokan inoiz baino artisau-postu gehiago egongo dira.
Aurten, non izango dira jaiak?
Iaz bezala San Nikolas Ikastolan, auzoko kaleetan eta Arene kaleko zabaldegian; azken horretan karpa handia egongo da.
Zer harreman du jai-batzordeak auzoagaz?
Orokorrean, harremana ona da. Jaietan laguntzen duten gehienak auzokoak izan ohi dira.
Auzotarrek zer balorazio egiten diete jaiei? Hartu-emanak izan dituzue urteotan guztiotan?
Balorazioa ona izaten da orokorrean; jendearen jarrera positiboa da. Pixkanaka-pixkanaka jaiak handitzen doaz eta auzokideak pozik dabiltza auzoa girotuta dagoelako jaiegunetan.