1.000 lagun baino gehiago mobilizatu ziren atzo, martitzenean, Algortako erdigunean Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Manifestazioa egin zuten, Telletxe plazatik abiatuta eta, ondoren, deitzaileek deitoratu zuten lehendik ere gogorra zen egoera gordindu egin dela Palestinan, eta oraindino ere are lazgarriagoa izan daitekeela: "Gatazkaren eskaladak sarraskia areagotu besterik ez du egingo".
Salatu zutenez, Israelek "Hamasen aurkako gerra" deitu zuena Palestinaren aurkako erabateko gerra bihurtu da eta, hori dela eta, egungo egoeran su-etena ematea "premiazkoa" dela azpimarratu zuten, baita Gazako zerrendaren blokeoari amaiera ematea eta negoziazioak hastea ere, "indarkeria-eskalada gelditu eta heriotza gehiago saihesteko".
Horrez gainera, atzera begira egin zuten mobilizazioaren deitzaileek: "Oraingo eskalada hau ezin da ulertu urteetan Palestinaren okupazio militarra aintzat hartu gabe. Palestinako herria okupaziopean bizi da duela 75 urtetik, eta giza eskubideen urraketa etengabea eta sistematikoa jasan du, eta jasaten ari da". Ildo horretan, gogoratu zuten mugen itxiera, mugikortasunerako murrizketak, funtsezko baliabideen blokeoa, beren lur eta etxeetatik kanporatzea, atxiloketa arbitrarioak eta harresiaren eraikuntza direla Israelgo gobernuak palestinarren aurka erabiltzen dituen nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketetako batzuk. Are, deitoratu zuten Gazan horixe dela duela 15 urte baino gehiagotik "giltzapetuta" daramaten bi milioi pertsonen egunerokotasuna. "Izan ere, Gazako kasu zehatzean, 2007tik Israelen okupazioak blokeo bat ezarri du lurrez, itsasoz eta airez, eta horrek larrialdi humanitarioa eragin du; ondorioz, Nazio Batuen Erakundeak eremu bizigaitzat jo du, bizitzarako oinarrizko baliabideak eskuratzeko ezintasunagatik".
Horren guztiaren aurrean, Europa jomugan jarri zuten atzoko protestan, berea baden ardurari uko egiten jarraitzen duelakoan: "Israelen defentsarako eskubidea arrazoi nagusi gisa erabiliz, egiten ari den gerra krimenen aurrean beste alde batera begira ikusten ditugu europar agintariak. Argi diogu, Europan bizi garen pertsona garen heinean: gure izenean ez! Palestinar herriari giza laguntza emateaz gain, Israelekiko presioa areagotzera eta oinarrizko giza
eskubideak defendatzera bideratu beharko lituzkete euren indarrak, eta ez beste ezertara".
Hala, nazioarteko komunitateak Israel eta Palestinaren arteko gatazkan esku hartu behar duela azpimarratu zuten, gatazkari berari irtenbidea emateko modu bakarra delakoan. "Zehazki, nazioarteko komunitateak Israelgo estatua Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak betetzera behartu behar du, baita Gazaren aurkako ia bi hamarkadako legez kanpoko blokeoarekin eta Israelek ezarritako sistema genozidarekin amaitzera ere".
Gatazka politikoa delakoan, elkarrizketaren bidez soluzio politikoak bilatu behar direla adierazi zuten manifestazioaren amaieran, "soluzio justu eta demokratikoak". Horretarako, negoziazioak gatazkaren muinari heldu behar diola azpimarratu zuten, eta horretarako Palestinaren okupazioagaz amaitzea eta Palestina estatu subirano izateko eskubidea bermatuko duen bake-prozesua abian jartzea proposatu zuten.