Getxoko Udalak jakinarazi duenez, Jabekuntza Eskolaren ikastaro gehienek itxaron-zerrenda dute, "eta emakume batzuek batean baino gehiagotan ematen dute izena, edo ikasturtean zehar hainbat arrazoirengatik joateari uzten diote". Hala ere, azpimarratu du, "historikoki", euskarazko ikastaroak ez direla betetzen, eta askotan ezin direla aurrera atera emakumeen faltagatik.
Aurten, baina, EH Bilduk zabaldu duenez, Jabekuntza Eskolaren euskarazko ikastaro bietan 67 pertsona gelditu dira itxaron-zerrendan, zehazki, 13 twerk (booty dance) tailerrean eta beste 54 chi kung tailerrean. Azken horri dagokionez, Udalak aitortu du arrakasta handia duela, "bai iaz, bai aurten".
Twerk dantzari dagokionez, aldiz, Udalak adierazi du ez dela ikastaroa bete eta 30 urtetik beherako emakumeei soilik dagoela zuzenduta, "gune horietan emakume gazteen parte-hartzea bultzatu nahi delako". Hala ere, koalizio abertzaleak HIRUKAri azaldu dionez, udal-dokumentuetan 13 pertsona daude itxaron-zerrendan, eta beste zazpi onartutakoen zerrendan.