Beste Bi plataformako gizarte-erakundeek deituta, etxerik gabeko pertsonen ahotsa aldarrikatzeko eta horien egoera ikusgarriagoa egiteko mobilizazioa egin zuten atzo , eguenean, Etxerik Gabeko Pertsonen Egunean.
Urtero egiten duten mobilizazioa izan zen atzokoa eta, oraingoan, "Partekatu zure sarea" goiburuaren pean egin zuten. "Gure leloak, bere sakonean, pertsonen eguneroko harremanak lotzen dituen lotura irudikatu nahi du, afektuak eta laguntza partekatzeko eremua; elkartasuna eta, batez ere, gizatasunarena", azaldu zuten.
Algortan batzeaz gainera, EAEko beste hainbat udalerritan egin zuten agerraldia, politikoei eta herritarrei euren mezua ahalik eta modurik ozenenean helarazteko. Izan ere, gogoratu zuten, gizarte gisa, arazo larri horren aurrean kontzientzia sare bat sortu gura dutela.
2022ko urrian egindako azken azterketaren datu ofizialen arabera, 3.380 pertsona daude EAEn bizitegi-bazterketa larrian, hau da, ez dute etxebizitzarik. "Honek, pertsona hauek kaleko bizitzaren egoera txarretan eta arriskuetan bizirik irautera behartzen ditu", azaldu zuten. Gaur egun, ordea, kopuru hori are handiagoa dela azpimarratu zuten. "Benetako giza tragedia da, zeina zenbat eta handiagoa den, orduan eta ezmoralago bihurtzen den gizarte-larrialdia da. Ahulenen beharrei erantzuten ez dien gizartea porrot egin duen gizartea da", salatu zuten Algortan.
Laguntzak jasotzeko ezintasuna
Larrialdia, gainera, are okerragoa da pertsona haien artean, azaldu zutenez, etxerik ez izateak zerbitzu publikoko prestazio eta baliabide batzuk ezin eskuratzea dakarrelako, bazterkeria, bakardadea eta, orokorrean, pobrezia eraginda.
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala gogora ekarrita, gogoratu zuten etxebizitza duin bat eskuratzea denon oinarrizko eskubidea dela, "eta ongizate-estatua mantendu nahi duen edozein gobernuko gizarte-politiken erdigunean egon beharko luke".
Politikarien lana mahai-gainean jarrita, deitoratu zuten gobernuen politikek ez dutela arazoa konpontzen eta, hori arindu beharrean, egiturazko arazo bihurtzen ari dela. Horren aurrean, "politika ausartak" aldarrikatu zituzten, "etxebizitza-politikei dagokienez aldaketa erradikalak eta sortzaileak antolatzeko. Jada ez digu balio garai batean balio izan zuenak, esperientziatik ikas dezagun, baina ez ditzagun eraginkorrak ez direla frogatu diren ekintzak errepikatu", adierazi zuten.
Hartara, etxerik gabeko pertsonen kolektiboak dituen beharrei modu integralean erantzuteko gai izango diren estrategiak landu ditzatela eskatu zieten erakunde publikoei. Bitartean, baina, kalteberatasun-egoeran dauden pertsona horiei laguntza emateko sare "malgu eta proaktibo" bat sortzeko deia egin zuten.