Egunero, minutu bat inguruko iraupena duen joan-etorri berbera egiten du Amaia Martinez Aros gidariak. Hala ere, ez zaio bidaia aspergarri egiten: "Bezeroakaz ditudan elkarrizketa laburrek eguna eramangarriagoa egiten didate", aitortzen du.
Areetako gasoliozko batelaren edo "gasolinoaren" gidaria izan baino lehen, Bilboko ibai-garbiketako zerbitzuan lan egin zuen. «Katamaran txiki batean Bilboko ibaiko zaborra biltzen nuen», dio. Aitzitik, aurtengo urtarrilean, gasolinoan lan egiteko deitu, eta eskaintza onartu zuen. Harridura eta poza sumatu zuen bezeroen artean emakume bat ikusi zutenean ontzia gidatzen: "Bazen garaia!, esan zidaten". Hala, nahiz eta hasieran lana zaila egin zitzaion, gaur egun gustura eta konfiantzaz aritzen dela baieztatzen du: "Hasieran urduri jartzen nintzen, jendea niri begira zegoela sentitzen nuelako, eta oso azkar sartzen nintzen kaira".
Denborak aurrera egin ahala, esperientzia hartu du, eta ohiko bezeroak ezagutzen hasi da: "Badakizu nor den serioa, nork agurtzen duen beti, nor dagoen triste... Batelaren mundua soziala da oso, gizartearen baremo bat da". Hala, bere lanean gehien gustuko duen gauza jendearekiko hurbiltasuna da. Bizkaia Zubiagaz alderatuta, batelak «gizatasuna» sustatzen duela uste du Martinezek: "Zubia ireki eta ixten den makina bat da, eta berdin zaio lanera berandu iristen zaren ala ez. Gaur egun, oso aseptikoa eta teknologikoa da dena".
Era berean, uste du bere bidaiariek kontzientzia asko dutela gasoliozko txalupa hautatzeko momentuan: "Kontsumitzaile gisa aukeratu dezakezu txanpona non sartzen duzun, batelean edo zubian. Azkenean, 300 urteko antzinatasuna duen garraioa da gasolinoa, eta ez genuke hori galtzen utzi behar. Gure tradizioaren parte da".