Zein da emakume kurduen egungo egoera?
Emakume kurduak ia 45 urtez prestatu eta antolatu dira hurrengo filosofiagaz: "Emakume askea gizarte askea da, eta gizarte askea herrialde askea". Hori errealitate bihurtzeko borrokatu dute, pentsamolde nagusiaren, estatu-nazioen pentsamoldearen eta emakumeak boteretsuak ez direla dioen ideiaren aurka. Borroka horietan, batetik, emakumeen borondatea erakusten saiatu dira eta, bestetik, borroka horiek alor guztietan eramateko erakundeak sortu dituzte, horiek errealitate bihurtzeko. Horiek guztiek eragin handia izan dute gizarte kurduan.
Oro har, esan dezakegu emakume kurduek aurrera egin dutela kontzientziarantz eta beren buruaren ulermenerantz, bai praktikan, bai borondatearen eraikuntzan. Beste era batera esanda, energia bat sortu eta mobilizatu bada ere, energia hori oraindino ez da bihurtu ulermen, kontzientzia eta borroka modu bat, oro har guztientzat eskuragarria.
Izan ere, pentsamolde txobinistak nagusi izaten jarraitzen du. Emakumeek indarkeria fisikoa eta femizidioak jasaten dituzte edonon daudela ere. Erresistentzia handia denean, eraso genozidak ere areagotu egiten dira. Hala, emakume kurduek bizitzako arlo guztietan jarraitzen dute borrokan genozidio politiko eta kulturalen aurka Kurdistango lau tokietan.
Beste puntu geografikoakaz alderatuta, zer indarkeria espezifiko jasaten dituzte emakume kurduek?
Nortasuna, hizkuntza, eskubide kulturalak eta existentzia aitortzen ez zaizkion herrialde baten alabak gara. Mundu gerra bietan aberastasunak ustiatzeko lau zatitan banatu zuten lurralde bateko alabak gara, zeinetan ez diren faltatu gerrak, kanporaketak, jazarpenak edota sarraskiak. Indarkeria mota guztien aurka dauden emakumeek pentsamolde maskulinoa duen estatu-indarkeria jasaten dute. Bereziki, Turkiak eta Iranek emakume kontzienteak hil, atxilotu eta torturatzen dituzte espetxeetan eta kaleetan. Emakume askok beren lurretatik migratu behar izaten dute, era guztietako teknikakaz hornitutako armadek beren bizi-eremuak bonbardatzen dituztelako. Ingurune ezezagunetan bizi behar izaten dute, eta ingurune horietara ohituta ez dauden bizitzak eta nortasunak izaten dituzte. Bestalde, haiek kolonizatzen saiatzen dira, gosearen eta pobreziaren bidez beren borondatea hautsiz.
"Jin, Jiyan, Azadî" edo "Emakumea, Bizitza, Askatasuna" da Emakume Kurduen Mugimenduaren leloa. Zer esan nahi du?
Irango estatu-indarrek Jîna Amînî hil zutenenean, hainbat protesta egon ziren, eta lelo hori zen nagusi. Horren sortzailea da Abdullah Öcalan, herri kurduaren liderra. Ildo horretan, Öcalanek nabarmendu zuen emakumea askatu egin behar dela bizitza libre bat gura badugu. Erresistentzia ez ezik, sistema berri bat eraikitzeko borondatea, indarra eta antolakuntza ere esan gura du. 1980ko hamarkadaren amaieratik gaur egunera arte, Kurdistanen Jin eta Jiyan hitzek sustrai bera dituztela adierazi zuen liderrak, baina sistema matxistek bi termino horiek elkarrengandik urrundu dituzte, emakumeak eta bizitza aldenduz. Pertsonen historiaren sorlekuan, emakumeen nortasuna eta bizitza galdu diren lekuan, askapena esan gura du.
Emakume Kurduen mugimendua ekologian, demokrazian eta emakumearen askapenean oinarritzen da. Nola lotzen dira hiru alderdi horiek?
Konfederalismo demokratikoaren hiru zutabeak dira. Ekologiari dagokionez, gaur egun gizakiaren eta naturaren arteko harremana hautsi egin da. Sistema kapitalistak guztiari bere esentzia kentzen dio, isolamendua sortuz eta hori bere onurarako bakarrik erabiliz. Natura nahikoa izan da gaizki tratatua eta erabilia: lurrikarak, uholdeak eta luiziak dira horren guztiaren emaitza. Hala, natura gizakiaren indarkeriaren aurkako matxinada da. Modu horretan, emakumeen mugimendua ahalegintzen da naturaren eta gizakiaren arteko harremana behar bezala islatzeko kontzientzia sortzen eta hura ere biziberritzen.
Bestetik, kapitalismoak emakumeei eragin die, izan ere, merkantzia gisa erabili zituen bere sistemaren objektu estilistiko gisa. Baina emakumeek bizitza ordezkatzen badute, garrantzitsua da ikustea zein izan den emakumeen rola historian zehar eta gizarteetan izan duen energia, hori noiz eta non galdu den identifikatu ahal izateko. Emakumea eta berak sortutako energia berreskuratzea, gizonezkoek menderatutako pentsamoldearen aurka borrokatzea litzateke.
Horrez gain, demokrazia ere garrantzitsua da: naturaren eta gizakien arteko, gizonen eta emakumeen arteko eta era guztietako desberdintasunen arteko harremanak zenbait printzipioren arabera antolatzen ditu. Emakumeen mugimenduak urteak daramatza borrokan emakumeen askapenaren ideologiaren bost printzipioen barruan: lurrarekiko atxikimendua, pentsamendu askea, antolaketa, borroka eta estetika.
Uste osoa duzue emakumea askatuz gizartea eralda daitekeela, eta ez alderantziz. Zergatik?
Emakume libre batek gizarte libre bat bakarrik gida dezake. Horretarako, emakumeak boterearen ikuspuntu nagusitik eta pentsamolde estatistatik urrundu behar dira intelektualki. Emakume bat ez da alderatu behar gizon bategaz. Bere botereaz eta bere indarraz fidatu beharko luke. Antolatzen eta ahalduntzen diren emakumeek bizi diren gizartea eralda dezakete. Ez dugu ahaztu behar bost mila urteko pentsamolde subiranoak oso egitura sakona sortu duela beren buruengan. Horregatik, garrantzitsua da emakumea eragin horretatik askatzea. Bere eginkizunak lehen planora pasatzen direnean, ikusten dugu nolako eragina duen gizartean.
Nola antolatzen zarete askapen hori lortzeko?
Hezkuntza oso garrantzitsua da. Aztertu, borrokatu eta bizi den mugimendua gara. Beste era batera esanda, teoria eta praktika lotzen ahalegintzen gara. Horren truke prezio bat ordaindu behar badugu, ordainduko dugu. Baina auto-antolaketari garrantzi handia ematen diogu. Emakumeak antolatu, beren erabakiak hartu, planak egin eta ekintzak gauzatzen dituzte. Antolaketaren funtsezko printzipioetako bat autodefentsa da. Emakumeen autodefentsa eta borondatea eredugarriak dira okupazio-indarren aurrean. Beharbada, beste emakumeen mugimenduakaz alderatuta, horrek ezberdintzen gaitu: edozein indarkeria motaren aurkako autodefentsa egiten dugu. Ez da armak altxatzea bakarrik, esaten den bezala. Indarkeriatik babestea, zentzu orotan borondatea izatea eta modu antolatuan jardutea da autodefentsarik handiena.
Zer desberdintasun aurkitzen dituzu Mendebaldeko eta Ekialde Ertaineko emakumeek bizi dituzten zapalkuntzen artean?
Erlijioak sinesmen soziala izateari utzi eta Islam politikoaren izaera hartu zuenean, ondorio negatiboak izan zituen gizartean. Hala, emakumeen borondatea aintzat hartzen ez duen ikuspegia garatu da, haiek mespretxatzen dituena, mugak jartzen dizkiena eta gizarteko mailarik baxuenean kokatzen dituena. Adibidez, Tunisiako parlamentuan sartzen den emakume batek indarkeria fisikoa jasan dezake ganberan. Iranen ikusi dugu emakumeak hil ditzaketela burua hijabagaz estaltzen ez dutelako. Milaka emakume sarraskitu ditzakete kaleetara irteteagatik.
Mendebaldean, aldiz, norbanakoen askatasunak nabarmentzen dira eta emakumea bere esentziatik urrun eta isolatuta dago. Emakumeen arteko konpetentzia dago, bizitzeko era gizonezkoaren arabera zehazten da, eta gizonezko indartsua hartzen da erreferente gisa. Emakumeen aurkako indarkeria oso sotila dago.
Emakumea, isolatuta dagoenez, ez da gai bizi dituen arazoei zentzua aurkitzeko, horiek indibidualizatu ere egiten ditu eta konponbide errazetara jotzen du, arazo horiek zalantzan jarri gabe. Maskulinitatearen gainean eraikitako sistemek isolamendu politika bat garatu dute, bizi dituzten krisiak estaltzeko. Modu horretan, emakumeak bakarrik, desantolatuta eta zatituta daude, beti elkarren artean lehiatuz eta bizitzatik oso urrun. Hala, Ekialde Hurbilean emakumeen askatasunarengatik borrokatzen dugu, baita gizartearen askapenaren alde ere; Europan, berriz, indibidualismoaren borrokara kondenatuta dauden gizarteak daude.
Ekialde Ertaineko testuinguruan, zein antzekotasun dituzue palestinar emakumeakaz? Eta ezberdintasunak?
Berdintasunen aldetik, gizonen pentsamoldea ordezkatzen duten nazioek okupatutako lurraldeetan bizirauten dugun herriak gara. Halaber, emakumeen gizarte ekologiko eta liberal demokratikoak batzen gaitu, mundu osoko emakumeen borroketatik ikasgaiak ateratzeak, eta baita emakumearen zientzia den "Jineolojia" ulertzeak ere. Aitzitik, emakume kurduak okupaziopean bizi dira lau estatu desberdinetan, eta gaur egun genozidio bati aurre egin behar izaten diote: kulturala, erlijiosoa, linguistikoa eta fisikoa. Halaber, egunero bonbardatzen dituzte ezer esaten ez duen munduaren begien aurrean Herri hori borroka odoltsua egiten ari da Siria, Irak, Iran eta Turkia bezalako estatuen eta gizonezkoen pentsamoldearen aurka. Emakumearen askapenean oinarritutako sistema ekologiko eta demokratikoa eraiki nahi duen herria gara, mugarik gabeko mundua, baina desberdintasun guztiak aitortuak izango dituena.
Palestina, bere aldetik, Israelen okupazioaren aurka borrokatzen ari da. Nazio Batuetan onartua dago, eta emakumeek pentsamolde matxistaren aurka borrokatzen dute. Hala ere, oraindino badute estatu-nazio bat izateko eskaria.