A30 greba feminista orokorra

Denon bizitzak erdigunean kokatuko ditu zaintza-sistemaren greba orokorrak

Nahia Martinez Gondra 2023ko aza. 3a, 15:31

Uribe Kostako mugimendu feministak hainbat bilera egin ditu A30eko greba antolatzeko.

Mugimendu feministak zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko aldarria egin du: azaroaren 30ean greba feminista orokorra deitu du Hego Euskal Herri osorako. Hamaika kolektibok bat egin dute ere.

Hamaika kolektibo, eragile sozial eta sindikatu batu dira Hego Euskal Herriko mugimendu feministak gidatutako azaroaren 30eko greba feminista orokorrera. Greba hau, ordea, pandemia garaian hasi zen lanketa eta prozesu oso baten parte da. 2022ko otsailean, Gasteizen elkartu ziren hainbat kide feminista Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa ezaugarritzen hasteko. Hala, Denon Bizitzak Erdigunean dinamika aurkeztu zuten epe ertain-luzeko prozesu gisa: helburu nagusia da egungo zaintza sistema eraldatzea.

Halaber, herri akordio bat osatu dute hainbat eragile sozial, kolektibo eta sindikatugaz batera zaintza eskubide kolektiboa lortzeko xedeagaz. Hala, denek batera, EAEko eta Nafarroako gobernuak interpelatu gura dituzte. Gerora, negoziaketa edota eraikuntza fase bat irudikatzen dute, aldarrikapen horiek egikaritzeko eta hitzarmenak osatzeko.

Uribe Kostako mugimendu feministak ere eskualde mailako asanbladak egin ditu kide guztien artean koordinatzeko eta saretzeko. Urrira arte, bilera ezberdinak egin dituzte prozesuaren eta grebaren oinarriak ezartzeko. Hala ere, mobilizazio orokorra izanik, denak batu dira antolaketa marko nagusietara. Urriaren 7an, Hernanin aurkeztutako Herri Akordioa abiapuntu hartuta, greba komite mistoak sortu dituzte herriz herri, eta auzoz auzo. "Grebaren bidez, gaur egungo sisteman nork, nor, noiz, zergatik eta zeren truke zaintzen dugun bistaratzea da helburua, bakoitzak bere gain dagoena eginez eta erakundeei dagokiena exijituz; denon bizitzak erdigunera ekartzeko bidean", azaldu dute. 

Hala ere, greba feminista orokor bat antolatzeko prozesuan zailtasunak daude: "Orain, erronkarik handiena da aliantzak egitea, dibertsitatea ulertzea eta uztartzea. Eroso bizi diren horiek —oro har, gizonak— mobilizaraztea, zaintzaren gaia guztioi dagokigula ulertaraztea, eta horretan dihardugula, indarrak dosifikatzea eta ez etsitzea. Era berean, zaintza-sektoreetako langileen borroka eta gatazketatik ikastea ere badagokigu, elkar aitortu eta zaintzea", onartu dute. 

Halaber, gizonek ere ardurak hartu, eta prozesuaren baitan kokatzeko beharra nabarmendu dute. "Protagonismorik gabe, baina aktiboki parte hartzea dagokie. Esan bezala, zaintzek denok zeharkatzen gaituzte, eta, beraz, hori ulertzetik eta ikuspegi horrekin posizionatu behar dira". Hala, azaroaren 30eko grebagaz espero dute zaintza esparru osoa problematizatzeko bidea zabaltzea: "Guretzat oso garrantzitsua da greba egunaz haratago joatea; alegia, greba eguna mugarria izango da, baina lehenago eta ostean sortuz goazen aliantzek eta sareek epe luzera begirako borroka-ziklo baterako ongarri izango dira. Grebaren antolakuntzaren baitan eta aldarrikapenen zirimola horretan, kolektiboak elkartu eta helburu berdintsuen alde borrokatzen jarraitzea espero dugu". 

Era berean, argi dituzte zeintzuk diren euren helburuak: "Eskubideen aitortza, borroka agerian jartzea, gure arteko saretzea eta kontzientziak astintzea dira gure xedeak. Eta, noski, erakunde publikoak gurekin esertzea, gure aldarrikapenak mahai gainean jarri eta defendatzeko". Hala, koordinatzen eta lanean jarraituko dute zaintza denoi dagokigun erantzukizuna dela erakusteko, baita zaintza-sistema publiko komunitario bat eraikitzeko ere.

Eskubidea eta erantzukizuna

"Modu eta maila desberdinetan bada ere, denok eta bizitza osoan zehar behar dugu zainduak izan, eta, beraz, zaintzarako eskubidea izan behar du pertsona orok. Baina eskubidea ez ezik, denon betebeharra ere bada. Zaintzen birbanaketa aldarrikatuko dugu, zaintzarako eskubide eta erantzukizun kolektiboaren aldeko apustua eginez. Horrek, beraz, egungo zaintza-sistema osoa iraultzea dakar, haren ordez, sistema publiko komunitarioa eraikitzeko. Eta horretan instituzioek ardura handia dute; eskubideen bermatzaile diren heinean, zaintza berrantolatzeko eta demokratizatzeko baliabideak jarri behar dituzte".

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun