Aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala bere azken txanpan sartu da, eta Bilbao Arenan abenduaren 16an egingo duten finalean egongo diren zortzi bertsolarietako lehenaren izena argitu da: Xabat Galletebeitia Abaroa. Beragaz batera egongo diren bertsolariak zapatu honetan Santurtzin eta hilaren 25ean Lemoan egingo dituzten bertso-saioetan erabakiko dira; batetik, hiru finalaurrekoetako irabazleak zuzenean pasatuko dira finalera, eta, bestetik, gainontzeko bostak lortutako puntuazioaren arabera sailkatuko dira.
Zapatuan, txapelketan jarraitzen duten eskualdeko bertsolariek, Jone Uria Albizurik eta Unai Mendiburu Valorrek, aurrez aurre izango dituzte Aitor Bizkarra Ruiz, Bittor Altube Sarrionandia eta Mikel Goiriena Larrazabal.
Saioko gai-jartzailea Igor Menika izango da eta hauek izango dira epaile-lanetan arituko dienak: Ander Arrien Aspiazu, Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga egongo da.
Bertsolariek honako lanak egin beharko dituzte finalaurreko bertso-saioan: hiruna bertso ofiziotan, zortziko nagusian; hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian; hiruna bertso ofiziotan, hamarreko txikian eta ganbarako lanak: puntua emanda bertso bi zortziko txikian eta gaia emanda, hiru bertso, doinu eta neurri librean.
Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian, eta saioaren egunean oraindik sarrerarik balego, Serantes kultur aretoko txarteldegian egongo dira, 16:00etatik aurrera.