Ohar batean Udalak zehaztu duenez, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia betearazteak "ez du inola ere biribilgunea ezabatuko, epaiak bereziki babestutako lurzoruak bakarrik itzultzera behartzen baitu".
Beraz, berretsi duenez, epaia betearazteak hondartzako aparkalekurantz dagoen bihurguneko zoladuraren zati bat murriztea baino ez du ekarriko, “hau da, biribilgunearen diametroa murriztuko da, kendutako zatia berdeguneari emateko".
Udalak adierazi duenez, biribilgunea inguruari “gutxien” eragiten zion eremuan eraiki zuten, garraio publikoaren jarraipena errazteko eta bermatzeko helburuagaz, “Bizkaibus autobus-lineak Azkorri ingurua ematen jarrai zezan".
Ildo horretan, jarduketa eremu horretara joaten diren pertsonen ahalik eta segurtasun handiena bermatzen saiatu zela azpimarratu dute udal-arduradunek, eta, beraz, Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Sailak Bizkaibusek inguruan egin beharreko maniobrak errazteko egindako eskaerei erantzuteko", zehaztu du.
Udalak berretsi du epaia beteko duela, eta ziurtatu du "beti" zainduko duela mugikortasun iraunkorraren irizpidea” nagusitzea, “herritar guztien onerako".