Hiru urteko eta hiru auziren ondoren, Azkorri Bizirik elkartekoek deitoratu dute Getxoko Udalak abiatutako bidea, "biribilgunea legez kanpokoa jakinarazi zitzaion arren". "Zergatik ez zituen aintzat hartu, hitz egiteko eta adosteko egin genizkion proposamenak? Zergatik luzatu du auzia, bidean hainbeste diru xahutuz (denon dirua)?", galdetu diote auzokideek.
Elkarteko kideek azpimarratu dutenez, biribilgunearen auziaren sortzaileak "ingurumen-txosten teknikoen kontra emandako ostalaritzako baimen bidegabeak" dira. Horrez gainera, deitoratu dute Udalaren utzikeria, autoen pilaketak eta nonahi aparkatzeari mugarik jarri ez izanagatik, "eta gainera, Bizkaibusen kexei jaramonik egin gabe urte bitan". Era berean, biribilgunea eraiki duten ingurua babestutako eremua dela ere azpimarratu dute, "ingurumena kaltetuz".
Udalari "legez kontra aritzea" leporatu diote, "nahiz eta hala ari zela jakinarazi genion". Auzia, hala, orain dela hiru urte hasi ondoren, salaketak eta errekurtsoak hainbatetan errepikatu dira, "auzibidean tematu" baita Udala, eta, ondorioz, "herri-dirua xahutu" dela salatu dute auzokideek: "Herritarron dirua erabiliz luzatu du auzibidea. 7.500 euro jarri behar izan ditu Azkorri Bizirikek, herritarren laguntzari esker".
Hori dena dela eta, Azkorri Bizirik elkarteko kideek "estrategia aldatzeko" eskatu diote Udalari, "denon arazoez denon artean hitz eginda, eta irtenbide kolektiboak bilatuta, soluzio txar eta inposatuen ordez".