Azaroak 25

Indarkeria matxistei aurre egiteko arreta eta baliabideen zerbitzuei buruzko gida bat prestatu du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2023ko aza. 23a, 09:29

Amaia Agirre Alkatea eta Carmen Diaz zinegotzia, gida eskuan dutela. © GETXOKO UDALA

Zapatuan, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatuko da eta, hori horrela, indarkeria matxistako egoeretarako udalerrian eskuragarri dauden baliabideei eta zerbitzuei buruzko informazio-gida bat prestatu du Getxoko Udalak. Gida hori askotariko leku publikoetan jaso ahal izango da, baita udal-webgunean ere.

50.000 gida banatuko dituzte, etxebizitzetan, liburutegietan, kiroldegietan, Ertzain-etxean, Udaltzaingoaren egoitzan, HABetan eta beste hainbat tokitan. "Indarkeria matxista emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen handiena da. Gizartean errotuta dagoen egiturazko indarkeria da, era askotakoa izan daitekeena (psikologikoa, fisikoa, sexuala, ekonomikoa, bikarioa, soziala...). Herritarren eskura jarriko dugun gida honen helburua da emakume izateagatik aurre egin behar diegun indarkeria motak biltzea baita euskal erakundeek arreta emateko dituzten baliabide nagusiak ere indarkeria matxista jasaten edo jasan duten emakumeak artatzeko", nabarmendu du Carmen Diazek, Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Bestalde, Udaleko Bozeramaleen Batzordeak Adierazpen Instituzional bat (testu osoa, hemen) onartu du, aho batez, besteak beste, hurrengo konpromisoakaz: indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia eratzea, hobetzea eta indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz; biktima adingabeen inguruan sexu-indarkerien antzematea eta arreta goiztiarra gaitzea eta hobetzea, tokiko koordinazio-protokoloen bidez, eta sentsibilizazio-programak diseinatzea, garatzea eta hobetzea herritarrakaz, eta bereziki gurasoakaz eta irakasleakaz, IGEen bitartez, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.

Bestalde, aste honetan puntu morea duten pankartak jarri dituzte udalerriko eraikin berezietan, horien artean, udaletxean, Santa Claran eta Bizkaia Zubian, eta argiztapen morea jarriko dute Moilako pasealekuan eta hainbat igogailu publikotan. Ildo horretan, Udalak emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko jarreraren sinbolo eta adierazle aktibo gisa den puntu morea jartzera animatu du, "horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean baitago". Horretarako, Berdintasun Zerbitzuak binilozko puntu lilak argitaratu ditu eta horiek Berdintasun Zerbitzuan jaso daitezke, Algortako Urgull kaleko udal-eraikinaren bigarren solairua. Puntu hori duten txapak eta txarteldegiak, Romo Kultur Etxeko, Villamonteko eta San Nikolaseko liburutegietan daude eskuragarri.

Udalerriko eragileen ekintzak

Azkenik, Beldur Barik proiektuaren barruan, Europa eta Azkorri ikastetxeetako 14 eta 17 urte bitarteko gazteek grafiti more bat egin dute, eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren kontzeptuei buruzko hausnarketa-prozesu batean parte hartu dute. Era berean, aste honetan zehar Kukupraka Ludotekak A25aren inguruko ekintzak garatuko ditu, egunaren, kolore morearen eta indarkeria matxistari lotutako kontzeptuak ulertzeko.

Udalerriko entitateek antolatutako jardueren artean, Gizatiar, Romo-Areetako emakumeen gizarte eta kultura elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu (solasaldiak, antzerkia, …) eta hilaren 25ean, bere ohiko kontzentrazioa egingo du Bizkaia Zubia plazako puntu lilan, 19:30ean, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun