Mikel Barcenak, Bizarra Lepoan elkartearen izenean, Getxo bezalako udalerri batean kirolak duen garrantzia eta 15 urte hauetan kirol elkarte bakoitzak egindako ahalegina nabarmendu zituen, "beraz, elkarte bakoitzak izan dezakeen errealitatea kontuan hartuta, urrats bakoitzak, txikia badirudi ere, eragina du taldeko hizkuntza ohituretan. Urratsez urrats, konpromisoz konpromiso, guztion artean Getxo euskalduntzeko bidean gaude ".
Amaia Agirre alkateak, bere aldetik, azpimarratu zuen kirola sustatzen duen gizarteak ongizatean inbertitzen duela, "eta euskara sustatzen duenak gizartearen eskaria betetzen du". Konpromisoak berritu eta elkarlanean jarraitzearen garrantzia ere jarri zuen mahai-gainean, "ziur baikaude kirolak asko eman diezaiokeela euskarari, eta euskarak bide bat duela oraindik kirol arloan, entrenatzaile, kirolari, guraso, klub eta erakunde guztien laguntzarekin".
Bestalde, Getxoko Diskolaris klubeko, Pakea Bizkaia Bela eskolako eta Punta Galea Txirrindulari Elkarteko ordezkariek hartu zuten hitza, hitzarmen mota desberdinak sinatu zituzten kluben izenean. Lehenengoak nabarmendu zuen talde heterogeneoa izan arren, Zaragozako edo Kolonbiako lankideak dituztela euskaltegian euskara ikasten; bigarrenak kirol mundua euskalduntzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta horregatik saiatzen direla hasierako taldeentzat euskal entrenatzaile hiztunak bilatzen, eta hirugarrenak inplementatutako aldaketakaz lortutako emaitza onak goraipatu zituen, hala nola Instagramen jarraitzaile kopurua bikoiztea 2016an argitalpen guztiak euskaraz egitea erabaki ondoren, edo euskarazko harremana modu naturalean areagotzea, hurbiltzen diren familia berriei lehen hitza euskaraz zuzentzeko erabakia hartu ondoren.