eMcumeak lanaren aurkezpenean, Irantzu Uriarte Kultur Etxeko presidenteak "gure sektore eszenikoa babestea helburu duten" horrelako ekimenak gauzatzearen garrantzia azpimarratu du, bai eta konpainien eskura jartzea «espazio eszeniko eta baliabide profesionalak».
Antzezlanak euskal emakumeen sorkuntzaren errealitatea taularatzen du, eta, aldi berean, kulturaren sektorean indarrean dagoen androzentrismoa ikusarazi, kritikari eta eztabaidari ateak irekiz eta emakumeek sortutako euskal ondare eszeniko eta kulturala transmititzen lagunduz. Horretarako, Zelako Kultur Ideiak-ek umore absurdoaren ikuspegitik heltzen dio proiektuari, eta diziplina aniztasunaren aldeko apustua ere egiten du, antzerkia, musika, bertsoak eta ikus-entzunezkoak uztartzen baititu, hitz-jokoak bezalako baliabideak ahaztu gabe.
Umorearen ikuspegitik, emakume sortzaileak kontratatzeko agentzia bat uztea erabakitzen duten bi emakumeren istorioa kontatzen du. Enpresa propioa martxan jarri ondoren, eta lehengo enpresatik jasotzen duten jazarpenaren aurrean, bi emakume ekintzaileek komunikatu bat zabaltzea erabaki dute egoera salatzeko eta, aldi berean, sortzaile berriak aurkitzeko casting bat antolatzea. Lehengo agentziak ez du proiektu honegaz amaitzeko saiakera etengo eta, horretarako, era guztietako amarruak erabiliko ditu, detektibe pribatu bat kontratatu, aipatutako castingean sator bat infiltratu… beti ere ekimena zapuztuko duten trapu zikinak aurkitzeko asmotan.
Harkaitz Cano eta Katixa Agirre idazleak kolaboratzaile aritu dira Olatz Beobidek zuzentzen duen obra honetan. Zuzendariak berak adierazi du ezinbestekoa dela "erakunde publikoetatik sorkuntza artistikoa babestea honelako proiektuak posible egiteko". Halaber, azaldu du berarentzat oso pozgarria izan dela "sortzaile gazteen profesionalizaziorako jauzia errazten duen lan batean parte hartu ahal izatea". Maria Riverok eta Itxasok Paya osatzen dute ikuskizunaren aktore-zerrenda. Azken horrek Getxoko Kultur Etxearen laguntza eskertu gura izan du, baita "gure lana modu duinean egin ahal izateko ematen dizkiguten erraztasun guztiak" ere.