Juana Bizkarra egonaldi artistikoaren hirugarren edizioaren epaimahaiak eMcumeak lana aukeratu du, eta zu aktore arituko zara horretan. Azaldu labur-labur zertan datzan lan hori…
Zelako Kultur Ideiak konpainiaren lehen produkzio serioa izango da eMcumeak ikuskizuna: euskal emakume sortzaileen “macdonalizazioa” agerian uzten duen satira musikala. Oholtza gainean musikan eta antzerkian eskarmentua daukagun emakume bi egongo gara, Maria Rivero eta ni neu. Maria musikari aparta da, 11 disko kaleratu ditu dagoeneko eta laster hamabigarrena argitaratuko du, Lerro paraleloak izenekoa. Nik, aldiz, esperientzia handiagoa daukat antzerkiaren munduan. Ondorioz, gure elkarlanaren emaitza satira musikal bat izango da, Olatz Beobidek zuzenduko duena, gainera.
Zein izango da zure pertsonaia antzezlanean?
Protagonista bi izango gara, eta euskal emakume sortzaileen ikuskizunak kudeatzen dituen enpresa bateko jabearen eta langilearen paperak egiten ditugu ikuskizunean. Ni neu artista handia eta famatua izatearekin amestu ohi duen baina ekoizpenean lan egiten duen langilearen paperean azalduko naiz oholtzara. Pertsonaia dibertigarria da eta berarekin oso ondo pasatzen ari naiz prestakuntza lanetan. Olatz Beobide dugu zuzendari eta izugarria da zenbat laguntzen ari zaigun, kasu honetan, pertsonaien eraikuntzarekin.
Hilabete osoan zehar egonaldia egin ostean, irailaren 29an jendaurreko entsegua egingo duzue eta, azaroaren 26an estreinaldi ofiziala egin aurretik, saio itxietan publikoki aurkeztuko duzue ere irailaren 30ean eta urriaren 1ean, non eta Muxikebarri Antzokian. Berezi egiten zaizu etxean aritzea?
Oso berezia egiten zait. Nire lehenbiziko oholtza Getxo Antzoki zaharrekoa izan zen; 7 urte inguru izango nituen eta piano erakustaldia egin genuen Soinu musika eskolako ikasleok. Gerora, oholtza berean dantzan aritu nintzen hainbat urtez, Ana Rosa Terceroren ikasle fin gisa. Bertsotan ere eginda nago Getxo Antzoki zaharrean, eta baita Muxikebarrin ere. Hala ere, Juana Bizkarra egonaldi artistikoak berezi bilakatu du lehen aldi ez hain berri hau, izan ere, hilabete osoz baliabide ezin hobeak eskaini dizkigute eta etxean bezain eroso ari gara lanean.
"Elkarlan berriak, sare berriak, partekatzea eta elkar ezagutzea ahalbidetu nahi dugu Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketen (BEST) bidez"
Lan horren helburua da euskal emakumeen sorkuntzaren errealitatea mahai-gainean jartzea eta, aldi berean, kulturaren sektorean indarrean dagoen androzentrismoa agerian uztea. Zer egoera bizi du gaur egun emakumeen sorkuntzak?
Mariak eta biok galdera bera egin genion geure buruari eta, erantzun bila, besteak beste, topaketa batzuen antolaketa sustatu genuen Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak (BEST) antolatu genituen iaz eta laster, urriaren 21ean, zehazki, bigarren edizioa egingo dugu. Hau antolatzea barrutik atera zaigun zerbait izan bada ere, argi eta garbi Bizkaian ezinbestekoa, behar-beharrezkoa den ekintza da, eta horrela adierazi digute lehen edizioko parte-hartzaileek. BESTek Bizkaiko emakume sortzaileen konstelazioa irudikatu nahi du kulturgintzaren zeruan, izan ere, sortzaileak izarrak bezain ugariak dira, baina ez dago konstelaziorik. Hau da, sortzaile asko dago baina bakoitza bere bidean; beraz, elkarlan berriak, sare berriak, partekatzea eta elkar ezagutzea ahalbidetu nahi dugu proiektu honen bidez. Iazko topaketan konstelazio baten lehenbiziko koordenatuak zehazten hasi ginen eta, bide luzea badago ere, egoeraren etorkizuna argitu eta norabide onean jar lezake BESTek.
Pandemiatik hona sortzaileak kexu dira aukera gutxi dagoelako aurrera egiteko kulturaren bidetik; egoera zaildu egiten da emakumeen kasuan? Aurrerapausorik egon al da azken urteetan?
Egoera ez dut uste zaildu denik, jadanik zaila baitzen lehendik. Egun, orain dela bi hamarkada existitzen ez ziren erreferenteak existitzen dira, behintzat, eta hori aurrerapauso bat da. Hori bai, bide oso luzea daukagu oraindik aurretik. Iruzurgilearen sindromea plaga bat bilakatu da, esate baterako, eta sortzaile ugari ez da kobazulotik ateratzera animatzen. Plazan ari direnak, lortu dutenak, egunero borrokatzen direnak kobazuloaren bestaldean... horiek erreferente ditugu, eta bide berri bat zabaltzen ari dira. Azken urteetan gero eta gehiago dira oihartzuna izaten ari diren emakume sortzaileak eta, gainera, gero eta kultur esparru zabalagora iristen ari gara.
"Hirugarren aldia da Juana Bizkarra egonaldi artistikoa antolatzen duena Getxoko Kultur Etxeak eta sortzaileontzako aukera paregabea da. Aukera horiei esker gure proiektua ilusioz eta modu duinean atera dezakegu aurrera"
Egonaldi honetan Maria Riverogaz arituko zara aktore-lanetan, eta Olatz Beobide arduratuko da zuzendaritzaz; era berean, Harkaitz Cano eta Katixa Agirre idazleen laguntza izan duzue sormen prozesuan. Zelakoa izan da eMcumeak bezalako obra bat sortzeko lana?
Ideia etorri zen lehenbizi eta oholtza eramateko erabakia ondoren. Maria Rivero eta biok egon gara prozesuaren hasieratik elkarlanean. eMcumeak antzezlana, Eusko Jaurlaritzak, Zinelekuk eta Getxoko Kultur Etxeak diru-laguntza bidez sustatutako ikuskizuna da, eta horiek gabe ez legoke proiektua aurrera eramateko aukerarik. Zelako Kultur Ideiak Kooperatiba Elkarte Txikian jaioberriak gara eta elkarlanean ari gara etengabe, beraz, guk jaso genezakeen edozein laguntzak beste inoren etekina ere badakar. Esan genezake Katixa eta Harkaitz, nolabait, proiektu honen “guraso pontekoak” direla. Izan ere, Zinelekuk proiektu honi saria eman zion eta Garaion Sorgingunean igaro genuen hainbat egun idazle handi biekin batera. Haien aholkuak, iradokizunak, proposamenak, ariketak, etab. islatzen dira gerora garatutako proiektuan. Haien oniritzia jasotzea ahalduntze ariketa magikoa izan zen, bat-batean nor sentitu ginen.
Gerora, Getxoko Kultur Etxeko kultur programazio diru-laguntzara aurkeztu ginen eta horri esker eMcumeak ikuskizuna Muxikebarrin estreinatuko dugu ofizialki azaroaren 26an. Behin olatua surfeatzen hasita, Juana Bizkarra sormen egonaldi artistikora aurkeztu ginen eta horri esker hilabete osoan zehar Muxikebarriko Arrigunaga aretoa eta beste hainbat baliabide eskura daukagu. Hirugarren aldia da Juana Bizkarra egonaldi artistikoa antolatzen duena Getxoko Kultur Etxeak eta sortzaileontzako aukera paregabea da. Aukera horiei esker gure proiektua ilusioz eta modu duinean atera dezakegu aurrera.
"Ezinbesteko funtzioa du transmisioak; jakin behar dugu zein izan diren gure erreferenteak gero erabakitzeko zer bide hartu"
Esan bezala, ez da lehenengo aldia izango Riverogaz lan egiten duzuna, izan ere, Zelako Kultur Ideiak kooperatibako kideak zarete biak. Horregaz, oraingo antzezlana produzitzeaz gainera, Nor da Maurizia ikuskizun pedagogikoa aurkeztu zenuten iaz. Horren gidoilaria izan zinen zu, eta baita aktore nagusia ere. Zer sentitu zenuen Maurizia pandero-jole ospetsuaren paperean?
Esperientzia ederra izan da. Zelako Kultur Ideiak kooperatibako langileok argi daukagu zer egin nahi dugun: kultur sorkuntzarekin egin nahi dugu lan, inguruko aliatuekin elkarlanak bideratu eta gure baloreak (berdintasuna, kulturgintza eta euskara) ukitzen dituzten proiektuetan sakondu.
Ezin da errekonozitu ezagutzen ez dena. Nor izan zen Maurizia? Tiktoker bat balitz, beharbada, umeek ezagutuko lukete baina zoritxarrez, 14 urteko edozein euskal gazteri galdetuz gero ez du jakingo Maurizia nor izan zen. Azkenaldian egia da Maurizia Aldeiturriagaren irudia eta izena indar handia hartzen ari direla, ez izana, ordea, eta Nor da Maurizia? ikuskizuna taularatzerakoan hori izan dugu helburu: nor izan zen azaltzea eta zergatik den gure kulturaren parte. Kultur sortzaile eta eragile gisa eta nire neure irizpideen arabera behintzat, ezinbesteko funtzioa du transmisioak; jakin behar dugu zein izan diren gure erreferenteak gero erabakitzeko zer bide hartu.
Pertsonaia ugari gorpuztu izan ditut, baina Maurizia bezalako pertsonaia baten azalean jartzea erabat berezia izan da. Emakume ausarta, ziurra, koketa, sutsua eta indartsua izan zen; bera interpretatzea opari bat izan da niretzat eta uste baino zipriztin handiagoa utzi dit barruan. Asko miresten dudan pertsonaia da Maurizia, eta berarengandik ahal beste xurgatzen ahalegindu naiz.
Nor zen, bada, Maurizia? Nolabait, aitzindaria izan zen emakumea kulturaren erdigunean jarrita, ezta?
Bai, argi dago. Izan ere, Maurizia Aldaiturriaga Zabala Zeberioko pandero jotzaile ezaguna izan zen. 12 urterekin atera zen plazara lehen aldiz eta, alzheimerrak eraginda panderoa jotzen ahaztu zuen arte, luze aritu zen plazaz plaza. Aupa Maurizia! liburu biografikoa irakurtzen duenak edo Nor da Maurizia? ikuskizunaz gozatzera joaten denak zein estreinatu berri den bere inguruko dokumentala ikustera doanak jakingo du Mauriziaren bizitza pasarte eta pasadizo ederrez beteta egon zela. Nire kuttunenak hiruzpalau dira, esate baterako, egun bakarrean hiru sari irabazi zituen eguna edo Karakol bere senarrari kantatutako koplak. Emakumeak beti egon dira, eta emakumeek beti egin dute, hala ere, zoritxarrez oihartzuna mutuarazita egon da luzaro. Transmisioari esker Maurizia ezagutzeko aukera izan dugu.
Agertokietan eskarmentu handikoa zara zu ere; bertsolari, gidoilari eta aktore. Nondik datorkizu kulturarekiko zaletasun hori?
Paya Ruiztarra da gure familia, berez, eta horri esker jaso dugu plazandre, eszena, sorkuntza eta horrelako kontzeptuekiko ezagutza. Gure aita, Alfredo Ignacio Payá Santamaría, itsasgizona izan zen; denbora gehiago ematen zuen itsasoan etxean baino. Itsasontzian izugarrizko kontzertuak ematen omen zituen, eta etxean ere, atzamar zati pare baten falta bazuen ere, gitarrari sua ematen zion baimena ematen genion gehienetan. Gure amak, Carmen Ruiz Bracerasek, antzerki ikasketak egin zituen eta Estatu mailako sari garrantzitsu bat irabazi zuen aktore gisa. Itsasgizona eta plazandrea, bikote magiko baten emaitza gara Fredi, Xabier eta hirurok. Txikitatik kultura ardatz izan dugu etxean, beraz: antzerkia, musika, hizkuntzak.
Txikitan kontatu eta kantatzen zizkiguten abesti eta ipuinetako protagonistak beti izaten ziren ezohikoak, ikastolako lagunek haiei buruz hitz egiten zenuenean ezagutzen ez zituztenak. Ama aktorea eta aita itsasgizona, ba hori. Bikoteak argi zeukan kultura zehar lerro nagusi izango zutela seme-alabek. Eta nola egin zuten hori? Bada, lehenik eta behin, kulturarekiko maitasuna gugan transmititu zuten eta, ondoren, herriak eskaintzen zuen aukera oro aprobetxatu zuten. Fadura kiroldegia, Soinu Musika Eskola, Getxo saskibaloi taldea, Ana Rosa Tercero dantza eskola, hizkuntza eskola, Agurra dantza taldea, Dantzarte dantza eskola, Andres Isasi musika eskola, ALBE, Pepe Heredia musika eskola, Getxoko Antzerki Eskola, etab. Zerrenda luzeagoa izan liteke, baina horietatik denetatik pasatu nintzen ni, eta ez modu puntualean, baizik eta luze. Kulturaren eta sormenaren Hogwarts partikularra eraiki ziguten Mari Carmenek eta Alfredok hiru seme-alaba muggleoi.
"Itsasgizona eta plazandrea, bikote magiko baten emaitza gara Fredi, Xabier eta hirurok. Txikitatik kultura ardatz izan dugu etxean"
Egin dituzun lan guztietatik, zein nabarmenduko zenuke, eta zergatik?
Irizpidearen arabera hautaketa diferenteak egingo nituzke. Ekoizle gisa, BEST topaketak; aktore modura, Go!azen telesaila; gidoilari, Pedro Olearekin elkarlanean sortutako Zonbi eguna film laburra; bertsolari gisa, aurtengo Señora Sariketan lortutako bihotzaren saria. eMcumeak proiektua da une honetan gehien nabarmenduko nukeena, baita Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikia ere.
Kultur sortzaile gisa, esaterako, azken aldian gidoilaritzan, antzerkian eta musikan aritu izan naiz, batez ere. Eragile gisa, aldi berean, Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikia sortu genuen iaz, eta horretan kultura, elkarlana, berdintasuna eta euskara sustatzen dituzten proiektuak sortu eta aurrera eramaten ari gara. Udazken honetarako, esate baterako, hauek dira esku artean jadanik martxan dauzkagunak: ZeberioK.0 Festibala, BEST II. edizioa, eMcumeak antzezlanaren produkzioa eta estreinaldia eta Koloreka proiektu musikala, besteak beste. Zelakoren lanak aurrera eraman bitartean, kultur sortzaile gisa aktore lanetan arituko naiz eMcumeak ikuskizunarekin alde batetik, eta bestetik, rap-aren mundura ere salto egingo dut nire alderik arabarrenari (zati potolotxo bat), behingoz, leku eginez.
Oso momentu gozoan nago, momentu oso sortzailean eta gozagarrian. Indibidualki zein kolektiboki eboluzioa esponentziala izaten ari da arlo profesionalari dagokionez. Lan pila bat egiten ari naiz eta, gainera, oso gustura nago eszenan zein sorkuntzan, aliantza eta bide berriak eraikitzen. Anarik kantatzen du “behingoz erabaki duzu zauden lekuan geratzea”. Bada, ni abestiaren zati horretan nago: nahi dudan lekuan, nahi dudan jendearekin eta nahi dudan baloreetatik.
"Nire ustez, euskal gizartearen zati batek online aukera hori ukatzen du, eta horrek garapenerako bidea zailtzen du. Hala ere, bai batean zein bestean, oraindik ere, euskararen presentzia sustatu beharra dago"
Orokorrean, kulturak zer egoera bizi du gaur egun? Zein da gaur egun publikoak duen kontsumitzeko ohitura? Oholtzetatik eta plazetatik onlinera salto egiteko beharra dago?
Kontsumitzeko modua aldatu egin da, horretaz ere hausnartzen dugu eMcumeak proiektuan. Azken batean, egun, kultura, janari express gisa kontsumitzen da sarri: merke eta arin. Askotan, Begoña Oar irakaslea etortzen zait gogora, harekin ikasi genuen despotismoa zer zen nerabetan. Azken urteetan askotan izan dut kontzeptu hori buruan, kulturgintzaren munduko putzu sakonak ezagutzera iritsi naiz.
Plaza eta online eskaintza bateragarriak dira, transmedia erabileraren erako aukerak gero eta gehiago dira eta, beraz, elkarren lagun izan daitezke. Egia da, nire ustez, euskal gizartearen zati batek online aukera hori ukatzen duela eta horrek garapenerako bidea zailtzen du. Hala ere, bai batean zein bestean, oraindik ere, euskararen presentzia sustatu beharra dago.
Online kontsumoa, batez ere, erdalduna da. Badago aukerarik euskarari bide egiteko horretan?
Kontsumo oro, batez ere, erdalduna da. Beti izan da horrela eta ziur aski, beti izango da. Zenbat euskal hiztun dago? Bada, gainerako guztiak erdal hiztunak dira. Ondorioz, proportzioan, on zein offline, kontsumoa erdalduna da, eta izango da. Hori horrela izanda, nik neuk uste dut mundu digitala aukera bat bezala interpretatu beharra dagoela mehatxu gisa ordez.
Laster aurkeztuko duzuen eMcumeak antzezlanera bueltatuta, euskarazko sorkuntza da hau, eta Getxon aurkeztuko duzue. Ondoren, aurreikusten duzue lan hori beste oholtza batzuetara eramatea?
Bai, noski. Bira bat egingo dugu Euskal Herriko antzokietan zehar azarotik aurrera. Azaroaren 26an estreinaldi ofiziala izango da Muxikebarrin, eta hortik aurrera antzokiz antzoki arituko gara.
Zer esango zenieke getxoztarrei eta ingurukoei aurkezpenera hurbil daitezen?
Dudarik gabe, eMcumeak ikuskizunaz gozatzera datorren jendea gogoeta eta barre eginda aterako da. Azaroaren 26an izango da estreinaldia Getxoko Muxikebarri Antzokian, agendan fosforitoz markatzeko moduko data!
Lortu sarrera bikoitzak hemen!