Gabonetako argiztapenak askotariko eremuak hartu ditu, hala nola udalerrirako sarrerak, plazak, parkeak, udal eraikinetako fatxadak, kiroldegiak, baita udalerriko auzoetan jarduera ekonomiko gehien duten guneak eta zentroak ere. Aurreko urteetako argiez gain, aurten Olentzero eta Maridomingiren irudiak jarri dituzte Algortako Telletxe plazan.
Iaz bezala, energia aurrezteko ezarritako jarraibideak kontuan hartuz, argiztapenaren denbora murriztuta da, hau da, argiak piztuta egongo diren ordutegi osoaren % 25. Ordutegia, beraz, honako hau izango da: domekatik eguaztenera, 18:00etatik 23:00etara; eguenetik zapatura, 18:00etatik 24:00etara; eta abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean 18:00etatik 02:00etara.
Hala ere, lehenengo egunotan arazoak egon dira ordutegiok betetzeko, ordutegia kontrolatzen duten erlojuen programazioagaz arazoak egon baitira, udal-iturriek HIRUKAri jakinarazi diotenez. Hala, zapatuan eta domekan argiak etengabe isiotuta egon dira udalerriko hainbat puntutan, hala nola Algortako Amezti kalean eta Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan. Hori dela eta, arduradunek azaldu dute lanean ari direla hori konpontzeko.