Getxoko EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gogor kritikatu dute aurrekontuak onartzeko EAJ-PSE-PP akordioa

Iker Rincon Moreno 2023ko abe. 5a, 11:36

Getxoko Udalbatza berria, Amaia Agirre alkatea buru duela. © GETXOKO UDALA

Datorren urteko aurrekontu orokorrak onartzeko akordioaren berri eman zuten atzo EAJren eta PSE-EEren gobernu-taldeak eta PPk. Horren aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gogor kritikatu dute itun hori, gobernu-taldeak proposatutakoa aldatzen ez duelako eta ez dituztelako kontutan hartu haien proposamenak.

EAJ, PSE-EE eta PPren arteko akordioaren berri eman zuen atzo, astelehenean, Getxoko gobernu-taldeak. Horren aurrean, Elkarrekin Podemosek deitoratu du sare sozialen bitartez izan zutela horren berri, "gurekin bilera bat egiteko zuten hitzordua baino ordubete eskas bat lehenago".  Ildo horretan ere, koalizio abertzaleak salatu du udal-gobernua ez dela "gai izan" haien proposamenei erantzuteko, "argi geratu da euren borondatea PPrekin ituna sinatzea izan dela".

EH Bilduk kritikatu du akordio horrek ez duela aldatu EAJk eta PSE-EEk egindako proposamena: "Aurrekontu atzerakoiak dira, murrizketak dituztenak, eta hainbat arlo ahazten dutenak, hala nola larrialdi klimatikoaren kontrako borroka, tokiko ekonomia edo etxebizitza politika. Itun honek ez die erantzuten getxoztarron benetako beharrizanei".

Elkarrekin Podemosek, aldiz, PSE-EEren jarrera jarri du jomugan, "eskuinera begira jarri delako berriro ere, zerbitzu publikoak eta jendearen ongizaterako politiketarako inbertsioak alde batera utzita".

Negoziaketei dagokienez, talde biek diote prest agertu direla aurrekontuei proposamenak egiteko eta eztabaidatzeko, hala nola etxebizitza, berdintasuna eta gizarte zerbitzuei lotutako arloei lotuta. Hala ere, EH Bilduk eskatuta, bi bilera egin dituzte hiru alderdi politikoek aurrekontuak aztertzeko. Horietan, koalizio abertzaleak 40 proposamen baino gehiago aurkeztu zizkion gobernu-taldeari, kontuak negoziatzeko asmoz. "Hala ere, gobernu-taldeak ez die EH Bilduk egindako proposamenei erantzun ere egin, aztertuko zituztela eta harremanetan jarriko zirela esan zuten arren".

Horren aurrean, hirugarren bilera eskatu zuten EH Bildukoek, eta "erantzuna" atzo iritsi zen, "PPrekin batera emandako prentsaurreko gisa". Hala, Amaia Agirre alkatearen jarrera salatu du koalizio abertzaleak, "gezurretan ari da alderdi guztiekin negoziatu dutela esan duenean, ez baitira inoiz koalizio soberanistak egindako proposamenak negoziatzen hasi. EAJk eta PSEk ez dute inolako borondaterik izan EH Bildurekin akordioa lortzeko: hasiera-hasieratik izan duten benetako asmoa PPrekin adostea izan da: antzerkia eta itxurakeria izan da, besterik ez".

Elkarrekin Podemosek ere, ildo beretik, hiru alderdi horiek sinatutako akordioak dakarrena deitoratu du: "EAJ-PSE-PP akordioak gastu handiagoa ekarriko du aparkaleku-proiektu berrietan, okupatu gabeko plaza ugari dituen udalerri batentzat; etxebizitza libre gehiago, neurriz kanpoko prezioetan; edo polizia gehiago, 130 agente baino gehiago dituen udalerri batean". Era berean, azpimarratu du gai garrantzitsu ugari kanpo gelditu direla itun horretan, hala nola eskola publikoaren aldeko defentsa, Etxebizitza Legea ezartzea eta familiak babesteko neurriak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun