Organo doinuak ozen entzungo dira egunotan Algortako San Nikolas Barikoa parrokian

Erredakzioa 2023ko abe. 12a, 09:57

San Nikolas Bariko parrokiako organia, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Algortako Merklin Organoaren Lagunak-AMOMA Elkarteak  III. Gabonetako Organo-Zikloa antolatu du asteotarako. Kontzertuak abenduaren 22an eta 27an eta urtarrilaren 4an izango dira, Algortako San Nikolas Barikoa parrokian, 20:00etan, eta sarrera doakoa izango da.

Algortako Merklin Organoaren Lagunen Elkarteko presidenteak, Pedro Guallarrek, adierazi duenez, ekimen honen helburua da Eguberrietako egun horiek aprobetxatzea, "aldarrikatzeko San Nikolas Barikoa parrokiako organoaren kalitatea eta eskaintzen dituen aukera ugariak. Programa askotarikoa eta kalitatezkoa izango da eta ospe handiko interpreteen esku egongo da”.

Lehenengo emanaldian, barikuan, hilak 22, Peio Irigoien txistulariak eta Iñaki Arakistain organistak joko dute. Bihodi Proiektuaren bultzatzaileak dira biak eta horren bitartez, tradizioa eta modernitatea uztartuz, musikarekiko grina transmititu gura dute, "publikoari errepertorio zabala eta zaindua eskainiz".

Eguaztenean, hilak 27, arituko da Andrada anaiek osatutako bikoteak; Xabierrek (biolina) eta Andonik (organoa), "gazteak izan arren, daborduko ibilbide musikal garrantzitsua dute", azaldu dute antolatzaileek.

Eguenean, urtarrilak 4, itxiko dute zikloa Bilboko Coro Ars Viva Abesbatzak, Yolanda Quincocesek zuzenduta, eta Pedro Guallar organistak.

Algortako Merklin organoa

1908an eraiki zuten, Parisko Manufacturas de Grandes Organos J.Merklin & Cie tailerretan, Algortako San Nikolas Barikoa elizarako. Garai hartan 28.500 pezetako kostua izan zuen, Jose Antonio de Uriarte y Sustachak ordaindu zuena. 2019an, parrokiako eliztar talde baten eta Getxoko Udalaren bultzadari esker, Alejandro Turanzas organo-maisuak zaharberritu zuen. Estilo erromantikoa du, haritzezko egurrez egina dago eta barruan 1.500 hodi baino gehiago ditu eztainuzko eta berunezko aleazioan eraikiak. 56 notatik gorako eskuzko bi teklatu eta 30 notako pedalier bat ditu. Barruan hiru hauspo ditu, animalia-larruzkoak, konponketa horretan erabat berritu direnak, bai eta elikatzen dituen haizagailu elektriko isila ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun