Mundukatuak

Unai Lopez Ansoleaga: "Giro eta historia asko duen hiria da"

Ander Zarraga 2023ko abe. 13a, 17:13

Bere bikotekideari Granadan lan-aukera bat atera zitzaionez, eta berak ere telelana egin dezakeenez, Unai Lopez algortarrak Andaluziako hiri horretara bizitzera joatea erabaki zuen aurreko otsailaren amaieran. Dioenez, oso gustuko duen leku bat da, lehendik ere ezagutzen baitzuen, bere bikoteak han ikasten zegoelako, "asmoa hona bizitzera etortzea zen, giro eta historia asko duen hiria baita". Lopezek gogoratzen duenez, Granada Iberiar penintsulako azken erresuma moriskoa izan zen, Errege Katolikoek 1492an konkistatu zuten arte, "beraz, historia handiko hiria da, zalantza barik". 

Kontatu du Granadan ohikoena ezagunakaz garagardoak hartzera joatea dela, horiekaz tapak izeneko mokadutxoak ere ematen baitituzte. "Eskaintza gastronomiko handiko hiria da, eta jatetxe eta tabernetan inoiz ez zara jateaz nekatzen". Horrez gain, supermerkatuetako produktuak hemengoak bezalakoak direla dio eta, han ere inflazioak eragina izan duen arren, bizitzeko hiri nahiko merkea dela aitortzen du. Gainera, hiri unibertsitarioa denez, beti dago parrandarako aukera: tabernak, musika jaialdiak, kontzertuak...

Pentsa dezakegunaren kontrara, neguan eta udagoienean nahiko eguraldi hotza egin ohi duela dio: "Udaberrian nahiko atsegina da, eta infernua udan. Udaldia ez da Granada bisitatzeko sasoirik gomendagarriena, bero handia egiten baitu. Gainera, jende gehiena leku epelagoetara joaten saiatzen da eta hiria hustu egiten da, unibertsitateko ikasle guztiak etxera itzultzen baitira".

Granada bisitatzekotan, bere ustez ezinbestekoak dira Alhambrara, Abaicinera, Tristeen ibilbidera eta erdigunera joatea. "Halaber, uste dut ezinbestekoa dela egunen batean hirian zehar galtzea eta Granadak duen eskaintza gastronomikoa probatzea".

Nongoa

Algorta

Adina

26 urte

Zertan dabil?

Lanean

Noiz heldu zen hara?

2023ko otsailean

Noiz arte han?

Auskalo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun