Elkarrizketak

Saioa Hernandez: "Kutsu negatiboa kendu behar zaio bakardadeari edota beste Gabon eredu batzuei"

Nahia Martinez Gondra 2023ko abe. 21a, 13:46

Saioa Hernandez Algortan lanean diharduen psikologoa eta sexologoa da.

Gabonak ate joka ditugu, eta, horregaz batera, sarritan gure barneko emozio koktela ere nahasten hasten da. Garai honetan, ohi baino emozionalagoak egoten gara eta, askotan, espektatiba eta helburu ezberdinak ezartzen dizkiogu gure buruari datorkigun urteari begira. Horregatik, Saioa Hernandez psikologoagaz elkartu gara Gabonetako emozioen kudeaketaz hitz egiteko, baita urte berriko autoproposamen horien atzean zer ezkutatzen den hausnartzeko ere.

Urte berriagaz batera, pertsona askok urtearen nolabaiteko balantze bat egiten dute: momentu onak eta txarrak errepasatu, nola sentitu diren identifikatu... Zelan eragiten digu psikologikoki urte akabuak?

Garai berezia da, beraz, adi ibili behar gara. Alde batetik, urteko balantzea egitea pertsona batzuentzako baliagarria da; laguntzen die jakiten urte horretan norekin, zertan eta non eman duten denbora. Horren bidez konturatzen gara zeren falta dugun. Hala ere, batzuentzako, euren izaeragatik, denboraren kontzepzioagatik edota kulturagatik balantzea egitea ez da positiboa izaten. Izan ere, azterketa batean egongo balira bezala sentitu daitezke eta, beharbada, haientzako ez da komenigarria hainbeste pentsatzea urtean zehar jazotako gertaeren inguruan.

Nola kudea ditzakegu sentimendu zaparrada horiek?

Gabonetan sentiberak eta maitekor egotera estimulatzen gaituztela uste dut. Guk geuk hesi bat eraiki behar dugu, nolabaiteko babes bat, normalean gauza batzuekiko ni berez sentikorra ez banaiz, horretan mantentzeko nahiz eta Gabonak izan. Miseria eta bakardadea urte osoan dago, ez soilik Gabonetan. Halaber, kutsu negatiboa ere kendu behar zaio bakardadeari edota beste Gabon eredu batzuei: batzuk Gabonak bakarrik pasatu nahi badituzte, guk ezin ditugu horrekiko demandak edota penak sortu. Gainera, familia eredu guztiak dira baliagarriak, eta ondo pasatzeko gutxi behar dugu. Esaterako, familia bat izan daiteke Salvadorreko ama bat bere semarekin afaltzen, eta horri balioa eman behar zaio.

"Nik uste jende askok ez dituela Gabonak gustuko gauza askotara behartzen gaituztelako. Onartu behar dugu hauek ondo pasatzeko data batzuk direla, eta egotea aukera bat dela, ez betebehar bat. Jendea lasai utzi behar dugu nahi duen hori egiten"

Urte berriari begira autoproposamen edota espektatiba altuak ere sortzen ditugu. Zergatik pertsonok hasten gara helburu horiek guztiak markatzen urte akabuan?

Lehen aipatu dudan gehiegizko estimulazioak eragina du helburu berriak zehaztean. Izan ere, urteko garai honetan iragarki asko ikus ditzakegu, gimnasiora joateko edota haurdun gelditzeko klinika pribatuenak, esaterako. Ez dira kasualitatea. Gabonak oso bolada interesgarria dira balore matxistei eta patriarkalei aditzeko, emakumeei zein gizonezkoei eragiten dizkietenak. Zenbat mezu daude lotuta osasunarekin edota sistema lodifobo batekin? Hala, autoproposamenak egitean hausnartu beharra dugu nondik egiten dugun: eskakizun zurrunetik, ilusiotik edo betebeharretik? Esaterako, zergatik bakarrik bizitzea okerragoa da bikotearekin bizitzea baino? Noski saiatu behar garela nahi duguna lortzen, baina betiere gure buruari ezer inposatu gabe.

Askotan —edota gehienetan— autoproposamen horiek ez dira betetzen. Nola kudeatu dezakegu frustrazioa?

Saiatu behar gara gure burua ez epaitzen urtean zehar egin ez ditugun gauzekin. Nire helburua bazen urte honetan etxetik joatea eta lanez aldatzea, esaterako, lasai egon behar gara eta gure buruari maitasuna eman. Autozainketa da gakoa, eta argi izan zeintzuk diren niretzako garrantzitsuak diren gauzak eta zeintzuk ez. Askotan kanpotik datoz guk egin beharreko premisa asko: bikotea edukitzea, argaltzea, amak izatea… Horri aurre egitea oso garrantzitsua da.

"Amamen eta alaben lana da antolaketa, prestakuntza eta, askotan, familia bakoitzeko tirabirak sostengatzea. Egia da amamak falta direnean, familia ugaritan gutxiago elkartzen dela. Oso emozio lan neketsuak uzten dizkiegu emakumeei, eta, bereziki, amamei"

Gainera, garai honetan lagun eta ezagun asko hasten dira euren Gabonak sare-sozialetan argitaratzen: afariak, urte akabuko jaiak, jasotako opariak. Nola eragiten digute sareek?

Ez gaude ohituta dugunari balioa ematen, izan ere, ziurtzat ematen dugu etxe bat edukitzea, maite gaituen familia bat, ura eta oinarrizko beste gauza asko. Halaber, balioa eman behar diogu desberdina den horri eta egoera berriei. Gabonetan ere, umeak inguruan badaude, fantasien mundura jolasten dugu, baina errealitatearen eta ilusioaren arteko zubi hori gugatik ere eraiki behar dugu. Jai giroa den heinean, nire ustez garrantzitsua da ahalegintzea ahalik eta hoberen pasatzen dugun errealitatearekin. Gure helburua izan dadila jaiez gozatzea. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun