Filosofia irakaslea izanda, nondik dator mota honetako ipuin bat idaztearen ideia?
Idazteko ohitura izan dut beti, baina, egia da, inguruotan izan dudan esperientziagatik, bai hezkuntzan, bai amatasunean, baita euskalgintzan bizi izandakogatik ere, euskararekiko atxikimenduarekiko estrategia dela gauza bat mugitu izan nauena beti. Izan ere, ikusten dut erabiltzen ditugula lehenengo estrategiak egoera edo mundu berri batean, errealitate berri batean, ezberdin eta konplexuago batean.
Hori alde batetik; bestetik, esan bezala, filosofia irakaslea naiz, ogibide dut, baina baita afizioa ere. Orduan, horren inguruan idatzi izan dut beti; asko gustatzen zait galderak planteatzea, horren inguruko zirriborro bat idatzita nuen, eta lagun batek, Txatxarrak literatura tailerreko gidariak, animatu ninduen aurkeztera Getxoko Udalak dituen sormen beketara. Hala, aurkeztu nintzen, eta eman zidaten. Orduan, dagoeneko konpromisoa nuenez, horrek bultzada eman zidan guztiari forma emateko. Hala, lagunekin hitz egin nuen, baita Laurita Siles lagunarekin eta nire ahizpa Eiderrekin ere, pixka bat ipuin ilustratuaren ideia osatzeko.
Zure buruari galderak egiten dizkiozula aipatu duzu, eta ipuinaren izenburua bera galdera bat da: “Euskara, zergatik?” Zer landu gura duzu horregaz?
Ipuinaren hasieran, marko teoriko bat izango litzatekeena idatzi dut, helduentzat bideratuta dagoena, eta hor planteatzen dut, besteak beste, zelan dagoen euskararen estrategia, sentitzen dudan esperientziagatik, oso estrategia zaharkituak erabiltzen ditugula. Normalean, umeei euskara zergatik ez duten erabiltzen galdetzen diegu, edota euskaraz aritzeko exijitzen diegu. Eta hori, bada, gaur egun ez da nahikoa. Orduan, zergatien edo solasaldi filosofikoaren esparruan konexio asko sortzen dira, bilatzen ditugu, bai gure barruan bai bestearen erantzunetan, zergatiekin, modu emozionalago batean, lotzen gaituzten gauzetara, eta kasu honetan, konexioa euskararekiko atxikimendua da.
Dena galdera batetik abiatzen dut, eta ipuina bera aitzakia edo pizgarri bat da. Probokazio bat da, norberak bere bizitzako esparru ezberdinetan galdera hori planteatu eta solasaldia gara dezan. Horren helburua ez da erantzun bateratu edo zehatz bat bilatzea; akordiorik bilatzen ez duen haur filosofiaren metodologia baliatu dut hemen, eta asmoa da, hausnarketan, ikusi eta entzundakoarekin geratzea, prozesuak berak kutsu bat uzten duelako beti.
Atzo, abenduaren 20an, ipuina aurkezteagaz batera, filosofia tailerra egin zuten.
Azken finean norberaren hausnarketara dago bideratuta, ezta?
Bai, nik esaten diodan "norberaren hausnarketa komunitarioa" bilatzen dut. Banakoen hausnarketa komunitarioa gustatzen zait, norberak abiatzen duelako hausnarketa bat bere barruan, baina era kolektiboan egiten duzunean hor sortzen da solasaldia, filosofikoa, umeengan abiatu arren. Askotan, besteon aurrean jartzen garenean, ispiluak sortzen ditugu, eta horrek asko laguntzen digu erroei heltzeko. Hasi aurretik, nik hausnarketa hori bera egin nuen, lagunei eta gertukoei galdera egin nien, eta horietako batzuek erantzun zidaten; erantzun horiek inspiratu naute ipuina idazteko.
Ipuinak umeei bideratutako gauzak izan ohi dira, baina hau, esan bezala, helduei ere begirakoa da. Zergatik erabili duzu erregistro hori?
Pizgarria den zerbait nahi nuen, hausnarketa komunitarioa egitera animatzen duena, eta ipuina da elementu labur bat, intergenerazionala, denontzakoa dena, umeak eta helduak elkartzen dituena eta balio duena aitzakia edo abiapuntu bezala prozesu hori abiatzeko gero.
Ipuinetan, gainera, garrantzi handia dute irudiek. Zelakoa izan da kontakizuna ilustratzeko prozesua?
Niretzat prozesu magikoa izan da; idatzizko dokumentu bat entregatu eta, bat-batean, hori ipuin bihurtu da. Maila batean, magikoa da, gainera, oso polita ere egin ahal izan dudalako lagun eta familia artean, Lauritarekin eta Eiderrekin. Aldi berean, konplikatua ere izan da, lehenengo esperientzia izan delako. Marrazkiak planteatzerakoan, artistek buruan dituzten gauzak pentsatu behar dituzu, eta hori niri kostatzen zitzaidan.
Laurita Siles eta Eider Nerekan artisten irudiek garrantzi handia dute ipuinean.
Noiz hasi zenuten prozesu guztia?
Nik ipuina 2022ko irailean entregatu nuen, eta urte bereko abenduan jakinarazi zidaten beka emango zidatela. Otsaila-martxoa aldean ahizparekin (Eider Nerekan) eta Laurita Silesekin harremanetan jarri nintzen, eta uda aurretik buru-belarri jarri ginen honekin.
Zer dira, zehazki, Getxoko sormen bekak?
Udalak ematen ditu, eta diziplina ezberdinak daude; nik literatura eta ipuin ilustratuarena eskatu nuen, eta diru-kopuru bat eman zidaten ideia gauzatzeko, kasu honetan, 3.000 euro. Gerora ikusi dut diru hori oso gutxi dela, inprenta-lanetan bakarrik diru asko inbertitu behar izan dudalako. Ia-ia, ipuinean parte hartu dugunon lana ezin izan dugu ordaindu, baina bai da nolabaiteko bultzada bat proiektuak egiten animatzeko.
Bertoko euskarak ere bere lekua izan du ipuinean, ezta?
Bai, keinua egin gura izan diot bertoko berbakerari, Uribe Kostakoari, baina txikia, ez nintzelako gehiagorako gai ikusten. Beraz, bai, tartetxoa hartu du ipuinean. Ildo horretan, eskerrak eman nahi dizkiot tarte horretan lagundu nautenei, baita testuaren orrazketan eta bestelakoetan lagundu nautenei ere. Prozesu polita izan da guztia lagunekin eta ingurukoekin egin ahal izatea.
Bestelako ipuinik edo proiekturik duzu buruan?
Bai, motibatuta atera naiz prozesu honetatik. Filosofia elkarte ezberdinetan nago, eta horietan galdera ireki asko egiten ditugu, eta hori gozamena da niretzat. Solasaldia gozamena da, eta euskara pasioa. Orduan, euskaraz sortzeko ausardia izatea gustatuko litzaidake galderen inguruko planteamendu honekin, aitzakia gehiago emateko jendeari, ipuinen bitartez, gai ezberdinen inguruan solasaldi komunitario horiek bultzatzeko.