Usategiko pasealekua zabaldu dute herritarrek erabili eta goza dezaten, azken hilabeteetan egin diren birmoldaketa-lanak amaitu ondoren. Horietarako, 392.000 euro inguruko inbertsioa egin du Getxoko Udalak (zati batean, aurrekontu parte-hartzaileen bidez finantzatu da).
Pasealekua berriro irekitzea atzeratu egin da Udalak hasieran aurreikusitako dataren aldean, euriteen ondorioz berdeguneak ereiteko lanak atzeratu egin direlako.
Usategin egindako jarduketak bi atal nagusi izan ditu: alde batetik, parkeari eusteko eta hango ezpondak bi mikropilote-lerroren bidez egonkortzeko lanak. Eta, bestetik, lur-jausiengatik (eurite gogorren ondorioz) kaltetuta gertatu zen pasealekuari jarraipena emateko lanak egin dira, hondatutakoaren ordezko bide-tartea eraikiz. Gainera, antzeko egoerei aurre egiteko, segurtasun egokia eman zaio. Pasealeku-tarte berriak 83 metroko luzera du.