Ia urte biko lanen ostean, Getxoko Udalak aurreikusi du Usategiko pasealekua azaroaren hasierarako prest egongo dela: "Obren garapenari eta ukitutako bide-zatia berriz irekitzeko aurreikusitako datari buruz, obrak aurreikusitakoarekin bat datoz, eta, beraz, azaroaren hasierarako eremua berrezartzeko prest dagoela uste dugu".
Joan den otsailean abiatzea aurreikusita bazegoen ere, azkenean ekainean hasi zituzten Usategiko oinezkoen pasealekua birmoldatzeko eta parkea eusteko lanak, maiatzean esleitu ondoren. Ibilbidea 2021eko abenduan erori zen, eta ordutik itxita egon da. Pasealeku-tarte berriak 83 metroko luzera izango du.
Usategiko kafetegia, irekitzeko zain
Usategi parkearen ondoan dagoen eta daborduko zortzi urte itxita daraman kafetegiari dagokionez, udal-iturriek HIRUKAri zehaztu diote Jabetza Erregistroan horren egoera erregularizatu behar izan dutela, eraikina Udalaren erregistroan ager dadin. Izan ere, azaldu dutenez, San Inazioko bateria zaharra –gaur egun Usategi parkea dena– Espainiako Defentsa Ministerioari erosi ondoren, kafetegiaren eraikina ez zen oraindino agertzen Jabetza Erregistroan, eta, hori dela eta, azpiegituraren erregistro-egoera erregularizatu behar izan dute. Diotenez, izapide horiek daborduko martxan dira eta, ondoren, Udalaren asmoa da kafetegiaren esleipenerako lizitazio-lanakaz "berehala" hastea.
Horren harira, lurzoruaren titulartasun berriari buruzko erregistro-jarduera guztiak egin ondoren, lizitaziorako pleguak amaitzen ari direla jakinarazi du Udalak. Horri dagokionez, eta Aixerrotan aurkeztutako lizitatzaileen kopurua ikusita –bi bakarrik aurkeztu dira–, irizpide automatikoak malgutuko dituztela iragarri du Udalak, "lizitatzaile interesdunen kopurua handitzen saiatzeko".