Elkarrizketak

San Nikolas elizako Merklin organo bereziaren sekretuak jakinarazi dizkigu Pedro Guallar organistak

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2023ko abe. 22a, 13:14

Dena dago prest Algortako San Nikolas elizak III. Gabonetako Organo-zikloa hartzeko. Atzo, eguenean, tokiko Merklin organo berezia prest utzi zuen afinatzaileak eta, gaur, barikuan, lehenengo kontzertua izango da, Peio Irigoien txistulariaren eta Iñaki Arakistain organistaren eskutik. Ziklo honen egitasmoa da, Pedro Guallar Algortako Merklin Organoaren Lagunak-AMOMA Elkarteko presidente eta organistaren berbetan, "organoaren kalitatea eta eskaintzen dituen aukera ugariak gizarteratzea". Musika-tresna erraldoi horren nondik norakoak ezagutu ditugu bere eskutik, parrokia organo-doinuez bete aurretik.

Lehenengo emanaldian, barikuan, hilak 22, Peio Irigoien txistulariak eta Iñaki Arakistain organistak joko dute. Bihodi Proiektuaren bultzatzaileak dira biak eta horren bitartez, tradizioa eta modernitatea uztartuz, musikarekiko grina transmititu gura dute, "publikoari errepertorio zabala eta zaindua eskainiz".

Eguaztenean, hilak 27, arituko da Andrada anaiek osatutako bikoteak; Xabierrek (biolina) eta Andonik (organoa), "gazteak izan arren, daborduko ibilbide musikal garrantzitsua dute", azaldu dute antolatzaileek.

Eguenean, urtarrilak 4, itxiko dute zikloa Bilboko Coro Ars Viva Abesbatzak, Yolanda Quincocesek zuzenduta, eta Pedro Guallar organistak.

Algortako Merklin organoa, barrutik

1908an eraiki zuten, Parisko Manufacturas de Grandes Organos J.Merklin & Cie tailerretan, Algortako San Nikolas Barikoa elizarako. Garai hartan 28.500 pezetako kostua izan zuen, Jose Antonio de Uriarte y Sustachak ordaindu zuena. 2019an, parrokiako eliztar talde baten eta Getxoko Udalaren bultzadari esker, Alejandro Turanzas organo-maisuak zaharberritu zuen. Estilo erromantikoa du, haritzezko egurrez egina dago eta barruan 1.500 hodi baino gehiago ditu eztainuzko eta berunezko aleazioan eraikiak. 56 notatik gorako eskuzko bi teklatu eta 30 notako pedalier bat ditu. Barruan hiru hauspo ditu, animalia-larruzkoak, konponketa horretan erabat berritu direnak, bai eta elikatzen dituen haizagailu elektriko isila ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun