Kulturak urte berriari hasiera emango dio Getxon, Muxikebarri Antzokiaren programazioaren eskutik, "kalitatea eta aniztasuna" ardatz nagusi dituela. Azken urteotan kulturaren arloan Getxok eginiko ibilbidea sendotu gura du, "eta horren erakusle da Bizkaiko Foru Aldundiak SAREA programaren kulturarako diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa lortu izana". Izan ere, Getxo izan da iaz muga horretara iritsi zen Bizkaiko udalerri bakarra, eta azken lau ekitaldietan gehieneko laguntzak eskuratu ditu.
Urtarriletik apirilera bitartean, Muxikebarrik 50 ikuskizun eta ekintza baino gehiago hartuko ditu, eta bertan publikoak antzerkiaz, musikaz, dantzaz eta zinemaz gozatu ahal izango du, besteak beste, artista, talde eta konpainia ezagunen eskutik. La La Love You, Javier Gutiérrez, Antonio Najarro konpainia, Grison, Carmelo Gómez, Kukai, Carlos Hipólito, Marlena, Mayte Martín, Kiti Mánver eta James Brandon dira Getxoko Kultur Etxeak haurrentzako eta familientzako programazioa indartzen duen proposamen baten izen garrantzitsuenetako batzuk. Haurrentzako 15 ikuskizun hartuko ditu antzokiak, eta horietako batzuek tokiko ikastetxeetako ikasleen artean kultura sustatzeko hezkuntza-programaren proposamena osatuko dute.
Musikari dagokionez, urte berria urtarrilaren 4an Gospel klasikoak kontzertuagaz abiatuko da, Goiko Gela euskal ahots taldearen eskutik. Hilaren 12an Ibil Bedi taldearen txanda izango da eta bere azken lana aurkeztuko du Getxon: Goldea. Lehen hilabeteko proposamena La La Love You talde madrildarraren eskutik amaituko da.
Otsailaren 2an, Los Retros euskal taldeak hasiera emango dio Miedo en el aire disko berria aurkezteko birari. Otsailaren 17an, La Resistencia telebista-saioko kolaboratzaile den Grison beatboxer ezaguna helduko da Getxora musika eta umorea uztartzen dituen show bategaz. Otsailaren 24an ezinbesteko hitzordua izango dute musikazaleek La traviata operagaz, Alejandro Contreras Cortesek zuzendu eta taularatutako egokitzapen garaikidea dena.
Vulcanizadas taldea (martxoak 1) eta Burning (martxoak 23) eskarmentu handiko bandaren emanaldiak izango dira martxoan eta, apirilean, honako artista eta talde hauek jardungo dira: Marlena (martxoak 12) pop bikote gaztea; Mayte Martín (martxoak 13) abeslaria, Tatuajes diskoa aurkezteko laukote formatuan arituko dena; Laguna Goonsen (martxoak 26) garaje eta psikodelikoen erritmoak eta Pio Lindegaarden (martxoak 27) omenezko omenaldia. Azken horretan James Brandon Lewis saxofoi-jotzaile eta musikagilea izango da protagonista. Halaber, martxoan diziplina anitzeko bi ikuskizun egingo dira: Odola kantari (martxoak 2), Unai Elorriagaren testuak eta Josu Aurrekoetxearen musika batzen dituen lana; eta Anonyme Popular (martxoak 22), Igor Elortzaren bertsoak eta Rafa Ruedaren musika Kulturaz kolektiboaren ikus-entzunezkoak uztartzen dituena.
Antzerkia
Antzerki-proposamenak ikuskizun ugari ere bilduko ditu, eta horien artean aipatzekoa da El traje (urtarrilak 26), Javier Gutiérrezek eta Luis Bermejok osatutako maila handiko bikotearen ikuskizun bikaina. Bestalde, Los enredos de Scapin (otsailak 3) lanean, Morboria konpainiak Molièreren klasikoetako bat hurbilduko dio publikoari, eta Las guerras de nuestros antepasados (otsailak 25) lanean, Carmelo Gómezek eta Miguel Hermosok Miguel Delibesen izen bereko eleberriaren egokitzapena taularatuko dute. Martxoaren 17an, Carlos Hipolitok Burro ikuskizuna ekarriko du, besteak beste, fabula ezagunen eta Shakespeare eta Juan Ramón Jiménezen testuak zuzeneko musikaz uztartzen dituen ikuskizuna. Gainera, Kiti Mánver Getxora itzuliko da apirilaren 20an Bernabé Costaren El inconveniente film arrakastatsuaren bertsio dibertigarriagaz.
Honako lan hauek osatuko dute gainerako programazioa: Titzina Teatroren Búho (urtarrilak 13) lana, Txalo Produkzioak taldearen tentsioz beteriko Almazenean (urtarrilak 20) obra, Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi (otsailak 9), Oscar Terolen Mundos para lelos (otsailak 10), Tanttakaren Esnearen kolorekoa (otsailak 16), Esther F. Carrodeguasen Ló única que toda la vida es delgada (martxoak 8) gordofobiari buruzko bakarrizketa Bihar arte bakarrik (martxoak 15) eta Baginaren bakarrizketak (apirilak 19).
Dantza
Dantzazaleek ere askotariko eskaintza izango dute Muxikebarrin datozen hilabeteetan. Urtarrilaren 7an Kraskagailua ikuskizunaz gozatu ahal izango dute, Getxoko zenbait dantza estudiok prestatu duten Tchaikovsky lan ezagunaren egokitzapena, hain zuzen ere. Urtarrilaren 28an programazioaren hitzordu nagusietako bat izango da: Querencia dantza tradizionala eta flamenkoa uztartzen dituen lana, Espainiako Ballet Nazionaleko zuzendari ohi Antonio Najarrok sortutako lana. Bestalde, otsailaren 4an, Izar Blue-Sekairen Breaking Beethoven ikuskizunak Beethovenen musika klasikoa gerturatuko du break dance eta dantza garaikidearen mundura. Martxoaren 9an, azkenik, nazioartean saritua izan zen Kukai konpainia eta Jesús Rubio koreografo madrildarraren eskutik amaituko da dantza-eskaintza. Txalaparta aurkeztuko dute Getxon, tresna horren begirada gorputz-hizkuntzara eramaten duen sorkuntza.
Haur programazioa
Muxikebarriko haurrentzako eskaintza urtarriletik apirilera bitartean izango da eta 15 bat ikuskizun hartuko ditu. Urtarrilean, honako lan hauek eskainiko dira: Bo Jauna (urtarrilak 14), Marie de Jongh konpainia sarituaren azken ikuskizuna, Gure kanoa (urtarrilak 21), Zurrunka Teatroren txotxongilo lana; eta Anbotoko Mari (urtarrilak 27), Logela Multimediaren antzerki- eta bideo-animazio- pieza. Otsailean, inauterietako eskolako oporraldian, Inspira Teatreren Sotobosque, la vida bajo los árboles (otsailak 11) naturari buruzko antzerki, musika eta ikusizko ikuskizuna eskainiko da, bai eta Mar-Mar teatroren Arrainak bihotzean, itsas hondoan girotutako istorioa; eta Tor Magoaren bitxikerien mundua magia ikuskizuna (otsailak 13). Mundua pitzatuta dago baina ointxe gaibiltza oinez (otsailak 18) eta La mejor obra de la historia (otsailak 23) lanek otsaileko eskaintza itxiko dute.
Martxoko programazioan haurrentzako honako lan hauek izango dira: Ene kantak talde ezagunaren Emozio festa (martxoak 3); Teloncillo Teatroren Coser y cantar (martxoak 16) muntaia originala; eta Kutxartean (martxoak 24), Teatro Paraiso konpainia beteranoaren azken lana. Bestalde, apirilaren 14an, La Pera Llimonera talde kataluniarrak Hans Christian Andersenen kontakizunean oinarritutako Un traje nuevo para el emperador obra aurkeztuko du. Apirilaren 21ean, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako ‘Bitels para bebés’ kontzertua izango da, adin txikietan musika suspertzea helburu duen lana, hain zuzen ere. Azkenik, 28an El secreto de Julio Verne ospatuko da, Fanten omenaldia.
Muntaia horietako lauk Kultur Etxetik bultzatutako Hezkuntza Programa osatuko dute. Ekimen horren helburua da arte eszenikoak publiko gazteenari hurbiltzea eta, horren bitartez, tokiko ikastetxeetako ikasleek antzerkiaz gozatu ahal izango dute. Halaber, bitartekaritza-jarduerak ere antolatuko dira. Gainera, eta Aurrekontu Parte-hartzaileetan jasotako herritarren proposamenei jarraiki, Getxon erroldatutako 0 eta 14 urte bitarteko umeek doako sarrera bat eskatu ahal izango dute 2024an programatuko diren haur eta familien ikuskizun batera joateko. Sarrerak urtarrilaren 8tik aurrera jaso ahal izango dira Romo Kultur Etxean eta Muxikebarriko leihatilan.
2024ko urtarrila eta apirilaren bitarteko programazioa osoa eskura hemen