#0KM - Berton bertokoa

Oskar Garcia Kerejazu: "Nire bezeroak dendara sartu eta erosten duena probatu eta ukitu gura duen herriko jendea dira"

Hodei Torres · Ander Zarraga 2024ko urt. 3a, 09:46

Gizonentzako modan erreferentziazko denda da Oso arropa-denda. Bere kokapen paregabeari esker, Algorta etorbidean dagoen establezimendu honek herrian kalitatezko markak eta arreta pertsonalizatua eskaintzen du 2017tik. Oskar Garcia Kerejazu da negozio horren jabea eta bere esperientzia kontatu digu.

Oso apur bat kasualitatez hasi zutela gogoratu du Garciak, "gune hau hutsik geratu zela ikusi genuen, eta, kontutan izanda Algortan ez zegoela gizonentzako modara dedikatzen zen dendarik, aukera paregabea zela pentsatu genuen". Bere iritziz, gizonek ez dute hain gustuko dendaz denda arropa bila ibiltzea, gainera, askotan Bilbora edo Arteara joan behar izaten denez, berak hutsune bat betetzeko aukera ikusi zuen.

Eskaintzen dituzten produktuak herriko jendearen estiloaren araberakoak izan daitezen saiatzen direla azaldu du, "horretarako, atzerrira joaten gara mugitzen ari diren tendentziak ikusteko, baina hemengo markak ere ekartzen saiatzen gara ahal dugun guztietan, jendeak asko baloratzen duelako". Dioenez, Algortan moda nahiko urbanoa eramaten da, erosoa, iraunkorra eta lanerako zein kalerako modukoa. Laburbildu duenez, beraien produktuak moda azkarraren joeretatik at daude, "guk marka konkretu batzuen bildumak izaten ditugu, negozio honetan dendarako eskuratzen dugunaren eta saltzen dugunaren araberako oreka mantentzea ezinbestekoa baita".

Izenari buruz galdetuta, azaldu duenez, Oso izenak esanahi ezberdinak ditu: batetik, artza gazteleraz; bestetik, euskaraz duen esanahiagatik, eta, horrez gain, gay munduan duen esanahiagatik, "testuinguru horretan artza bezala identifikatzen diren gizonak handiak eta iletsuak baitira, eta horregaz identifikatzen diren bezeroak ere etorri zaizkigu sarritan".

Denda 2017an ireki aurretik, Garcia kazetaria izan zela kontatu du, baina 2008ko krisiaren eraginez bere bizimodua goitik behera aldatu behar izan zuen. "Orain, askoz lasaiago bizi naiz, ez dut lehen nituen buruko minak", aitortu du algortarrak. Hala ere, oraindik komunikazioaren alorrean lanean jarraitzen duela dio, Oso eta Amaia Sertutxa bere bikotearen Her denden sare sozialak kudeatzen dituelako, besteak beste. "Logoa eta irudia diseinatu ditut, argazkiak ere nik ateratzen ditut eta sare sozialak ere kudeatzen ditut, gaur egun, sare sozialetan egotea ezinbestekoa delako", azaldu du.

Interneten presentzia izan arren, Oso dendako produktuak ez dituzte Internet bidez saltzen, Garciari askotan proposatu dioten arren, bere iritziz horrek lan asko eta mozkin gutxi ekarriko lizkioketelako, "nire bezeroak dendara sartu eta erosten duena probatu eta ukitu gure duen herriko jendea dira", dio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun