Irene Pera igerilariak jaso du 2023ko Getxoko Kirolari Onenaren saria

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 10a, 12:00

Irene Pera Getxo Igeriketa klubeko igerilariak 2023ko Getxoko Kirolari Onenaren Saria eskuratu zuen atzo, martitzenean. Kirolariak sari nagusia lortu zuen Getxo Sasoi Sasoian jaialdiaren XVII. edizioan, honako lorpen hauengatik: bere kategoriako Espainiako errekorra, 50 metro bizkarreko modalitatean, eta brontzezko domina, Junior mailako Espainiako Txapelketan; horiei esker Espainiako selekzioaren deia ere jaso du.

Getxo Kirolak-eko teknikariek eta Getxoko kazetariek eta kirol alorreko adituek osatutako epaimahaiak, banakako sari gorenetan, beste kirolari hauek saritu ditu: Eunate Etxebarria Espainiako Txapelketa Absolutuan, Espainiako Junior Superkopan eta Europako Junior Kopan lehen postua eskuratzeagatik eta Espainiako Junior Txapelketan bigarren postuan sailkatzeagatik, besteak beste; INEOS Grenadiers taldeko Jonathan Castroviejo txirrindularia Espainiako Erlojupeko Txapelketan seigarren garaipenagatik; eta Bosco Vilallonga Jolaseta Klubeko hockey jokalaria, Espainiako 21 urtez azpikoen selekzioagaz Dusseldorf-eko Nazioetako IV. Txapelketan brontzezko domina lortzeagatik eta denboraldi ona egiteagatik.       

Sari kolektiboak eta bereziak

Taldekako sarietan, aurten Raspas Arraun Elkarteko emakumezkoen 4x taldeak, Esther Briz, Virginia Diaz, Izaskun Etxaniz eta Maialen Mielgok osatuak, jaso du saria, Espainiako Txapelketan lehen postua lortzeagatik. Promesa kategorian, sariak honako hauentzat izan dira: Jolaseta Klubeko belar hockeyko haurren taldea, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan garaipen bikoitza lortzeagatik, eta Getxo Rugbyko 14 urtez azpikoen taldea, Liga eta Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazteagatik.     

Edizio honetako garaipen-zerrenda sari bereziakaz osatu zen atzo: “Marka Hautsiz” Xabier Martin hockey jokalariari eman zitzaion; “Kiroltasuna” Jonkar Rey kirol-kazetariari; “Getxo Berrituz” Getxo Swim Camp klubak jaso zuen; Broker Kirol enpresak “Getxo Zabala”; Etorkizuna Mendi Taldeak antolatutako Etorki Mendi Trail probak “Berdintasuna Indartuz”; eta, azkenik, Carlos Ruizek “Aitzindariak” saria, besteak beste, Athletic Club eta Bartzelonako RCD Espanyol futbol taldeetan egindako ibilbideagatik.

Gure kirolaren alde lelopean Olatua itsas-bidaiarien terminalean ospatu zen galan, Getxoko alkate Amaia Agirrek gogorarazi zuenez, "Udalak eta klubek eta kirol-elkarteek osatzen duten komunitateak elkarrekin egindako lanaren eta babesaren azken emaitza dira sariak. Laguntza hori, erakundeen aldetik, dirul-aguntzetan, ekipamenduetako inbertsioetan eta Getxo Kirolak erakundeak egiten duen kudeaketan islatzen da. Eta kirola esparru estrategikoa dela eta izaten jarraitu behar duela uste dugunari erantzuten dio, arrazoi askorengatik eta oso onengatik. Besteak beste: osasun fisikoa eta mentala sustatzea; gizarte-kohesiorako baliabide gisa duen ahalmena; eta berdintasunerako, euskararako, kulturartekotasunerako edo sustapen ekonomikorako politikak aktibatzeko zeharkako tresna gisa duen eginkizun garrantzitsua. Baina kirolari laguntzeko, ondo dakigunez, ezinbestekoa da inplikatutako pertsona, erakunde eta familia ugarik egiten duzuen lana; kirolari lotutako elkarte-sare handi baten lan ona eta lan desinteresatua, komunitateari hainbeste poz eta onura ekartzen dizkiona".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun