Alconzako langileak borrokan

Gaurkoan ere, Alconzako beste grebalari bik deklaratu behar izan dute Getxoko epaitegietan

Erredakzioa 2024ko urt. 17a, 16:39

Gaurko elkarretaratzearen irudi bat.

Alconza enpresako kaleratzeen kontra borrokan aritu ziren beste bi grebalarik deklaratu behar izan dute gaur, eguaztenean, Getxoko epaitegietan. Horren aurrean, LAB sindikatuak ordu biko lanuztea deitu du Berangoko lantegian, eta baita elkarretaratze bat ere epaitegien aurrean, kideei babesa emateko. Akusatuei "itxurazko kalte-delituak" egozten dizkiete eta, sindikatuak gogoratu duenez, bost prozedura ireki dituzte sei langileren eta LABeko kide baten aurka, eta baita hainbat zigor-espediente ere.

LABek deitoratu duenez, enpresaren "mendeku eta errepresio dinamika" horren helburua da lan-baldintza duinen alde eta enpleguaren defentsan langile klaseak egindako edozein borroka kriminalizatzea. Ildo horretan, sindikatuak salatu du haien lanpostuen defentsan egindako mobilizazioetan parte hartu zuten langileen aurkako jazarpena, "eta Irizarri mendeku eta errepresio dinamika alde batera uzteko eta egindako salaketa guztiak eta zigor guztiak behingoz kentzeko eskatzen diogu".

Horren guztiaren aurrean, LABek iragarri du egoera salatzen eta mobilizatzen jarraituko dela, "Alconza-Irizarrek irekitako zigor eta prozesu judizial guztiak kendu arte".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun