Alconzako langileak borrokan

Alconzako langileen borrokaren kontrako kriminalizazioa bertan behera uzteko eskatu du LAB sindikatuak

Iker Rincon Moreno 2023ko abe. 14a, 12:49

Astelehenean, abenduaren 18an, Alconzako grebalari batek eta LAB sindikatuko kide batek Getxo epaitegietan deklaratu beharko dute, kaleratzeen kontra eta Berangoko lantegiaren etorkizuna defendatzeko egindako borrokagatik. Kalteak eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzi dizkiete eta, salatu dutenez, salaketa horiek "Ertzaintzak egindako muntaketetan" oinarrituta daude. Hori salatzeko, sindikatuak paroak deitu ditu egun horretarako (11:45-13:45), eta elkarretaratzea egingo du epaitegien atarian, 12:00etan.

Azaroan deklaratu zuten lehenengo grebalariek Alconzako langileen aldeko protesten harira. Orain, bigarren txanda heldu da, eta behargin batek eta LAB sindikatuko kide batek hitz egingo dute epailearen aurrean, astelehenean, 12:00etatik aurrera. Kalteak eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita deitu dituzte epaitegietara, baina, sindikatuak salatu duenez, "salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako muntaketetan oinarritzen dira". Izan ere, gogoratu duenez, Alconzako gatazkan ertzainek langileak eta ordezkari sindikalak "mehatxatu eta apaldu zituen, eta ospitaletik pasa behar izan zuten, poliziaren bortizkeriagatik".

Sindikatuko kideek deitoratu dute errepresio-dinamika horren helburua langile-klasearen edozein borroka kriminalizatzea dela, "lan-baldintza duinen eta enpleguaren defentsan eman diren beste gatazka batzuetan gertatu zen bezala". Ildo horretan, salatu dute langileek lanpostuak defendatzeko egindako mobilizazioetako partaideekiko jazarpena eta, ildo berean, irekitako prozesu judizial guztiak bertan behera uztea exijitu diete Irizar, Ertzaintza eta baita Eusko Jaurlaritzari ere.

Horregatik guztiagatik, sindikatuak paroak deitu ditu astelehenerako enpresan (11:45-13:45) eta baita elkarretaratzea ere, Getxoko epaitegien atarian, 12:00etan, deklaratu beharko dutenei babesa emateko, prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko eskatzeko eta borroka sindikala delitua ez dela aldarrikatzeko.

Alconzan egindako borrokaren ondorioz, urtarrilean beste bi langilek deklaratu beharko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun