Panda Raid 2024

Marokoko basamortuari aurre egiteko prest

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 1a, 18:16

Aurten ere, Algortako Fadura LHII institutuko irakasle eta ikasleek Panda Raid orientazio-probari aurre egingo diote. Iaz legez, hiru irakasle joango dira: Garikoitz Urizar, Arkaitz Amezaga eta Aitzol Barañano; eta horiei batuko zaizkie Lukas Idoyaga, Eder Fernandez eta Xabier Cerrillo Elektromekanika zikloko ikasleak. Seiak Marokoko basamortuetan barrena arituko dira martxoan, hilaren 2tik 8ra, eta bertan jarriko dituzte proban ikasturtearen hasieratik prestatzen aritutako hiru Fiat Panda ibilgailuak.

Sei etapatan banatutako orientazio-proba da Panda Raid, Maroko osoa zeharkatuko duena, Mohamed lakutik hasita Medhiara. Denera, 340 taldek eman dute izena aurten eta, orokorrean, parte hartzaileek 10 ordu inguru eman behar izango dituzte egunean gidatzen, hondarrezko bideetatik 200 eta 300 kilometro gainditzeko.

"Rally Cross Country" estiloan eta hitzaren zentzu literalean, Maroko gurutzatuko dute iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Hala ere,  ibilbidea Marokoko hegoaldean zentratuko da gehienbat, horixe baita Panda Raidek abenturazaleei eskaini gura diena; basamortua egoera puruan, espazio irekiak eta ohiko bideetatik urrun dauden lurretan gidatzea.

Jose Libano irakasleak gogoratu duenez, 2018an ekin zioten Raid horretan parte hartzeko aukeren inguruan hausnartzen, Iurgi Aiesta irakaslearen ekimenez. "Helburua zen ikasleak erdigunean kokatzea, eta mota honetako egitasmo batek horretarako aukera paregabea eskaintzen zigun", azaltzen du. Dioenez, Panda Raid bezalako proba batean aritzeak ikasleen ardura, heldutasuna eta ofizioarekiko jakinduria teknikoa jartzen dute mahai-gainean, "ikasturtearen hasieratik, zerotik prestatutako Panda ibilgailuak jarriko dituztelako proban, basamortuan, muturreko egoera batean".

Hala, 2019an parte hartu zuten Fadurakoek aurrenekoz Panda Raidean, kotxe bakarragaz eta irakasleak soilik joanda. Ondoren, ikasleak batzen hasi zaizkie eta, iaz, hiru kotxe eta hiru ikasle ere joan ziren. Aurten enpresa hori errepikatuko dute: Garikoitz Urizar, Arkaitz Amezaga eta Aitzol Barañano irakasleek eta Lukas Idoyaga, Eder Fernandez eta Xabier Cerrillo ikasleek. "Esperientzia gogorra izango da, haien burua frogan jarriko duena, baina oso aberasgarria", dio Libanok.

Panda Raidean aritzearen helburua da egokitutako Fiat Panda kotxeak ez apurtzea bidean, eta, zerbait puskatzen denean, bertan konpondu eta ibilgailua bera mantentzea. Hiru ikasle arituko dira oraingoan, baina, Fadurakoek azaltzen dutenez, ibilgailuak ikaskide denen artean prestatu dituzte erronkari aurre egin ahal izateko.

Martxoaren 1etik aurrera, Panda Raidean zuzenean gertatzen zaiena kontatuko dute hemen, HIRUKA.EUS webgunean, beraz, adi ibili!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun