Areetako metro-geltokiaren ondoko plazari izen popularra ematen dion Xake horma-irudiak zeresana eman du berriro ere. Inguruko hainbat herritar hori bere horretan mantentzea eskatu du, baita hori berriztea ere; beste horrenbestek, gobernu-taldea tarteko, irudi berri bat jarri gura dio hormari, eta, horretarako, Miren Larrea mural-lehiaketa abiatu zuen Udalak. Bada, lehenengo deialdian 16 proiektu aurkeztu ziren, eta horietako batek ere ez du gainditu fase teknikoak eskatzen duen gutxieneko puntuazioa. Hala, aho batez, epaimahaiak erabaki du horiek guztiak baztertzea. Antzezaleak eta Garrobi Kultur Elkarteko kide bik osatu dute lehiaketaren epaimahaia, aipatutako higiezinaren jabekideen komunitatearen ordezkari den bizilagun batek eta Getxoko Kultur Etxeko zuzendaritzak eta teknikariakaz batera.
Egoera horren aurrean, bigarren deialdi bat ireki dute, maiatzaren 6ra arte, eta epaimahaiak bost proposamen aukeratuko ditu jasotako guztien artean; ondoren, horien inguruko herritarren iritziak jasotzeko kontsulta parte-hartzaile ez-loteslea jarriko dute martxan. Behin kontsulta amaituta, epaimahaiak erabakiko du zein obra garatuko duen orain dela lau hamarkada Jose Miguel Ibarretxe artista eta zinemagile getxoztarrak diseinatutako eta margotutako Xake horma-irudia ordezkatzeko.
Deialdi berriari begira, hautatutako proiektuetako bat aukeratuz gero, gehienez 43.000 euro erabiliko dira lana egiteko, eta, proiektua gauzatu aurretik, Udalak ordainduko du fatxada konpontzea eta egokitzea.