Arduradunek azaldu dutenez, lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa da adin nagusikoa izatea eta aurkeztutako lanak argitaragabeak izatea. Gaia librea izango da, baina bereziki baloratuko dituzte, besteak beste, ingurunera eta udalerriaren errealitatera egokitzea. Pintura eta arte plastikoen munduko profesionalek, Kultura Etxeko teknikariek eta obra hartuko duen eraikineko jabeen erkidegoko bizilagun batek osatutako epaimahaiak bost proiektu aukeratuko ditu, eta hautatutako proposamenek 500 euroko sariak jasoko dituzte.
Halaber, epaimahaiak, Udaleko Partaidetza Arloak kontsultatutako herritarren iritzia kontuan hartuta, proiektu horietako bat aukeratuko du eta horren egileak gehienez lau hilabete izango ditu obra egiteko. Horretarako, 43.000 euro bideratuko ditu Udalak gehienez. Proiektua gauzatu aurretik, Udalak ordainduko du fatxadaren konponketa eta egokitzapena.
Xakea horma-irudia mantentzeko nahia
Urte luzez Xake plazari izena eman dion murala mantentzearen aldeko desioa behin baino gehiagotan entzun da hilabeteotan. Izan ere, tokiko auzokide askorentzat euren udalerriko ezaugarri bereizgarri bat da. Plaza bera birmoldatzeko prozesuan, herri-bozketaren fasean, parte hartu zuten herritarren ia % 20ak xake baten irudia hartzen duen murala mantentzearen alde bozkatu zuen.
Horma-irudia 1983an sortu zuen Jose Miguel Ibarretxe artistak, bere ekimenez Udalari egitasmoa proposatu zionean. Trukean, Udalak pintura eta aldamio batzuk utzi zizkion. Haren alaba Jone Ibarretxek irudia babesteko ahaleginak egin ditu, eta, besteak beste, bere aita eta osaben istorioa kontatzeko dokumentala sortzeko prozesua abiatu du.