'Xake' horma-irudia ordezkatzeko mural-lehiaketaren kontra agertu da oposizioa berriro ere

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 8a, 13:31

Murala mantentzearen aldeko giza xake-partida, artxiboko irudian.

Lehen deialdian aurkeztutako 16 proposamenak atzera bota ostean, Getxoko Kultur Etxeak Miren Larrea mural-lehiaketaren bigarren deialdia egin du eta, horren aurrean, oposizioko talde guztiek –EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos– hori bertan behera uzteko eskatu dute. Horren ordez, gaur egungo Xake horma-irudia mantentzea eta zaharberritzea eskatzen dute.

Getxoko Udalbatzako oposizioko talde guztiek bat egin dute esateko "beharrezkoa" dela Areetako metro-geltokiaren ondoko Xake izeneko horma-irudia mantentzea, "herriko historia eta ondarearen parte delako". EH Bilduko Mikel Bildosolaren esanetan, "gobernu-taldeak oso sentsibilitate gutxi du gure herriko ondarearekiko, azken urteetan ikusi ditugun eraisketa guztiak kontutan hartuta". Azpimarratu duenez, Xake plazako murala ere tokiko historiaren parte bihurtu da, eta, hori dela eta, hura mantentzea eta eraberritzea eskatu du. Are, gogoratu du horixe bera eskatu zutela hainbat auzokidek Xake plaza eraberritzeko parte-hartze prozesuan, baita egilearen alaba den Jone Ibarretxek bildutako sinaduren bitartez ere.

Ildo horretan ere, Eduardo Andrade PPko bozeramaileak deitoratu du gobernu-taldeko arduradunek "auzokideen eskaerei entzungor egiten ibiltzea". Xabier Benito Elkarrekin Podemoseko kideak ere jarrera bera erakutsi du, eta gogoratu du joan den uztailean muralaren kontserbazioa eta zaharberritzeari buruz aurkeztu zuten mozioa alde bozkatu zuela Udalbatzaren gehiengoak, "eta hori ere errespetatzeko eskatzen dugu, baita auzokideen eskaria ere".

Bestalde, EH Bilduko kidearen ustez, lehiaketan bertan gertatutakoa "errespetu falta handia" izan da parte-hartzaileentzat: "Gardentasun falta handia egon da prozesuan: epaia emateko epea orain dela hilabeteak amaitu zen, eta EH Bildutik horregatik erabaki genuen gaia Kultur Etxeko artezkaritza batzordera eramatea. Hor ez ziren gai izan adierazteko lehiaketa hutsik geratu zela, eta egun batzuetara iragarri zuten lehiaketa berriro egingo dutela, oinarrietan aldaketa batzuk eginez. Prozesua ez da gardena izan eta berriro ere galderak egingo ditugu otsaileko Artezkaritza Batzordean".

Lehiaketaren harira, talde moreko bozeramaileak uste du "leku asko" dagoela murala egiteko. "Gainera, urtez urte errepikatuko den lehiaketa izango denez, uste dugu Jose Miguel Ibarretxeren murala –Xake– ere bilduma horren parte izan beharko litzatekeela, iragana orainarekin lotuz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun