Getxoko EH Bilduk deitoratu duenez, urtebete igaro da udalerriko HAPOaren hasierako onespenari alegazioak aurkezteko epea amaitu zenetik, eta, ordutik, aurkeztutako alegazioen erantzunak jaso ez direla salatu du. "Herritar batzuk beldur dira belaunaldiz belaunaldi mantendu dituzten etxebizitzak, bizi-proiektuak, baserri historikoak... galduko ote dituzten, eta oraindik ez dute udal honen erantzunik jaso".
Ildo horretan, Amaia Aguirre Getxoko alkateak urtarrilaren 23an jakinarazi zuen 1.700 alegazio baino gehiago jaso zituztela eta horiei guztiei "aldi berean" erantzungo zaiela: "Denak aztertu dira eta talde idazleak horiei guztiei erantzungo die, aldi berean". Hala ere, ez zuen zehaztu noiz izango zen hori. Horren aurrean, baina, koalizio abertzaleak azaldu du auzokideek abokatuak kontratatu behar izan zituztela "oso arin" alegazioak prestatzeko, "Udalak ez baitzuen epea luzatu nahi izan alegazioak denbora nahikoarekin prestatu ahal izateko (horretarako legezko tresnak zituzten arren). Eta orain gobernu-taldea bera da erantzuna urtebete baino gehiago atzeratzen duena; urtebeteko egonezina ehunka herritarrentzat".
EH Bilduk gogoratu du ere hainbat alegazio aurkeztu dizkiola planari, "guztiak proposamen erreal eta eraikitzaileekin, plana hobetzeko eta etxebizitza eskubidea bermatzen saiatzeko, gure ingurune naturalak babesteko eta herri eredu bat bultzatzeko auzo biziekin, merkataritza txikiarekin, mugikortasun iraunkorrarekin, aisialdirako espazioekin, ondare historikoarekin, etab".
Bigarrenik, gobernu-taldearen eta PPren arteko akordioaren ondorioz HAPO "are kontserbadoreagoa onartzeko arriskuaz" ohartarazi gura izan du EH Bilduk. "Udal hauteskundeen ondorioz, EAJk eta PSEk aurreko legegintzaldian zuten gehiengo osoa galdu zuten, neurri handi batean HAPOrekiko herritarren inposizioaren ondorioz", gogoratu dute koalizio abertzalekoek.
Egoera berri horren aurrean, EH Bilduk azpimarratu du EAJk eta PSEk PP aukeratu dutela bidelagun legegintzaldi honetan. "Horren adibide dira politikarien soldatak edo udal aurrekontuak onartzea". Horren aurrean, EH Bildu negoziatzeko prest agertu zela gogoratu du koalizioak, "marra gorririk gabe, akordio aurrerakoiak ahalbidetuko zituzten proposamenak eginez. Baina gobernu-taldeak nahiago izan du PPrekin ituna egin, eta haren ordezkariek publikoki iradoki duten bezala, HAPO onartzea ere negoziatzen ariko lirateke".
Hori guztia dela eta, EH Bilduk "HAPO are kontserbadoreago" bat ez onartzeko eskatu dio gobernu-taldeari. "Ezin da plan hau onartu herritarrei bizkarra emanez, gure herriaren etorkizuna bulego itxietan negoziatuz, getxoztarren aldarrikapenei kasurik egin gabe". Azpimarratu du planak kontrakotasun "zabala" eragin duela herrian, eta horren adibide direla hilabeteotan egindako manifestazio jendetsuak. Hori dela eta, EH Bilduk uste du "ezinbestekoa" dela horrelako plan batek ahalik eta adostasunik handiena izatea, "alderdi politiko guztien, auzo- eta kultura-elkarte guztien, eragindako bizilagunen eta abarren parte-hartzearekin. Plan horrek urte askotako atzerapena darama, eta etorkizuneko hirigintza-plangintzak, mugikortasun- eta bizikidetza-moduak diseinatu eta baldintzatuko ditu".
Horregatik guztiagatik, prozesu guztian gardentasuna izatea eskatu du EH Bilduk, eta "inposiziorik gabeko HAPO batean" lan egiteko prest daudela azpimarratu, "etxebizitzarako eskubidea bermatzea, gure ingurune naturalak babestea, merkataritza txikia bultzatzea, auzo biziak sortzea eta abar oinarri izango dituena".