Gurean egongo diren hilabete bietan, adingabekoen oinarrizko beharrizanak asetzea izango da programaren xedea, hala nola azterketa mediko orokorra egitea, begietakoa eta hortzetakoa ahalbidetzea; beren bizilekuko klima gogorra pairatzea ekiditea, tenperaturak 55ºCra iritsi ahal direlako; trukaketa kulturala, eta getxoztarren artean Saharako herriak bizi duen egoeraz sentsibilitatea sortzea.
Aldi baterako harrera-programa honetan udalerriko egoiliarrek zein bertan lan egiten dutenek har dezakete parte.
Ekimenaren ezaugarriak
- Saharako umeak familietan integratzen dira eta apurka-apurka beraien bizimoduetara ohitzen dira.
- Udan zehar zenbait jarduera egiten dituzte: txangoak, zaldi gainean ibiltzea, Sahararen Eguna Algortako jaietan, herri-bazkariagaz, eta abar. Jarduera horietan, Saharako umeek eta beraiek hartzen dituzten familiek parte hartu ahal izaten dute.
- Aldian behingo topaketak egiten dira, familiak modu boluntarioan joan daitezen eta elkarteagaz eta gainerako familiakaz iritziak trukatzeko.
- Begirale bat dago, edozer gauza gertatuz gero familiek berarengana jo dezaten.
- Saharar umeei eta beraiek hartzen dituzten familiei Getxo Kirolakeko txartela emango zaie harrera hilabeteetan, instalazioak erabili ahal izateko, baldin eta familiak Getxo Kirolakeko bazkide ez badira.
Udalak, besteak beste, honako gastu hauetarako ematen du diru-laguntza: kanpamentuetatik etortzeko eta joateko bidaiarako, txangoetarako eta ekitaldietarako.
Pertsona interesatuek izen-ematea egin edo informazioa eska dezakete 658 751 359 / atfalgetxo@gmail.com edo Getxoko Udaleko Lankidetza Sailean, 944 660 017 / lankidetza@getxo.net.