Hasteko, zer da Oporrak Bakean egitasmoa?
JULIO SAN ROMAN: Udan tokiko familiek Saharako umeak hartzeko programa da. Euskadi osoan egiten da, eta helburua da neska-mutil horiek euren herrietan bizi duten egoera gogorretatik denbora batez arnasa hartzea, hala nola tenperatura altuetatik, elikadura eskasagatik… Gainera, gurera etortzen direnean arreta medikua izan dezaten bermatzen dugu, eta, aldi berean, Saharako herritarren eskubideak aldarrikatzen ditugu, baita errefuxiatuen kanpamenduetan bizi duten egoera salatu ere.
SIMBA MOHAMED: Nik Atfal elkarteagaz kolaboratzen dut, eta Oporrak Bakean programako monitorea naiz. Urteotan bizi izan dudanaren arabera, argi esan dezaket honek aldebikotasuna eskaintzen duela, bai datozen Saharako umeei, baina baita bertoko familiei ere.
COVID-19a dela eta, harrerak eten behar izan zenituzten hiru urtez. Zer eragin izan du pandemiak Saharan?
J. S. R..: Guk pandemiako urteak zelan pairatu ditugun ikusita imajina dezakegu zelakoa izan den haien egoera… Egia da, agian, ez direla egon konfinatuta gu bezala, kanpamenduetako jaimetatik irteteko aukera izan zuten, baina bizirauteko beharrezkoa duten kanpoko laguntza jasotzeari utzi egin zioten, hala nola elikagaiak eta mediku-aparailuak. Laguntza-bidalketak gelditu ziren; Kubako mediku-talde bat bertan egon da urteotan, baina baliabideen falta nabaritu izan dute. Egoera ez da ona izan, eta, orain, okerragotu egin da Marokogaz duten gudaren ondorioz.
Zein da gaur egungo egoera Mendebaldeko Saharan?
S. M.: Egoera oso latza da; gerrilla gerra irekia dugu Marokoren kontra, eta injustizia asko dago. Horrek asko mintzen gaitu, baita arduradunen inplikazio falta ere, hala nola Espainiako Gobernuarena; isil-isilik dago, ez du justizia defendatzen, ez du errealitatea onartzen. Eta asko du esateko Sahararen egoeraz, ardura handia duelako gure herriaren egoeraren inguruan. Lotsagarria da.
Oporrak Bakean egitasmora bueltatuta, zelan doaz izen-emateak?
J. S. R.: Hiru urteotako etenaldia asko nabaritzen ari gara. Egia da hainbat familiak deitu gaituela informazio eske, zazpi edo zortzi izan dira, baina, momentuz, bakarrik hiruk eman dute izena. Espero dugu informazioa jaso duten horietatik bizpahiru animatzea. Asmoa da Euskadin 300 harrera-familia lortzea, baina zail ikusten dut helburu horretara heltzea. Hala ere, nabarmendu nahiko nuke oso garrantzitsua dela honegaz aurrera egitea, sahararrek gero eta aukera gutxiago dutelako haien kanpamenduetatik alde egiteko. Badirudi Ukrainako gerragaz mundua hango egoerari bakarrik erreparatzen ari dela, eta beharrezkoa da hori ere, baina garrantzitsua da munduko beste puntu batzuei begiratzea ere.
"Hiru urteotako etenaldia asko nabaritzen ari gara. Egia da hainbat familiak deitu gaituela informazio eske, zazpi edo zortzi izan dira, baina, momentuz, bakarrik hiruk eman dute izena. Espero dugu informazioa jaso duten horietatik bizpahiru animatzea"
Orokorrean, zenbat harrera-familia lortu izan dituzue urtez urte Getxon?
J. S. R..: Inoiz 16 familia izan gara, baina, orokorrean, 10 izan ditugu urtero. Ulertzen dut hiru urte igaro garela programa martxan jarri barik, eta zaila izango dela hau dena aktibatzea. Hartara, bost edo sei izango bagina, pozik egongo nintzateke.
S. M.: Familia askoren borondatea ona da; jendea oso kontzientziatuta dago gai honegaz, baina, askotan, informazio faltak eragiten du jende askok aurrera ez egitea harrera honetan. Hala, oso garrantzitsua da azpimarratzea harrera-familiek ez diotela inolako gasturi aurre egin behar, den-dena diruz-lagunduta dago.
J. S. R..: Bai, hori da; egingo ditugun irteerak, mediku errebisioak eta ekintza guztiak diruz lagunduta daude, eta familiek ez dute ezer ordaindu behar. Egin behar duten gauza bakarra da umeakaz janaria konpartitu eta arropa utzi. Dutena konpartitu azken finean. Guk, elkartetik, gainera, lehenengo egunean motxila bana banatzen dugu bi egunerako arropagaz.
Zein adineko umeak etorriko dira gurera?
J. S. R..: 8-9 urteko neska-mutilak izango dira hartuko ditugunak, eta horri esker espero dugu datozen urteetan ere harrera-familiek programan errepikatzea berriro ere ume horiek etxean hartzeko.
Gainera, edozein zalantza edo ezbeharretarako zu zaude bidelagun, ezta, Simba?
S. M.: Bai, hori da. Egunero 24 orduetan prest egongo naiz umeak gurean dauden bitartean edozertan laguntzeko. Asmoa da familien eta etorritako neska-mutilen arteko lehenengo hartu-emana ahalik eta arinena, lasaiena eta onena izatea.
J. S. R..: Familiak inoiz ez dira medikuarenera bakarrik joango umeagaz; monitoreak, Simbak, lagunduko ditu beti. Gainera, lehenengo harreran oso garrantzitsua da hori. Are, familiaren batek egun zehatz batzuetan ezin izango balu umeagaz egon, gu geu, elkartetik, antolatuko gara neska edo mutikoagaz egoteko.
Pertsona interesatuek izen-ematea egin edo informazioa eska dezakete 658 751 359 / atfalgetxo@gmail.com edo Getxoko Udaleko Lankidetza sailean, 944 660 017 / lankidetza@getxo.net.