Oihane Zelaia talde feminista berriko kideak HIRUKAri azaldu dionez, pandemiaren ostean lan egiteari utzi zion IEAk, eta, horren ondorioz, hutsune bat egon da auzoan feminismoari dagokionez. Berbarako, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren antolaketarako, greba batzorde mistoa osatu zuten eta horren osteko balorazioa egiterakoan, aipatutako ondorioetako bat izan zen talde feminista bat behar zela Itzubaltzeta/Romon, "aurretiko lanketarik ez zegoelako egon". Hala, ordutik, auzoko hainbat emakume batu eta talde berriari forma ematen hasi ziren, martxoaren 2ko aurkezpenean jendaurrean gorpuztu dena. Gaur egun 10 emakumez osatutako taldea da, belaunaldiartekoa: "Gazteenak 26 urte ditu, eta, zaharrenak, 70".
Datozen egunotarako ekitaldiak
Orain, hilaren 7an, Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideakaz batera, En buenas compañías filma proiektatuko dute, eta Garbiñe Mendizabal auzokideagaz solasaldia egin ere. Hurrengo egunean, martxoaren 8an, inguruko gainontzeko talde feminista askok egingo duten bezala, manifestazioa egingo dute auzoan. Santa Eugenia plazan jarri dute hitzordua, arrastiko 19:00etan.