Zer da endometriosia?
Endometriosia hileko bakoitzagaz hazten doan ehuna da, endometrioaren antzekoa dena baina ez dena zehazki berdina. Gehienbat pelbiseko barrunbeetan kokatzen den arren, organo desberdinetan hazi daiteke; biriketan edota garunean, esaterako. Horregatik, ez dugu gaixotasun ginekologikotzat hartzen, baizik eta multisistemiko gisa, betiere hormonen mende dagoena. Jaiotzetik dugun gaixotasun bat da, gure amek pasatakoa.
Nolakoa izan da zure esperientzia endometriosiagaz?
Txikitatik hileko mina normalizatu zen nire amak horrelako minak zituelako ere. 12 urtegaz jaitsi zitzaidan lehenengo hilekoa eta oso mingarria izan zen, eta hortik aurrera oso zaurgarri bilakatu nintzen, barneratu nuelako onartu beharreko gaitz bat nuela. Kafea eta gatza hartzen nituen botaka egiteko eta eskolara ez joateko, nituen minak komunikatzean ez zidatelako sinisten.
21 urtegaz fibromialgia nuela esan zidaten, neke kronikoa, eta 36 urte bete arte ez zidaten endometriosiaren diagnostikoa eman. Larrialdiko ebakuntza egin zidaten eta peritonitisa nuela esan zidaten. Hala, krona izan zitekeela ere uste zuten. Nire ahizpak endometriosia zuenez tematu nintzen horren frogak egiteko, eta, azkenean, hori zela ikusi zuten. Menopausiagaz edo kirurgia bat egiten badizute endometriosiaren arazo guztiak amaitzen direla diote, baina ez da egia. Tratamendurik gabeko urteetako ebakuntzen ondorio guztiek arazo handiak uzten dizkizute: akatsak hesteetan eta ureterretan, min pelbiko kronikoa, muskulu-kontrakturak pelbisean... Horregatik, saihestu nahi ditugu berandu egindako diagnostikoak edota beharrezkoak ez diren ebakuntzak.
Nola detekta daiteke?
Medikuek egin beharrezko azterketetan erreza da antzematea, baina, noski, horretarako endometriosiaren inguruan formakuntza duten adituak egon behar dira. Ginekologia-azterketa batean obulutegiak, tronpak, eta uteroak begiratzen dizkizute, beraz, ez dizute gaixotasuna antzemango bertan fokurik ez baduzu. Gehienetan, bertan hazten da endometriosia, baina ez beti. Horregatik, oso garrantzitsua da ikusgarritasuna ematea eta gaixotasunean inplikatutako edozein espezialistak endometriosia ezagutzea. Digestiboetan, toraxeko kirurgian edota urologian detektatu dute, esaterako.
Beraz, egun, diagnostikoa oso berandu egiten da eta horrek ondorio fisiko, psikologiko eta psikosozial handiak sortzen ditu, askotan konponezinak direnak.
Zeintzuk dira sintoma ohikoenak?
Mina hilekoan, sexu-harremanak mantentzerakoan, giharretan eta txiza egiterakoan, beherakoak, antzutasuna, gernuko infekzioak eta elikadura intolerantziak, besteak beste.
Aipatu duzu ez dagoela sendabiderik.
Gaur egun endometriosiak ez du sendabiderik, ezta tratamendu espezifikorik ere. Izan ere, niretzako ona den zerbait, beste bateri baliteke ondo ez egitea. Jaten dugunaren, gure gorputzean jartzen ditugun kremen eta bizi garen giroaren araberakoa da gaixotasun hau. Nutrizio-mailan zenbat eta bizitza hobea izan, orduan eta hobeto. Egia da mantenugai asko kendu behar ditugula gure dietatik; horregatik, bitaminak hartu behar ditugu. Emakume batzuek tratamendu integralen aldeko apustua egiten ari dira.
Zenbat emakumek dute endometriosia?
Datu hori zenbatetsia da, esaten baita adin ugalkorrean dauden emakumeen % 8 edo % 15ak izan lezakeela, baina errealitatea da gehiago izan litezkeela. Izan ere, zure amak pasatzen dizun gaixotasuna da eta menopausia iristean hori pairatzen jarrai dezakezu. Oso ikerketa gutxi dago, baina kalkulatu dute hamar emakumetatik batek duela.
Zer aldarrikatzen duzue EndoEuskadi elkartean?
Gure aldarrikapenak diagnostiko goiztiarra eta osasun publikoa hobetzea dira. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan Osakidetzak endometriosia duten emakumeak artatzeko gida bat sortzea eta betetzea nahi dugu. Gaur egun, endometriosi unitate bat dago Gurutzetako ospitalean, baina Osakidetzak ez ditu unitate horiek aintzat hartzen. Halaber, badakigu egun diagnostiko goiztiarra lortzeko ikertzen ari direla, proba ez-inbaditzaileakaz.
EndoEuskaditik behar duen edozein pertsona laguntzeko prest gaude: arreta medikoaz gain, funtsean gaixotasunari buruzko informazioa zabaltzeko eta fase guztietan ezagutzeko aukera ematen dugu, paziente aktiboak eraikitzeko eta erabakiak ezagutzatik hartu ahal izateko. Endometriosia duela susmatzen duen edo diagnostikoa duen edozein pertsona gugaz harremanetan jar daiteke. Gainera, EndoSpain elkarteen federazioko kide gara eta horrek perspektiba gehiagogaz lan egitea ahalbidetzen digu.
Zergatik uste duzue hain gutxi dakigula endometriosiaren inguruan?
Emakumeen gaixotasuna delako, eta sexu eta hileko heziketa oso urria delako. Erabat gutxietsita dago endometriosia eta oso normalizatuta dago emakumea sufritzeko jaio dela. Adibide bat jarriko dizut, prostatako minbizia duten gizonen kopurua oso baxua da. Halaber, prostatako minbizia operatzeko robot bat asmatu dute. Eta, emakumeok? Endometriosia dugunok ezin dugu horrelako robot bat izan? Ez da ezer ikertu emakumeen gaitz baten inguruan, baina gizonezkoen gaixotasun batek robot bat du. Endometriosia gizonek duten gaixotasuna balitz, sendabidea, ikerketa eta denetarik izango luke.
Pasa den urtean hilekoagatiko baja hartzeko legea indarrean hasi zen. Poliki bada ere, aurrerapenak egiten ari direla uste duzue?
Urrats handia da. Endometriosia baduzu eta diagnostikora iritsi ez bazara, behintzat lau eguneko baja izango duzu endometriosia duzula frogatu arte. Baina, bestalde, iruditzen zaigu hilekoagatiko mina ez dugula normalizatu behar; hilekoak ez du minik ematen. Ikertu behar dute zergatik dugun mina eta gero baja eman.
Ikasleentzako bajak
EndoEuskadiko ama askoren eskakizuna da ikasleek bajak hartzeko eskubidea ere izatea. Izan ere, endometriosia eta hileko mingarriak dituzten ikasleek ezin dituzte langileek bezalako bajak eskatu, eta, ondorioz, ezin dute ikasturte akademikoa ganoraz bete.
Elkarteko ama batek deitoratu bezala, bere alabak ausardi handia erakutsi du gaztetatik: "Bere gorputzaren eta bere ingurukoen kontra borrokatu behar izan zuen, inork ez zuelako bere mina serio hartzen. Klasera eta azterketetara, txangoetara edota ekitaldiren batera joaten ez bazen, ahula zela esaten zion gizarte baten aurka borrokatu behar zuen. Horregatik, nire alaba borrokalari bat da".