Elkarrizketak

Christian Rodriguez eta Ruth De la Hera: "Bizikidetza eta elkar ezagutzea da gure gakoa"

Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 19a, 09:36

Christian Rodriguez eta Ruth De la Hera, Ibilki taldeko kideak.

Berriaren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako lehen saria jaso du Christian Rodriguezek, Ludi Vigueragaz batera, Ibilki mendi-taldearen izenean. 2022ko azaroan Rodriguezek beste hainbat kidegaz batera Argentinako Andeetara egindako bidaia kontatzen dute biek saritutako kronikan, lehenengoak bizitakoak bigarrenak euskaratuta. Hala ere, 6.000 metroko mendi-igoerak egin arren, inguruotan jarduten dute Ibilkiko kideek, desgaitasunen bat duten gizon-emakumeei naturaz gozatzeko aukera emanez.

Desgaitasunen bat duten hiru pertsonagaz batera, Argentinako Andeetara bidaia egin zuten Getxoko Ibilki mendi-taldeko zortzi kidek 2022ko azaroan. 6.000 metroko mendi bi igotzen saiatu ziren, hango X Mas Inclusion elkarteagaz batera. Protagonistek diotenez, igoerari baino, talde bien bizikidetzari eman zioten garrantzia gehien, eta, espedizio hartan jazotakoak kontatu guran, horretan bizi izandakoen kronika egin zuten Christian Rodriguezek eta Ludi Viguerak, lehenengoak idatzitakoak bigarrenak euskarara ekarrita. Berriaren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketara aurkeztu zuten lana, baita irabazi ere. Rodriguezek gogoratzen duenez, Viguerak proposatu zion norgehiagokara aurkeztea, Ibilkik egindako lana gizarteratzea garrantzitsua zela iritzita.

Ikusmen-urritasuna duen pertsona bat bere kideak hanketan dituen zinta islagailuak jarraitzen, Hernio mendian, Gipuzkoan. © IBILKI

Getxotik, Rodriguezegaz batera, Ruth De la Hera batu zen espediziora, besteak beste. Biek gogoratzen dutenez, pandemiaren ostean etorri zen Argentinarako bidaiaren aukera. Orokorrean, Bizkaian eta inguruetan egiten ditu Ibilkik irteerak, baina, Marokora eta Guatemalara ere egin izan dituzte bidaiak, "betiere tokiko elkarteekin harremanetan". Pandemian, berriz, egokitutako kirola sustatzen zuen Buenos Aireseko X Mas Inclusion elkartea getxoztarrakaz jarri zen harremanetan, "mendi-irteerak ere jorratu nahi zituztelako". Hala, Rodriguez elkarrizketatu, eta etorkizunean zerbait elkarregaz egin behar zutela adostu zuten. Esan eta egin. 2022ko uztailean, argentinarrakaz harremanetan jarri eta azarorako bertan egongo zirela hitzartu zuten. Espedizioa antolatu, eta Andeetara egin zuten bidaia.

De la Herak gogoratzen du oso ondo moldatu zirela bi taldeak, izan ere, horixe izan zen haien helburua: elkarbizitza. Ibilki mendi-taldearen funtsa eta muina ezberdinen arteko bizikidetza sustatzea da, "betiere batzen gaituen mendizaletasunaren inguruan". Ildo horretan, Ibilkiko kideek azpimarratzen dute mendi-talde "arrunt" bat direla, "beti batera joaten dena eta, ondorioz, denon erritmora egokituta ibiltzen dena". Hartara, askotariko pertsonak batzen dira taldera: etxerik gabekoak, bazterketa egoeran daudenak, etorkinak edota desgaitasunen bat dutenak. "Jende guztiarentzako taldea da hau, orokorrean. Garrantzitsuena da gaiari dramatizazioa kentzen diogu, ez bakarrik mendian, baizik eta desgaitasunean", dio Rodriguezek; "parte-hartzaileek ondokoak duen arazoaren jakitun da, eta, horri esker, denek duten harrera-maila oso ona da", gaineratu du De la Herak.

Kantabriako Coventosa kobazuloan. © IBILKI

Mendi-irteera inklusiboak

Rodriguezek gogoratzen duenez, bere jaioterrian, Guatemalan, hasi zen mendi-irteera inklusiboak egiten, 90eko hamarkadan, gerra zibila amaituta. "Lagun asko itsu edo elbarri gelditu ziren gerraren ondorioz, baina mendira joaten jarraitu nahi zuten, aurretik bezala. Hala, naturaltasun osoz, beharrezkoa zenean ere, gurpildun aulkiak hartu eta 4.000 metroko mendiak igotzen hasi ginen". 2007an, berriz, itsuen eta gorren elkartea sortu zen han, eta horregaz elkarlanean, mota horretako irteerak antolatzen hasi zen. 2009an, berriz, Euskal Herrira migratu, eta mendiko gida titulua aterata, Guatemalan hasitakoari jarraipena ematen hasi zen hemen, bazterkeria egoeran zegoen jendeagaz batez ere. 2015erako, berriz, Ibilki sortu zuten eta, ordutik, aste-akaburo irteerak antolatzen ditu, askotan, inguruko elkarteakaz elkarlanean. 

Gaur egun, kide biek gogoratzen dutenez, askotariko gizon-emakumeek parte hartzen dute haien jardueretan: "Jendea oso irekia da, eta harrera oso ona da pertsona guztien artean". Diotenez, zapatu-domeketan, 15na pertsonak parte-hartzen dituzten irteerak egiten dituzte, oso baliabide gutxi erabilita: "Orokorrean, jende zaurgarria dagoenez tarteko, joan-etorriak garraio publikoan egiten ditugu".

Irteeretan adin guztietakoek parte hartzen dute, horietako batzuk desgaitasuna dutenak, etorkinak eta etxerik gabekoak. © IBILKI

Azaltzen dutenez, parte-hartzen duen kolektiboaren arabera egokitzen dute irteera, "horren arabera, modu batera edo bestera funtzionatzen dugu", argitzen du De la Herak. Hala ere, modu batekoa zein bestekoa izanda ere, erabiltzaileentzako zerbait "terapeutikoa" dela azpimarratzen dute Ibilkikoek, "asko eskertzen dute, eta igartzen zaie".

Diotenez, talde txikiak antolatzen dituzte, 15 bat pertsonakoak, "hobeto funtzionatzen dute, bizikidetza lantzea ahalbidetzen delako modu honetan". Horri esker, gainera, istorioak eta kondairak partekatzen dituzte, besteak beste. Ildo horretan, Rodriguezek gogoratzen du Urkiolara joan izan direnean, bertan Anbotoko Damaren edo Mariren istorioa kontatzerakoan konturatu direla mota horretako kondairak daudela leku askotan, eta horrek nolabait elkartu dituela leku ezberdinetako erabiltzaileak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun