Egunotan 23. Korrika Euskal Herria alderik alde zeharkatzen ari dela-eta, Nikaraguan egon arren, Arkaitz eta Uxue algortarrek euskararen aldeko euren aletxoa jarri gura izan dute, eta ondo lortu ere!
Bikotekidea Nikaraguako Leon hirira joan ziren orain dela hilabete batzuk; Arkaitz herrialdeko landa-komunitateetan indarkeria matxisten prebentzioan eta ingurumenaren babesagaz lotutako proiektuetan dabil lanean, eta Uxue hango ospitalean boluntario, Gurutzeta ospitaleko bere erizain-lanetan hilabete batzuetarako baimen bat eskatu ostean.
Diotenez, 23. Korrika berton bizi ezin izango zutela jakinda, hara joan aurretik, han Korrika biziaraztea zuten buruan, eta horri forma ematen hasi ziren. "Horretarako, Bilboko AEKtik pasa ginen, petoak erosi eta Korrika Nikaraguan aurrera eramateko gure prestutasuna erakusteko ere", azaldu du Uxuek. Bertan, Korrika Munduan ekimenaren baitan eginkizuna aurrera eramatera animatu zituzten euskaltzaleek, eta biei materiala eta AEKren babesa eskaini zieten.
Hori horrela, lasterketa erraldoiaren data hurbildu ahala, Uxuek eta Arkaitzek haien ingurukoei Korrikaren nondik norakoak azaltzen hasi zitzaizkien. "Ikusita jendearen harrera horren ona zela, eta euskara eta gure kulturak jakin-mina pizten zuela bertako herritarrongan, ekintza martxan jarri ahal izateko eginkizunekin jarri ginen", azaldu du Uxuek. Hala, Alkatetzan eta polizia-zerbitzuetan baimena eskatzeko idatziak eta difusioa egiten hasi ziren.
Aitortzen dutenez, Korrikaren kontzeptua azaltzea zaila izan zitzaien, eta erantzun ofizialak motel jaso zituzten, baina haien lanak erantzuna izan zuen: agintariek azken orduan agertu zuten interesa Korrikarengan, eta zapaturo arrastiro herriko plazan egiten diren ikuskizun kulturalen parte izatera gonbidatu zituzten.
Hala, agertokira igo, Euskal Herriaren, euskal kulturaren eta Korrikaren inguruko azalpenak eman ondoren, Korrikari hasiera eman zioten, bideoan ikus daitekeenez. Horretan, bikotekidearen lagun, lankide eta ezagunak ageri dira, baina Leon hiriko herritarren erantzuna "paregabea" izan dela azpimarratu dute: "Ilusioz eta prestutasun handiz ibili dira gure ekimena babesten, eta, transmititu digutenaren arabera, Korrika honen parte izan izana, eta gure kultura tea hizkuntza babestuz haien ekarpena egin ahal izana, 'ohore bat' izan omen da. Guztiz pozik gaude lortutakoarekin!".