Zergatik erabaki zenuen munduko herrialde guztiak bisitatu gura zenituela?
Txikitatik izan naiz oso pertsona kuriosoa, esploratzaileen liburuak eta mapak irakurtzen ibili naiz eta museoetara joaten nintzen sarri. Baina inflexio puntua izan zen, orain dela 25 urte gurasoakaz eta anaiagaz batera Egiptora egindako bidaia. 10 urtegaz piramideen artean nengoela mundua ikusteko eta deskubritzeko gogoak sortu zitzaizkidan, baita nire anaia Aiheneri ere.
Hortik aurrera hasi nintzen beti bidaiatzen oporrak nituenean: nire lagunakaz, anaiagaz edota bakarrik. Aitzitik, orain dela 4 urte istripu bat izan nuen motorragaz Bartzelonan nengoela; oso istripu latza izan zen. Orduan, pentsatu nuen bizitza aprobetxatu behar dela eta ezin nuela nire bizitzako denbora galdu. Nire bizitzako ametsa aurrera eraman behar nuen. Momentu horretan, ia 33 nituen, dirutxo bat aurreztuta eta nire bizitzagako "ordenagaz" apurtzeko arriskua hartu nuen. Alde batera utzi nuen nire betiko bizitza eta hiru urte hartu nituen niretzako, nire ametsa betetzeko helburuagaz.
Ingurukoek prozesu honetaz guztiaz zer esaten zuten?
Lagunek noizean behin esaten zidaten ea zertan nenbilen eta ea burutik jota nengoen. Baina familiakoek ezagutzen naute eta bazekiten nire ametsa zela. Istripua eta gero tristeago nengoenez, bazekiten hauxe zela ni animatzeko eta bultzada emateko bidea. Beti euren berotasuna izan dut.
Askotan bidaiatu duzu anaiagaz?
Bai. Egiptora joan ginenetik mundua ezagutzeko ametsa konpartitzen dugu eta bera momentu honetan munduko herrialde guztiak bisitatu nahian dabil. 181 herrialdetan egon da momentuz. Elkarregaz 100 herrialde baino gehiagotara bidaiatu dugu eta leku arriskutsuetara beti batera joan gara. Adibidez, Afrikako herrialde gehienetara beragaz joan naiz. Gainera, pertsonalki poz handia ematen dit beragaz esperientzia hau konpartitzea.
Duela hiru urte joan bazinen, pandemia bete-betean zegoela hasi zinen falta zitzaizkizun herrialdeak bidaiatzen, ezta? Zer nolako zailtasunak izan zenituen?
Dena batu zatu zen, bai. Herrialde asko pandemia baino lehenago bisitatuta nituen, beraz, horren arabera antolatu nintzen, irekita zeuden herrialdeei erreparatuz. Lau herrialde ikusten banituen, eta bosgarrena itxita bazegoen, saiatzen nintzen nolabait sarbidea topatzen. Esaterako, Afrikako lurraldeetan bertako jendeagaz berba egiten azkenean lortzen nuen behar nituen gauzak. Bertako muga bat zeharkatzeko herrialde bateko enbaxadore bategaz berba egin behar izan genuen, dokumentu berezi bat lortzeko. Nahiko zaila zen guztia momentu horretan.
Beraz, zure ametsa lortzeko giltza esango zenuke izan dela jendeagaz harreman hurbilak izatea?
Nire aholkua da beti jendeagaz berba egitea. Ez da eduki behar beldurrik, azkenean, gure artean ulertu nahi dugu eta orokorrean lagundu egingo zaituzte eta beren partetik guztia emango dute. Ikusi dudana da mundu honetan nahiz eta erlijio, kultura edota pentsamendu ezberdinak eduki, azkenean guztiok garela izakiak eta guztiok nahi ditugula gauza antzekoak: familia eduki, zoriontsua izan eta datorren jendeari besoak zabaltzea. Beraz, uste dut hori leku guztietan dagoela; hemen edota Australian. Denok gara gizakiak eta horregaz gelditzen naiz egindako bidaia eta gero.
Zeren arabera erabaki duzu zeintzuk hartu herrialde ofizial gisa?
Munduan 193 herrialde ditu ONUk onartuta. Vatikano eta Palestina ere hartu ditut nik kontuan. Gero, beste lurralde batzuk daude, adibidez, Kosobo, Transnistria eta Taiwan. Horiek, ez daude onartuta, baina herrialde gisa funtzionatzen dute. Horietako gehienetan ere egon naiz, baina ez ditut 195 herrialdeen zerrendan sartu.
Zein da herrialderik arriskutsuena bisitatzeko?
Afrika inguruan herrialde asko oso latz daude, gerren ondorioz: Somalia, Txad, Sudan, Libia… Heltzeko ere oso zaila da, gerran daudenez ezin zara turista moduan bertara joan; bertako norbait behar duzu zuri gonbidapen bat bidaltzeko. Gainera, bertara heldu arren, herrialde batzuetatik mugitzea ere arriskutsua izan daiteke.
Gogoan dut Malin basamortua zeharkatzeko autobus baten barruan geundela. Antza, Al Kaedako islamistak zeuden guri begira, autobusa zelatatzen gu bahitzeko asmoakaz. Eskerrak bertatik militarrak zeudela eta mugimendua ikusi zutenean gure bila joan zirela. Hori da nik uste bizi dudan momenturik arriskutsuena.
Halaber, Afrikan lau aldiz egon gara atxilotuta, baina ez da ezer txarra egin dudalako. Esaterako, Hego Sudanen geundela banku bati argazki bat atera nion eta polizia etorri zitzaigun galdetzera ea nortzuk ginen eta zer egiten genuen bertan. Azkenean, erdi-gerran dauden herrialdeetan argazkiak ateratzen badituzu espia zarela uste dute. Baina Afrikan horrelako gauzak gerta daitezkeela jakin behar duzu eta lasai joan. Azkenean, dena ondo atera da eta alde positiboagaz gelditzen naiz.
Nola antolatu dituzu bidaiak?
Soilik joateko txartelagaz joaten naiz, eta nahiz eta gutxi gora beherako ibilbide bat pentsatuta izan, beste guztia inprobisatzen joan naiz. Jendeak leku batera edo bestera eramaten zaitu. Izan ere, nire ustez, bidaiatzea ez da soilik joatea leku batera bertan egotera, baizik eta bertako jendeagaz harremanetan egotea, eta bertako kultura ezagutzea eta ikastea.
Zein hizkuntza erabili dituzu batez ere?
Ingelesa erabili dut gehienbat, baina frantsesagaz, gaztelaniagaz eta portugesagaz aski ondo mugitu zaitezke. Adibidez, Errusia eta antzinako Sobietar Batasuneko guneetan, apur bat zailagoa da, soilik errusieraz egiten dutelako edota euren tokiko hizkuntzan. Bestela ere, beti eramaten dut nigaz orri bat 20-30 marrazkigaz gauza sinpleak eta beharrezkoak eskatzeko. Adibidez, autoaren marrazkia, hotela, janaria...
Zenbat denbora pasatzen duzu herrialde bakoitzean?
Gutxienez bi egun eta gau bat egin dut herrialde bakoitzean. Niretzako ez du balio herrialde bat zapaltzea eta joatea, baizik eta herrialdean denbora bat egon behar da. Kontuan hartu behar da gerran dauden herrialdeetan ezin zarela bi egun baino gehiago egon arriskutsua delako. Beste herrialde batzuetan, astebete, aste bi edota hilabete bat egon naiz, lekuaren arabera.
Zein da gehien harritu zaituen herrialdea?
Ipar Korea. Bertan ikusten duzuna ez duzu beste inon ikusten. Beste mundu batean bezala egotea da. Ez dute kafetegirik, supermerkaturik, dendarik… dena da oso zurruna.
Herrialde guztiak dute zerbait berezia, baina gustatu zaizkidan hiru herrialdegaz gelditu beharko banintz, hurrengoak dira: Hasteko, Venezuela, paisaiengatik eta jendeagatik. Gero, Iran, bere historia oso aberatsa delako eta jendea eskuzabala eta beroa delako, eta, bukatzeko, Afrika inguruan, Etiopia.
Zein izan zen zure azkeneko herrialdea?
Nire azkenengo herrialdea Cabo Verde izan zen. Arrazoia izan zen Elcanok orain dela 502 urte munduari buelta eman zion momentuan Cabo Verde izan zela bisitatu zuen azkenengo herrialdea etxera bueltatu baino lehen. Zentzu horretan, omenaldi moduko bat egin nahi nion eta nire anaiagaz eta nire familiagaz konpartitu nuen. Elcanon itsasontzia, nao Victoria, Ondarroan egin zen. Betidanik Getxon bizi izan naizen arren, sentimenduz Ondarrutarra naiz eta konexio hori sentitu nuen beragaz.
Hiru urteko bidaia honen ostean zenbait aurreiritzi ezabatu zaizkizu?
Bai. Orain naizen eta duela hamar urte nintzen pertsona bi mundu ezberdin dira. Gauza materialak baino beste gauza batzuk baloratzen ditut gaur egun: jendea ezagutzea, esperientzia berriak bizitzea... Gainera, hainbeste bidaiatzeak ere lagundu dit hemen dudan guztia baloratzen. Euskal Herrian gauza asko hobetu daitezkeen arren, guztia dugu: segurtasuna, kultura, heziketa, osasuna, etab. Ikasi dut hemen dudan guztia oso baliotsua dela. Gure kultura eta identitatea zaindu behar dugu.
Halaber, herrialde batzuen inguruan oso ideia markatuak ditugu. Zeintzuk diren "onak" eta "txarrak", esaterako. Gero bertara joaten zara eta jendea orokorrean oso jatorra eta eskuzabala da. Denak gara izakiak eta denok nahi dugu berdina lortu. Hemendik ematen den ikuspuntua ez da bat ere bertan ematen dena. Ikuspuntu geopolitikotik eraikitako iruditegiek eragin handia dute gugan.
Klima aldetik zein izan da herrialde gogorrena?
Afrikan Txad, Niger edota Sudan bezalako herrialdeak izan dira gogorrenak. Hainbesteko beroa dago bertan ezin duzula benetan disfrutatu. Halaber, Mongoliara abenduan joan nintzen eta bertan pasatu nuen hotza ez dut inon bizi. -20 graduko tenperaturak zeuden, haize itzelagaz, eta atzamarrak izoztuta nituen.
Euskal Herria bera ere ezagutzen duzu?
Bai, baina egia da ez dudala hainbeste ezagutzen kar-kar. Adibidez, Nafarroa Beherea gutxi ezagutzen dut. Nire asmoa da inguruko herri txikiak gehiago ezagutzea. Halere, bidaietan Euskal Herria beti izan dut nire bihotzean, eta nire eginkizuna euskal kultura eta historia zabaltzea zela sentitzen nuen. Jendeak askotan galdetzen zidan nongoa nintzen, non kokatzen zen leku hori, nolakoa zen nire kultura...
Hainbeste bidaiatu ostean, nolakoa da buelta?
Ez da hain erreza. Denbora luzez amets bat duzunean buruan eta gero lortzen duzunean, hutsune bategaz gelditzen zara. Hala ere, oso pozik nago bizitako guztiagaz. Esan bezala, etxera bueltatzen zarenean, ez zara joan zinenaren berdina. Momentu honetan, liburu bat idazten ari naiz bizitako guztiagaz. Munduko herrialde guztiak bisitatu dituen euskalduna naiz, eta beraz, euskaraz idatziko dut. Asmoa da herrialde bakoitzaren inguruan idaztea nire ikuspuntu eta esperientziatik.
Nahiz eta herrialde denetan egon, oraindino hiri eta gune asko falta zaizkit ezagutzeko. Herrialdeak oso handiak dira, eta beti dago zerbait gehiago deskubritzeko. Beraz, orain nire asmoa da gehien gustatu zaizkidan herrialdetara bueltatzea eta bertan denbora gehiago igarotzea. Lasaiago dena ikusi eta bertan ezagutu dudan jendeagaz berriro ere batu nahi dut. Azkenean, eramaten duzuna da bertako jendea eta esperientzia.