Elkarrizketak

Mauro Pavan: "Oscar Sarietan Miyazaki handiaren ondoan erortzeak ez du horrenbeste minik ematen"

Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 22a, 10:00

Mauro Pavan getxoztarrak FX lantaldea zuzendu du 'Robot Dreams' animaziozko pelikulan.

Robot Dreams animaziozko pelikulan aritutakoa da Mauro Pavan algortarra. Askotariko sariak jaso ditu lan horrek joan den abenduan estreinatu zenetik, tartean Goya bi eta Annie bat. Martxoaren 10ean, Oscar Sarietan ere lehiatu zen, Animaziozko filmik onenaren kategorian, baina, zoritxarrez, Pavanen lantaldeko kideek ezin izan zuten oscarra etxera eraman. Horren inguruan, eta egindako lan guztiaz, aritu gara beragaz.

Oscar Sarietara izendatutako pelikula izan da Robot Dreams, baina, azkenean, ezinezkoa izan du Animaziozko filmik onenaren saria lortu. Zelan hartu duzu albistea?

Etxetik ikusi nuen Sariketa, eta horren aurretik ere erabaki hori espero nuen, batez ere lehiakideak zeintzuk ziren ikusita. Azken finean, gure pelikula aurrekontu txikikoa izan da gainontzekoekin alderatuta; esaterako, gureak 5-6 milioi eurokoa izan du, eta Spiderman filmak, aldiz, 140-200 milioi inguru. Dena den, azkenean Miyazaki handiaren Kimitachi wa do ikiruka / The Boy and the Heron filmak jaso du saria, eta ohore bat izan da horren aurrean “erori” izana.

Dena dela, Oscar Sarietarako hautagai izendatu izana, bere horretan, izugarrizkoa izan da, ilusioagatik, baina baita lortu dugun ikusgarritasunagatik ere.

Zinemaren munduan, zer esan gura du Oscar Sarietara iristeak?

Industriaren saria da; Hollywood bera da. Aurretik ere, izendapena jaso genuen nolabait animazioen oscarrak diren Annie Sarietara, Los Angelesen (AEB) ere, eta horretan Animaziozko Film Independente onenaren saria lortu genuen.

Miyazakiren ondoan erortzeak min gutxiago ematen duela diozu. Zer da zu bezala animazioan dabilen pertsona batentzako bere mailan kokatu izana?

Izugarria da. Dena den, esan beharra dago Robot Dreams pelikula egiteko Espainiako Estatuko animazio-munduan dabilen onenetarikoak batu dituela lantaldeak. Mimo handiz egindako lana da, eta hori azken emaitzan ikusten da; istorioak oso ondo funtzionatzen du, eta Pablo Bergelek izugarrizko lana egin du kontakizuna harilkatzeko. Pelikula borobila da.

Lantalde horren barruan, zein izan da zure papera?

Ni animazio-laguntzaile gisa hasi nintzen lantaldean, baina, azkenean, horik barik denetarik egin nuen. Asistentzia- eta konposizio-lanak egin nituen, baina, azkenean, oraindino sortuta ez zegoen FX sailean bukatu nuen. Hori sortu aurretik, proba batzuk egin nituen, eta animazio-zuzendariari gustatu zitzaizkionez, FX delakoak diseinatzen hasi nintzen, hala nola sua, kea, ura eta mota horretako efektu bereziak. Nirekin batera bi laguntzaile hasi ziren, eta taldetxo bat sortu genuen. Hartara, nire papera, nolabait, talde hori zuzentzea izan da.

Pelikula bera, baina, Pablo Bergerrek zuzendu du; zelakoa izan da beragaz lan egitea?

Berak izan zuen pelikula egitearen ideia, eta berak sortu zuen gidoia ere, baina animaziozko-pelikula bat egiten zuen lehen aldia izan da. Istorioak kontatzeko medio ezberdina da hau, eta prozesuak ezberdinak dira. Hala ere, oso ondo egokitu da, eta emaitza, esan bezala, borobila.

Pelikularen oinarria den Sara Varonen komikia irakurria nuen, eta jakin-minez nengoen ea zelan egokituko zuen 20 minutuan irakur daitekeen lan bat zinemara, eta, aitortu behar dut, izugarrizko lana egin duela. Oso zorrotza izan da prozesuetan.

Beragaz lan egitea, bada, ondo egon da. 2021eko irailean sartu nintzen lantaldera, eta lanean hasi bezain pronto, filmaren nondik norakoen ideia egiteko animatika erakutsi ziguten, eta horrek, jada, funtzionatzen zuen. Ondoren, gutako denoi deitu zigun Bergerrek, non emozionatu ginen eta zer iritzi genuen jakiteko. Hartu-eman hori ez dut beste inon ikusi.

Komiki batetik egokitutako pelikula izanda, zein puntutaraino da hasierako lan horrekiko fidela?

Gehitutako gauza asko ditu pelikulak; lengoaia aldatzen da, kontatzeko modua. Istorioa bera da, baina autorearen ukitu asko ditu. Izan ere, esan bezala, komikia 20 minutuan buka dezakezu, eta pelikulak 102 minutu ditu. Hartara, bi orrialdetan gertatzen dena 10 minutuan jasota dago hemen, eta horietan gauza asko kontatu behar dira. Hori horrela, pelikula komikiaren bertsio hedatua dela esan genezake.

Sortze-prozesuan zehar, zailtasunak bizi izan dituzue?

Bai, izatez, produkzioa gogorra izan da; asko estutu gaituzte. Izan ere, hasiera-hasieratik gora begira egon da, ez dakit lortu dugun guztia lortzeraino, baina bai sariketetara aurkezteko asmoz. Hasiera batean, jakin dudanez, pelikula Irlandako Cartoon Saloon estudioarekin egin nahi zuten, oso onak direnak. Baina, pandemia zela eta, ezinezkoa izan zuten. Hartara, estudio bat sortu zuten Madrilen, eta beste bat Iruñean. Ni bigarren horretan egon nintzen, eta, hasiera batean zailtasun komunikatiboak izan genituen arren, gerora oso ondo joan zen, eguneroko koordinazioa lortuta.

Robot Dreams egin aurretik ere beste hainbat animazio-pelikuletan parte hartu duzu, ezta?

Bai, horrez gainera beste hirutan parte hartu dut. Lehenengoak ez zuen arrakasta handirik izan, Memorias de un hombre en pijama, Paco Rocaren komiki baten egokitzapena zena. Garai hartan, 2016an, ni Terrassako estudio batean egiten nuen lan Irlandarako serie bat egiten, eta, besteak beste, film horren % 20a egin genuen. Gerora, Buñuel en el laberinto de las tortugas filmean ere parte hartu nuen, autonomo gisa; plano batzuk egin nituen, 40 segundo guztira. Horren ostean Robot Dreams egin nuen eta, iaz, Mariposas negras egin nuen, oraindino ez dena argitaratu, baina oso ona dena. Orain, Bilbon, hainbat Goya irabazi dituen Uniko estudioarekin nabil lanean.

Zer egoera bizi du animazioaren sektoreak gaur egun?

Bada, beti bezala, hobeto egon zitekeen. Hala ere, aitortu beharra dago indartsu dagoela, eta gero eta gehiago. Lana dago, eta inguruotan oso gauza interesgarriak egiten ari dira. Hori da apur bat aldaketa bat gertatzen ari dela animazioarekiko ikuspegian; jada ez dira animaziozko pelikulak umeentzako gauzak balira soilik ikusten.

Zein da zure lan egiteko modua? 2D-an aritzeaz gainera, 3Dagaz ere mugitzen zara?

Ez, soilik 2D formatuan, modu tradizionalean. Horrek esan nahi du lehen bezala lan egiten dugula, hau da, marrazkiz marrazki egiten ditugula fotogramak. Hala ere, teknologiari esker, lehen kipula-paperean egiten zena orain tableta edo ordenagailu bidez egiten dugu eta, horri esker, den-dena eskaneatzea bezalako pausoak aurrezten ditugu. Oso gauza zehatza da, zorrotza, eta asko landu beharrekoa; hartara, egunero-egunero marraztu beharra dago ohiturak ez galtzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun