Jone Uriak jantzi du eskualdeko bertsolari onenaren txapela

Ander Zarraga 2024ko mar. 26a, 09:22

Uriak Kerman Diaz bertsolaria garaitu behar izan zuen finaleko buruz buruzkoan txapela lortzeko. © ALBE

Zapatuan, hilaren 23an, Getxon egin zituzten Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan eta finalean Jone Uria bertsolari algortarra gailendu zen. Beragaz batera, beste bost bertsolari ere izan ziren Azebarrin egin zuten finalean: Oier Aizpurua, Imanol Uria, Kerman Diaz, Peru Vidal eta Paule Loizaga.

Egun berean, hiru finalaurreko jokatu zituzten Algortako Villamonte, Saniko eta Katea tabernetan, finalera nortzuk helduko ziren erabakitzeko. Jone Uria gailendu zen lehen txandan eta Kerman Diaz eta Imanol Uria izan zen beste bietako garaileak. Horiekaz batera, hauek izan ziren finalaurrekoetan aritu ziren gai-jartzaileak: Iñigo Kortazar, Beñat Azkargorta eta Beñat Vidal.

Finala Azebarri kultur elkartean jokatu zuten 21:30ean, aurreko faseetako irabazleakaz eta puntu gehien lortu zuten hiru bertsolariakaz. Jon Amezagak gidatu zuen saioa eta epaile-lanetan aritu ziren Araitz Lasa, Josu Arroyo, Arkaitz Gomez eta Oihan Diaz, eta idazkaria Beñat Vidal.

Bertsolariek egindako bost ariketa puntuagarriren ostean, Uriak eta  eta Diazek lortu zituzten puntu gehien, eta buruz burukoa jokatu zuten bien artean. Horien artetik Uria nagusitu zen, eta 2024ko Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako txapela jaso zuen Unai Angulo bertsolari, bertso-eragile eta ALBEkide historikoaren eskuetatik.


2024ko Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako finaleko familia-argazkia. © ALBE

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun