Nola sortu zen Getxoko Dragon Boat taldea?
LUZMA SOMARRIBA: Kantabriako piragua lehiaketa batean dragoi itxurako itsasontzi bat ikusi genuen. Nire senar Alfonso eta biok hitz egin genuen itsasontzi horretako emakumeakaz, eta azaldu ziguten bularreko minbiziko bizirauleak zirela, eta emaitza positiboak lortzen ari zirela kirol horri esker. Orduan, erabaki genuen hemengo emakumeen alde zerbait egin behar genuela. Alfonso 9 urte zituenetik piraguista denez, bion artean antolatu genuen taldea. 2021eko ekainaren 9an, dragoira sartu ginen lehendabizi: lau emakume eta Alfonso entrenatzailea ginen. Hiru hilabetean bi dragoi osatu genituen. Egun, 90 emakume izatera iritsi gara.
Zer ematen dizue kirol honek?
MERCEDES VELOSO: Batasuna, laguntasuna eta indarra guztiagaz hausteko. Ihes egiteko eta aldi berean konektatzeko momentua da. Nahiz eta batzuk tratamenduan egon, beste batzuk operatuta eta beste batzuk sendatuta, denak bat gara.
BEGOÑA MERINO: Nik ez dut bularreko minbizirik, beste minbizi mota bat dut. Taldean sartu nintzen nire medikuak arazoa dudan eremua indartzeko kirola egitea gomendatu zidalako. Zalantzakaz hasi arren, aurkikuntza bat izan zen niretzako. Kirola asko gustatzen zait eta fisikoki gehiago eskatzen dizu. Gainera, guztiok dugun borroka honetan gaixotasunaren oso bestelako ikuspegi bat ematen dizu. Arazorik gabe hitz egin dezakezu, ez duzu pena emateko beldurrik, eta beti ikusten duzu bakoitzak bere historia duela. Niri poza ematen dit. Ez zaude zure burbuilan sartuta. Kirolaren, egoera pertsonalaren eta osatzen duzun taldearen arteko konexioa eta lotura da.
L. S.: Emakumearen ahalduntzerako ere balio du. Askotan, euren burua ezer maite ez duten pertsonak datoz, eta egunez egun kirolaren eta taldearen bidez ahalduntzen ari direla ikustea benetan polita da.
Zergatik uste duzue garrantzitsua dela horrelako ekimenak egotea?
L. S.: Pertsona batzuk gaizki pasatzen ari direlako eta ez dutelako irtenbiderik ikusten. Horregatik, hemen gaude gu laguntzeko. Beti diogu berdina: hemen mundu guztia sartuko da edo ez da inor sartuko! Beraz, denok eskutik helduta goaz.
B. M.: Jende guztiari oso harrera ona egiten zaio, inolako konpromisorik gabe. Gainera, ia jende guztiak bertan geratzea erabakitzen du, eta aldaketa oso garrantzitsua gertatzen da lehen egunetik bigarren edo hirugarren egunera. Nire ustez, ia denok osasun-arazo hori izateak erakusten dizu irekitzen eta jendeari laguntzen.
Zer onura ditu kirol honek?
L. S.: Onura fisiko, psikologiko eta sozialez ari gara. Fisikoki, pala-ariketak Dragoi boat batean hobetzen ditu indarra, erresistentzia kardiobaskularra, malgutasuna eta biriketako funtzioa. Gainera, tratamendu onkologikoagaz lotutako nekea eta muskulu-masaren galera gutxitzen laguntzen du jarduera fisiko erregularrak. Arlo psikologikoan, taldeko kirol honetan parte hartzeak autoestimua, konfiantza eta motibazioa sustatzen ditu, eta antsietatea eta depresioa murrizten ditu bularreko minbizia edota bularreko minbizi metastasikoa gainditzen duten pertsonengan.
Gizarte-mailan, gure taldeak laguntza-baliabide bat eskaintzen du, emakume horiek talde bateko kide sentitzen diren heinean, eta konexio- eta laguntza-sare berriak ezartzeko aukera duten heinean, beren ingurunean eta familian onarpen sozial nabarmena duen kirol-jarduera batean daudelako sartuta. Horrek guztiak eragin positiboa du beren autoestimuan eta ahalduntze pertsonalean.
Hobekuntza fisikorik nabaritu duzue?
B. M.: Azken azterketan, onkologoak galdetu zidan ea zer aldatu nuen nire bizitzan, oso aktibo ikusten ninduelako eta fisikoki askoz hobeto nengoelako. Dragoian hasi nintzela esan nion, eta jarraitzeko esan zidan. Urtebete daramat hilero azterketak egiten, eta, orain, hiru hilean behingo azterketak egingo dizkidate. Ongizate mentalaz gain, fisikoki asko lagundu dit Dragon Boatak.
M. V.: Gorputzak berehala jasotzen du mentalki nola zauden. Horregatik, oso garrantzitsua da edozein gaixotasunerako ahalik eta jokabide onenagaz egotea. Dragon Boat-ean zoriontsuak gara.
L. S.: Kide askori medikuek kirola ez uzteko esan diete. Metastasi eta Akambi elkarteakaz batera lan egiten dugu, eta trukean bertako jendea bidaltzen digute eta dragoian sartzen dira apurka-apurka, benetan onuragarria baita euren osasunerako.
Zein proiektu dituzue orain?
L. S.: Hiru proiektu ditugu: bat bularreko minbiziko bizirauleak diren lagunentzako, beste bat minbizi eta metastasi mota guztiak dituzten bizirauleentzako eta, azkenik, parakanoa ere badugu, % 33tik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat. Esaterako, Javi dugu azken horretan: iktus bat eman zion eta denbora gutxian hobekuntza ikaragarria nabaritu zaion gizona da. Desgaitasun funtzional desberdinak ditugu eta egiten duten guztia ikustea pozgarria da. Haurrak ditugu, gazteak, jende zaharragoa. Ekainean, adibidez, gazte gorrak etorriko dira jarduerak egitera eta Dragon Boat-a ezagutzera. Beti saiatzen gara jende berria erakartzen besteek bezala goza dezaten.
Astean zenbat aldiz entrenatzen duzue?
L. S.: Astean 5 egun entrenatzen dugu, eta guztira 80 emakume gara. Orain hiru dragoi ditugu, baina bat utzi digute eta bueltatu behar dugu. Beraz, bi dragoi ateratzen ditugu entrenamendu bakoitzean. Martitzen, eguen, bariku, zapatu eta domeketan entrenatzen dugu.
Nola finantziatzen duzue proiektua?
B. M.: Nolabait autofinantzatzen da, irabazi asmorik gabeko elkartea garelako. Zuzendaritza Batzordea osatzen duten guztiek eta entrenatzaileak modu altruista eta eskuzabalean egiten dute. Halere, Getxoko Udalaren laguntza dugu, baita Berdintasun sailarena eta Bingo Naturarena ere bai. Orain babesleak behar ditugu dragoi bat gehiago ordaintzeko. Ez dugu instalaziorik, baina Udalagaz akordio bat dugu aldagelak uzteko. Halere, gimnasiorako materiala behar dugu eta lehiaketetara joateko bidaiak ere guk ordaintzen ditugu.
Saririk irabazi duzue?
L. S.: 2023ko denboraldian, Espainiako Dragon Boat-eko batzorde paraolinpikoak zilarrezko Dingonatura zigilua lortu zuen egindako lanari esker. Urrea lortzeko fisioterapeuta bat falta zitzaigun, aurten, lehen postua irabazten ahaleginduko gara.
Zerbait gehiago gehitu nahi duzue?
L. S.: Edozein pertsona ongietorria da gure taldera. Ez gara soilik minbizietan zentratzen, mota guztietako arazoetan baizik. Azkenean, denok egiten dugu ekarpena eta laguntzen dugu. Hala, lan hau egiten dugu herritarrek behar dutela ikusten dugulako: kirola egitea, laguntza eta harreman berriak behar dituzten lagun asko daude. Hutsune bat dago zoritxarrez arazo fisikoren bat duten pertsonentzako; izan ere, kirola inklusiboa ez bada, ezin dute egin.
Datorren ekainaren 9an, Euskadiko Txinatar komunitateagaz batera Dragon Boat-eko festa handi bat egingo dugu. Oraindino antolatzen ari gara, baina oso polita izango da eta sarrera librea da. Beraz, denak zaudete gonbidatuta!