Egunotan udalerriko lorategietan agertutako ezohiko zikinkeria "nahita" eragindakoa dela salatu du Getxoko Udalak, eta hori lorezaintza-zerbitzukoen grebagaz lotu du. Ildo horretan, udal-iturriek adierazi dute greban dauden beharginek astelehenetik barikura lan egiten dutela, eta lanuzteetan ez dauden langileek garbitzen dituztela udalerrietako berdeguneak zapatu, domeka eta jaiegunetan, 2014tik indarrean dagoen kontratu baten bidez. Hala, garbiketa-lan horiek "normaltasunez" egiten jarraitzen dutela zabaldu du.
Ildo horretan, Jesus Moran lorezaintza-zerbitzuko delegatu sindikalak salatu du hori "gezurra" dela, haien zeregina dela berdeguneak garbitzea egun guztietan, baita aste-akabu eta jaiegunetan ere, "kontratuko pleguetan ezarrita dagoen bezala". "Udalak aipatutako enpresa horrek inoiz ez du paperik kendu berdeguneetatik, inoiz bai, hala nola jaietan eta une jakinetan, baina, orokorrean, ez da haien zeregina", azaldu du.
Hala, udal-agintariek zabaldutakoa "lotsagabekeria" dela ondorioztatu du, eta azpimarratu du garbiketa-lan horiek haien kontratuan ezarrita dagoela. Kontuak horrela, salatu duenez, "Udala beste kontratu batera jotzen ari da gure greba oztopatzeko".
Lan-hitzarmen berri baten alde
Azken aste biotan, grebalariek hainbat elkarretaratze egin dituzte, haien egoera "ikusarazteko". Horri jarraituz, bihar, eguenean, Santa Klara jauregian batuko dira, eta lurralde-batzordean hitza hartuko dute. Horren ondoren, Moranek iragarri duenez, bilera eskatuko diote Amaia Agirre alkateari eta, "erantzunik ez badugu, Eusko Jaurlaritzara joko dugu, lan-gatazkan esku har dezan".
Delegatuak azaldu duenez, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago, eta horregatik jo dute grebara. Besteak beste, salatu du KPIAren oso azpitik dauden soldatak dituztela, eta igoera oso txikiak eskaini dizkietela, "egungo lan baldintzak okertzeaz gainera". Ildo horretan, erosahalmenari eustea eta langile-taldearen lan baldintzetan inolako atzerapausorik edo okertzerik ez egotea aldarrikatu du.
Getxo Lorategiak ABEEa da lorezaintza-zerbitzuaren enpresa esleipenduna, eta Moranek deitoratu duenez, oso "beherantz" sinatu zuen kontratua 2022ko apirilean. "Pentsa, apirilaren 1ean sinatu zuten kontratua eta, handik hilabetera, lan-hitzarmena negoziatzera gindoazenean, enpresako arduradunek esan ziguten ezin zigutela ezer eskaini, lehenengo hilabetean dagoeneko % 12ko galerak izan zituztelako", gogoratu du grebalariak.