Apirilaren 21eko hauteskundeei begira, ekitaldi politikoa egin zuen atzo, eguenean, PSE-EEk, Areetan. Bertan, besteak beste, Patricia Campelo Bizkaiko hautagai sozialistak eta Idoia Mendia lehendakariordeak parte hartu zuten. Azken horrek, ziurtatu zuen "jende fidagarria" direla, "pertsonen bizitza hobetzeko politikak, hezkuntza, osasuna, gure adinekoak zainduko dituen sistema, enplegu-aukera gehiago. Alderdi Sozialista zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta politika publiko hobeak eta indartsuagoak egin ahal izango ditugu ", esan zuen.
Bestalde, PSOEko Azterlan eta Programen idazkaria ere badenak gaineratu zuen ez duela ulertzen EH Bilduko hautagaiak "ETAren terrorismoaren biktimekiko erakusten duen hoztasun hori". Biktimek errekonozimendua eta erreparazioa behar dutela azpimarratu zuen Mendiak, "eta horrek esan nahi du heriotzak ez zirela inoiz gertatu behar. Hainbeste kostatzen al da hori esatea? Guk Euskadi duin bat defendatzen dugu, memoriaduna eta erabateko eta benetako bizikidetza duena".
Gainera, "nazionalismoen arteko lehiarekin" arreta ez galtzeko deia egin zuen, "hau ez delako lehenago iristen dena ikusteko lasterketa bat", ezta "jendearen bizitza hobetzeko botoaren botere eraldatzailea ulertu ez duen ezker horrengatik" ere. Kontrara, sozialistentzako garrantzitsuena zer den azpimarratu zuen: "Guztiontzako herri-proiektu bat eskaintzea, etorkizuna eta oparotasuna izango dituena".
Bestalde, Patricia Campelo Bizkaiko hautagai sozialistak esan zuen gobernatzen duen eta "gobernatzen dakien" ezkerra direla, "aurrerapena, aurrerabidea eta egonkortasuna bermatzen ditugunak gara, populismoek, mutur ideologikoek eta borroka eta zatiketa soziala bilatzen duen nazionalismo esentzialistaren printzipioek elkarbizitza hausteko duten arriskuaren aurrean".