Hasteko, azaldu labur-labur zer den lasterka Askatasunera egitasmoa.
Lasterka Askatasunera, maiatzaren 18an Bilboko kaleak hartuko dituen independentziaren aldeko egitasmoa da. Bizkaiko 11 gazte konpartsen eskutik antolatzen ari da (Makauen, Zizpa, Uribarriko Gazte Konpartsa, Matxingorri, Arkotxa, Kaskagorri, Pikutara, Aiko, Patxiku, Santutxuko Gazte Asanblada eta Algortako Gazte Txosna) eta 3 helburu nagusiren baitan diseinatu dugu: Bilbo Handiko 11 gazte konpartsaren arteko harremana eta elkarlana sustatzea; Euskal Herriko, eta batez ere, Bizkaiko gazteriari balio eraldatzaileetan oinarritzen den egitasmoa eskaintzea (euskalduna, feminista, auzolanean oinarritua…) zeinak kirola era osasuntsu eta lagunkoi batean sustatzeko ere balioko digun; eta euskal nazioa aldarrikatzea.
Aisialdi eredu eraldatzaile bat izan dugu ardatz, eta horretarako, egitarau oparoa mahai-gaineratu nahi izan dugu, kontsumo basatitik eta lehiakortasun ez osasuntsutik urruntzen dena. Egunean bertan, lasterketaz gain, herri-bazkaria, azoka, musika eskaintzaz eta beste hainbatez gozatzeko aukera egongo da.
Uribe Kostatik, Algortako Gazte Txosnak parte hartuko du horretan. Badago besterik? Eta, zein izango da zuen parte hartzea egitasmoan?
Bai. Uribe Kosta mailan, Sopelako Gazte Txosna eta Plentziako Danontzat Gaztetxeak ere parte hartu dute egitasmoaren zabalpenean. Aipatutako bi horiek, ordea, eskualde mailan jardun dute soilik: kirolari, kirol eta aisialdi elkarte edota herriko gazteekin harremanak egiten, esaterako. Gainera, joan den larunbatean (maiatzak 4), eskualdeko Lasterka Eguna ospatu genuen, eta horretan ere lanean ibili dira bi eragileak.
Algortako Gazte Txosna, berriz, eskualdean eragiteaz gain, Bizkaia mailan aritu da lanean. Aurretik aipatutako 11 gazte konpartsetako bat den heinean, propaganda eta harremanak bermatzeaz gain, eguneko egitarauaren antolakuntzan ibili da ere bai.
Lehiakortasun osasuntsua aipatzen duzue; zelan lor daiteke hori?
Beste eredu bat posible dela sinisten dugu, eta hori erakustera goaz maiatzaren 18an. Kontsumo basati eta egungo aisialdi ereduak erakusten duen errealitatetik aldentzeko apustua egin dugu. Hori guztia, lehiakortasun sanoa bultzatzen duen lasterketa herrikoi baten inguruan eraikiz. Izena ematerakoan, 4, 5 edota 10 kilometroko bi lasterketaren artean erabakitzeko aukera egongo da. Baina ez hori bakarrik, izan ere, taldean edo banaka apuntatu daiteke, erreleboka iritsi daiteke helmugara, mozorrotuta korrika egin, gurpildun aulkian… Edonorentzako gune segurua izateko lan egin dugu antolakuntzan. Kirolaren bidez, elkargune bat sortu nahi dugu. Horregatik, amaiera originalena, mozorrorik dibertigarriena, talderik handiena eta horrelakoak ere sarituko ditugu.
Gaur egun, kirol gehienetan dagoen lehiakortasuna kaltegarria dela iritzi diozue? Zergatik?
Bai. Gaur egun bizi dugun kirolaren panoramak ez ditu inondik inora ere Lasterkak zabaldu nahi dituen baloreak gorpuzten. Honen guztiaren adibiderik garbiena futbola bada ere, globalizazioak bultzatuta, askoz ere ohikoagoak izaten ari dira pribatizazio eta eredu ez osasuntsuetan oinarritzen diren kirol eta aisialdi ereduak. Gainera, kirolera mugatzetik haratago, aisialdiaren baitan ere hausnartu dugu. Bilboko kaleetako errealitatea aztertuko bagenu, kontsumo basatiari eta ekimen pribatuei mugatutako eredu bat aurkituko genuke, eta hori ere bada Lasterkaren helburu nagusienetako bat, gazteok eremu publikoa geure egitea.
Gazteen arteko komunitatea eraikitzen laguntzeko baliagarria dela ere aipatzen duzue. Zer egoera bizi dute gaur egun gazte konpartsek?
Aurretik aipatutako egoera honen aurrean (kontsumo basati, pribatu eta gaueko giroan oinarritzen diren aisialdi ereduak), zaila izaten da lekua aurkitzea. Askotan, biziraun behar izaten dugu horren errotuak dauden oinarrien artean. Auzoetako eta herrietako jai herrikoiek eredu hori apurtzen dute, eta gure asmoa da sentsazio eta logika horiek hedatzea.
Zein da konpartsa baten zeregina eta helburua? Denon buruan dago Bilbokoen egoera, baina, herrietan ere aktibo zaudete?
Konpartsa baten zeregina, balore eta printzipio batzuen baitan, mundu guztiarentzako seguruak diren guneak osatzea dela esango genuke. Herri eta auzoetan, modu osasuntsu batean eragiteko zeregina dugu. Horregatik, Algortako Gazte Txosnak auzoan ere eragin behar izatea beharrezko ikusten dugu. Orain, udako herriko eta auzoko jaietan eredu hauen baitan jarduteko egitasmoa planifikatzen gabiltza, eta urtean zehar ere, bestelako ekintzak osatu ohi ditugu.
Aisialdi ereduari dagokionez, badirudi dena jaiari eta alkoholari zein drogei lotuta dagoela eskaintza gehiena. Zer egin daiteke bestelako aisialdi bat eskaintzeko
Guk uste dugu horrelako egitasmoen bidez eremu publikoa gazteon esku geratzea mota hauetako eskaintzak aurrera eramateko aurrerapauso handiak direla. Ez da erraza izaten alkohola eta kontsumismo basatitik aldentzen diren egitasmoak diseinatzea, baina ideiarekin zuzen ibili garela uste dugu.
Ekimena Bilbon izango da; zelako eragina izango du horrek inguruko herrietan?
Inguruko herrietan eragitea ere helburu nagusienetako bezala identifikatzen genuen. Egitasmo hauen bidez beste modu batzuetan heldu ezin garen kapa zabalago batzuetara iristea nahi dugu, eta lortzen ari gara!