Getxoko Andra Mariko jai-batzordeak barkamena eskatu du aurtengo sanisidroak iragartzeko kartelak sortu duen minagatik: "Ez dugu asmatu, badakigu, eta inolako arazorik ez dugu hori onartzeko. Guztiok daukagu asko ikasteko, eta gu ere prozesu horretan gaude etengabe".
Jaietako antolatzaileek azpimarratu dute ez diotela inori iseka egin gura izan, "hori ez baita inoiz gure nahia izan". Ildo horretan, nabarmendu dute festak eremu seguruak eta askeak izaten segitzeko lanean jarraituko dutela, "konprometituta gaude".
Getxoko Etorkinak Plataformak manifestu bat kaleratu du egunotan Erdialdeko Amerikako herrialdeen kosmogoniaren erabilera salatzeko, are gehiago suntsitze basatia iragartzeko. Baloratu duenez, "kultura desberdinetako elementuak testuingururik gabe hartzea, nahastea eta Frankensteinen munstro moduko bat bezala zentzurik gabe batzea arrazakeria modu bat da". Era berean, plataformako kideek azpimarratu dute kartelean ageri ziren jainko horiek euren nortasunen irudikapena direla. "Gutako inor ez gara Getxoko baserriak jaten (suntsitzen) ari diren izakiak. Horrelako irudiek, jai giroan sartzen saiatzen direnek, Getxon elkarrekin bizi garen kultura batzuekiko buloak, estereotipoak eta arrazakeria indartzeko baino ez dute balio".
Ildo horretan, etorkinek azpimarratu dute Getxo ere euren herria dela, eta jaietarako kartel horrek Euskal Herrian dagoen indarkeria sinbolikoa "indartzen" duela: "Getxon bizi garen migratzaileen eta gure haurtzaro arrazializatuaren bizitza bortxatzen duten harreman kolonialak dituen sistema arrazista bati eusten laguntzen du".
Horren guztiaren aurrean, Andra Mariko jai-batzordeak barkamena eskatu du publikoki, eta bere borondatea agertu du "kolektibo eta pertsona guztiekin lan egiteko, beti bezala, eta oraingoan ere, eskua luzatzen dizuegu bide honetan ikasten eta aurrera egiten laguntzeko prest zaudeten guztioi. Eskerrik asko zuei herri hau hobea egiten laguntzeagatik".